Hiru haurretik batek ikusi du aurten 'Go!azen' ostiraletan ETBn

ETB1eko telesailaren denboraldia gaur amaituko da. Kontzertuek maiatzera arte jarraituko dute

ETB1eko Go!azen telesaileko aktore gazteak. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Urteak joan eta urtean etorri, haur euskaldunen fideltasuna lortu du ETB1eko Go!azen telesailak. Gaur gauean amaituko da fikzioaren bederatzigarren denboraldia, eta aurten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haurren %30,9k jarraitu dute telesaila ostiral gauetan. Dena den, gero eta gehiago dira beste momentu batean Go!azen ikusten dutenak. Xabier Zabaleta telesaileko gidoilari eta ekoizle eragileak nabarmendu du telesailak harrera «oso ona» duela. «Baina gero eta nabariagoa da emisio linealak indarra galdu duela». Ikusleen ia %30ek modu «ez-linealean» ikusi du aurten telesaila.

Nabarmentzekoak dira, esate baterako, Youtubeko datuak. Plataforma horretan telesailaren atalek denboraldi honetan 246.903 ikustaldi izan dituzte. «Abestien bideoak eta sortu ditugun beste bideo bereziak batuz gero, 1.100.000 ikustaldi baino gehiago izan dira», zehaztu du Zabaletak.

Interneteko sare sozialetan ere jarraitzaile ugari ditu Pausoka ekoiztetxearen telesailak: Instagramen, 14.680 jarraitzaile; Tiktoken kopuru hori gainditu berri dute; eta gailu eramangarrietarako aplikazioak 20.000 erabiltzaile aktibo baino gehiago ditu.

Beste alde batetik, Zabaleta «oso pozik» dago Go!azen-en paperezko aldizkariek eta liburuek duten harrerarekin. Aldizkariaren zenbaki bakoitzeko 4.000-5.000 ale artean saltzen dituzte. Eta azaroan argitaratu zen liburu berriaren beste 4.000 ale saldu dituzte. «Aita moduan, etxeko neska-mutikoek irakurzaletasuna bultzatzea oso garrantzitsua iruditzen zait», esan du Zabaletak. «Mota horretako eduki tradizionalek egun interesa pizten jarraitzea oso pozgarria da guretzat».

Go!azen-en denboraldiko azkeneko atala Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Le Select zinema aretoan proiektatu zuten atzo arratsaldean, Herri Urratsen aldeko ekitaldi berezian.

Kontzertuak herrietan

ETB1eko hurrengo denboraldian Go!azen-ek bere tokia mantenduko duela ziurra da. Zabaletak azaldu duenez, hamargarren denboraldirako ideia nagusiak badituzte dagoeneko. Laster hasiko dira aktoreen hautaprobekin.

Horrez gain, datozen asteetan Go!azen-eko aktoreen kontzertuak ikusi ahalko dira Euskal Herriko herri ugaritan. Bihar bertan, Saran (Lapurdi) emango dute kontzertua; hilaren 11n, Azkoitian (Gipuzkoa) kantatuko dute; 12an, Gernikan (Bizkaia) —sarrerak agortuak daude—; 18an, Zornotzan (Bizkaia); 19an, Sopelan (Bizkaia); eta 25ean, Donostiako Kursaalean. Martxoan eta apirilean ere makina bat kontzertu emango dituzte, eta maiatzean amaituko dute bira.

ETB1eko ostiral gauetan, berriz, Irabazi arte telesailaren bigarren denboraldiak beteko du Go!azen 9.0-k utzitako lekua. Nesken futbol talde bat da fikzio horren protagonista. Familia osoarentzako telesaila da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.