2022an hasi zuten BTN bideopodcasta Haizea Aranak, Oihana Aranak eta Aner Euzkitzek, eta, bide oparoa egin ondoren, iragarri dute «deskantsua» hartuko dutela. «Mimoz eta gustuz egindako lana izan da, baina bukaera bat behar zuen», erran dute taldekideek, eta halaxe itxi dituzte platoaren ateak. Oraingoz, bederen, ez dakite seguru itzuliko ote diren.
Forma eta gai anitzetakoa izan da BTN; hasiberritan, Bertsolari Txapelketa Nagusiaz solastatzeko piztu zituzten mikroak. BTN podcastak, baina, bertze esanahi bat zuen: «Berezkoa Ta Naturala». Saioen irakurketak egiten zituzten, plazak aztertuta eta behar ziren ertzak zorroztuta. Txapelketa bukatu eta gero Señora Sariketaren jarraipena egin zuten, eta 2023ko abenduan hasi ziren azken bertsioarekin.
Guztira 24 saio egin dituzte, baina, azkenaldian, gonbidatuak ekartzen zituzten saioetara. Ez dira bertsolaritzarekin hertsiki lotutako saioak izan; aitzitik, eztabaidagai anitz ekarri dituzte ahora. Kritiko eta umorez aritu dira, eta, bertzeak bertze, Onintza Enbeita, Xabier Amuriza, Aiora Zulaika Pirritx, Odei Barroso, Edurne Azkarate eta Danele Sarriugarte gonbidatu dituzte saiora.