Historia eskola «dibertigarriak» emango dituzte ostegunero ETBn

'Itxi liburuak' saioa hasiko da bihar ETB1en. Pertsona ezagun batek irakatsiko die ikasleei

Gaizka Arangurenek aurkeztuko du ETB1eko Itxi liburuak saio berria. ORIO PRODUKZIOAK.
urtzi urkizu
2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herriko pertsona ezagun batek ikasle batzuei historia eskola «dibertigarri bat» ematea; hori da ETBko Itxi liburuak saio berriaren ardatz nagusia. Lehen kateak bihar estreinatuko du programa, 22:00etan.

Aitzol Barandiaran saioaren zuzendariak nabarmendu duenez, pertsona ezagun gonbidatuak klasea emateko erronka ondo betetzeko, adi jarraitu beharko ditu Gaizka Aranguren saioko aurkezle eta historia dibulgatzaileak emandako irakaspenak. «Aurkezlearen laguntzarekin, gai historiko zehatz bati buruzko ikasketa prozesu berezi batean murgildu beharko du pertsonaia ezagunak». Modu horretara, historia modu desberdin batean ikasteko saio «entretenigarri bat» egiteko ahalegina egingo du Barandiaranek zuzendutako lantaldeak.

Orio Produkzioak ekoiztetxean aspaldian ari ziren Euskal Herriko historia erakusteko formatu egoki bat sortzeko ahaleginetan, Barandiaranek azaldu duenez. «ETBk ireki zuen azkeneko deialdi publikora aurkeztu genuen Itxi liburuak saioaren formatua, eta martxan jartzea erabaki zuten». Oraingoz, ETBk sei atal egiteko eskatu dio ekoiztetxeari.

Saioko zuzendariari iruditzen zaio Aranguren pertsona oso egokia dela saioa aurkezteko: «Aranguren komunikatzaile bikaina da, gertukoa eta umoretsua, eta historiarekin duen pasioa kutsatzen duen pertsona horietako bat da. Gonbidatuaren alderik onena ateratzeko dohaina du».

Donostia 1813an, hasteko

Biharko estreinaldian, Onintza Enbeita bertsolari eta kazetaria izango da aurreneko gonbidatua. 1813ko Donostiaren suntsiketa gaia egokituko zaio. «Arangurenek bidaia interesgarria antolatuko dio duela berrehun urteko Donostiaz, 1813ko abuztuaren 31ko gau beltzaz, bizirik geratu ziren donostiarren lekukotzez eta danborradak dituen setio garaiko osagai militarrez», iragarri du Barandiaranek. «Eta programako puntu interesgarriena izango da ikustea Enbeita, edo atal bakoitzeko pertsonaia ezaguna, ikasleen aurrean nola moldatzen den». Bestelako bitxikeriak ere tartekatuko dira Enbeitaren ikasketa prozesuan.

Datozen asteei begira, zer pertsonaia eta gai azalduko diren aurreratu du Aitzol Barandiaran zuzendariak: Iñaki Perurena harri jasotzaile ohiak historiaurreaz ikasi beharko du aurkezlearen eskutik; Garbiñe Biurrun epaileak Juan Sebastian Elkanoren lehen mundu biraren ingurukoak; eta Jon Maia bertsolariak Amaiurko gazteluari (Nafarroa) buruzkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.