Udazken honetako hastapenetan 30 urte bete ziren ETB1 Iparraldearen orena albistegi saioa ematen hasi zenetik. Hiru hamarkada joan dira, eta programak egunero jarraitzen du Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako albisteen berri ematen.
Allande Boutin kazetaria izan zen lehen arduradun, aurkezle eta berriemailea. Ondotik, lekukoa hartu zuten Guillaume Irigoienek, Inma Alvarezek eta Franck Dolosorrek. Iazko irailean utzi zuen ETB Dolosorrek, eta, orduz geroztik, Nerea Olaso da koordinatzailea. Iparraldearen orena-ren urteurrena ospatzeko, erreportaje bat osatu zuten denen artean —EITB.eus-en da ikusgai—.
Olasok nabarmendu du egungo lantaldeak harreman handia duela iraganean saioan aritu zirenekin. «Ez ginen orain arte inoiz elkartu, eta oso hunkigarria izan zen», aipatu du.
ETB1eko saioak izan ditu etenak bere historian; hau da, ez dute 30 urtez etenik gabe eman, zenbait denboralditan Iparraldeko informazioa beste saio batzuetan txertatzen baitzuten. Hala ere, Olasok nabarmendu du gaur egun bakarra dela bere formatuan euskaraz. «Duela 30 urte gauza handia izan zen Iparraldearen orena sortzea. Eta gaur egun, 30 urte geroago, Iparraldeko aktualitateaz egunero aritzen den telebista saio bakarra da Iparraldearen orena».
Kanaldude telebistak ez du albistegirik, aktualitatea beste modu batean ematen du. France3 Euskal Herrik, berriz, hilean behin egiten du albistegia osorik euskaraz. Olasok zera ohartarazi du: «Iparraldearen orena ez egotea galera handia litzateke euskararentzat».
Luis Alberto Aranberri Amatiño-k Eibar.org-en idatzi duen moduan, Iparraldearen orena da 30 urteren ostean indarrean den hiru programarik zaharrenetako bat, Gaur egun eta Teleberri-rekin batera.
«Tokiko albistegien balioa»
ETBko ikus-entzuleentzat, emankizun aproposa da Iparraldearen orena Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gaien berri izateko. «Ezinbesteko saio bat da», dio Olasok. «Sarritan, gutxietsi egiten ditugu tokiko albistegiak, baina tokiko gaiek garrantzi handia dute». Saioko koordinatzaileari iruditzen zaio askotan New Yorkera, Bruselara edo Txinara egoten direla begira euskal komunikabideak. «Askotan gehiago ezagutzen dugu atzerrikoa, gure herria baino». Olasoren irudikoz, Hego Euskal Herriko ikus-entzuleek askoz gehiago dakite Madrilgo edo Bartzelonako alderdi politikoen tirabirez Iparraldeko politikaz baino. «ETBko albistegietan lehentasuna izan beharko luke Euskal Herri osoan gertatzen denak», iradoki du kazetariak.
Iparraldearen orena-ri sarri aldatuko diote ordutegia (15:05ean da egun). «Kalte egiten digu horrek, ikusleak fidelizatzea zaila baita». Bestetik, Olasok nabarmendu du hamar minutuan 6-10 ahots artean izaten dituztela euskaraz hizketan. «Ez zaio horri nahikoa balio ematen, eta garrantzitsua da».
Hiru hamarkada Iparraldeari buruzko informazioa ETBn ematen
ETB1eko 'Iparraldearen orena' albistegiak 30 urte bete ditu. Nerea Olasok gidatzen du egun

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu