Hiru geltoki, itsasertzetik eragiteko eta mugak hausteko

ETB1ek hurrengo hiru asteazkenetan emango ditu 'Vikingak' saioaren azkeneko atalak, 22:30ean. Zortzi atal izan dira ototara

Erika Olaizola, Amancay Gaztañaga eta Zuriñe Hidalgo, Vikingak saioko protagonistak. ETB.
Miren Mujika Telleria.
2022ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Hara eta hona mugitu dira furgonetan, Euskal Herriko jende ugari biluztu dute, eta agerian jarri; ohikoa ez dena ezagutarazi eta hausnartzeko bidezidorrak eratzeko. Hala aritu dira, batetik bestera, Vikingak: Erika Olaizola, Amancay Gaztañaga eta Zuriñe Hidalgo. Era horretan josi dituzte, beraz, zortzi kapitulu ETB1en. Lauko bi sortatan banatu dituzte atalok, eta, eten baten ondotik, aste honetan iritsi da pantailetara bigarren sorta ere.

Izan dira, besteak beste, Deban, Zarautzen eta Pasai Antxon (Gipuzkoa). Asteazkenean, berriz, Bizkaiko kostaldea zeharkatu zuten. Ikusteko dagozer bazter geratzen zaien nahasteko. Olaizolaren hitzetan, «gogo handiz» hartu dute atsedenaren osteko hastapena ere. Nabarmendu du, baina, lan polita bezain nekeza izan dela. «Horrelako proiektu batek grabaketa ordu asko eskatzen ditu. Pentsa, denborarik ere ez dugu izan lasaitu eta honetatik ondorioren bat edo ikasketaren bat ateratzeko».

Haiek dira protagonista, hezur eta mami. Finean, euren esperientziatik hitz egiten dute; inongo pertsonaiarik sortu gabe. Hidalgok zera dio: «Hiru horiek gu gara, gure poz eta drama. Publikoaren aurrean biluzi gara, eta horrek nolabaiteko bertigoa ematen du; konplexuak ere azaleratzeraino». Konplexuak konplexu, adierazi du pozik daudela saioak orain arte izan duen harrerarekin. «Gustura gaude; uste dugu beharrezkoa zela azaleratu ditugun gaiak mahai gainean jarri eta telebistara ekartzea».

Izan ere, telebistan ohiz kanpokoak diren askotariko gaiak jarri dituzte saioaren erdigunean; gizarteak tabutzat eta estereotipatutzat dauzkan auziak, hain zuzen; esaterako, desira,bihozkadak, manikura egiten duen mutil baten lekukotza... Horiekin guztiekin haustea izan dute abiapuntu, nahiz eta, aukeran, «gehiago hautsi» nahiko lituzketela azaldu duen Gaztañagak. «Hala ere, ederra da telebistan horrelako gauzei buruz hitz egin ahal izatea».

Nolanahi ere, izan da sare sozialetan saioaren gaineko kritikarik. Izan ere, haien lana gaitzetsi dute zenbaitek Twitter bidez, zalantzan jarriz egin dutena lan gisa hardaitekeen. Hirukoteak badu, noski, iruzkin horientzako erantzuna: «Askok esan digu ederki pasatzen dugula lanean, barreka egoten garela une oro. Disfrutatu, disfrutatu dugu, noski, baina ikaragarria da nolako lana den horrelako proiektu bat sortzea eta hori telebistara eramateko grabaketak egitea», esan du Gaztañagak. «Elkarrizketatu ditugun pertsonak guk kokatu ditugu gure bidean; gipuzkoar bat Arabaraino eraman genuen, esaterako. Horrek balio handia du, eta ederra izan da hori lortzea».

Haiena izan zen, oso-osorik,saioaren ideia ere, eta erronka moduan hartu zuten hasieratik. Gaztañagak eta Olaizolak badute eskarmentua zuzendaritza lanetan, zenbait antzezlan eta film labur zuzendu baitituzte aurretik. Aldiz, lehen aldia izan da telebistako saio bat zuzendu dutena. Karlos Trijuequerekin batera osatzen dute saioaren zuzendaritza, eta Kepa Errasti aritu da, gehienbat, gidoilari.

Azken hiru saioak

Saioaren amaierarako hiru saio geratzen dira, beraz. Olaizolak aurreratu du oraindik gelditzen dela nahikoa arrazoi asteazkenetan 22:30ean ETB1 pizteko. «Desberdina da sortu dugun programa bakoitza; askotariko izaera dute. Baina egia da hasi berri den denboraldirako hartua geniola neurria grabaketen dinamikari». Hala ere, azpimarratu du hori ez dela igarriko.«Lehengoen bidetik jo dugu, baina saioak desberdinak dira elkarren artean. Guk, behintzat, orain datozenak helduagoak direla sentitzen dugu, nolabait». Gaztañagak zera uste du: «Gure beste alderdi bat erakutsiko dugu denboraldi berri honetan».

Pozez dago hirukotea, baina badute saioa bukatzen ari delako pena ere. Hidalgok hala azaldu du: «Bidaia polit hau iristen ari da bere amaierara. Irri egin dugu, baina baita negar ere. Pena da zerbaiti amaiera eman behar izatea hain justu tamaina hartu diozunean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.