Astero ohi duenez, Primeran plataformak eskaintza handituko du. Filmak, streaming bidezko emanaldiak, dokumentalak... denetik ikus daiteke iazko irailean sortutako plataforma digitalean. Gaurtik aurrera, bi telesail eta film bat gehiago ikusi ahalko dira, hirurak euskarazko azpitituluekin: Den-dena eta Eva, Hiltzaileak, eta Hilma. Aurreko astean bezala, Europa iparraldeko ikus-entzunezkoak dira hirurak, Viaplay plataforman sortutakoak.
Den-dena eta Eva lana Johanna Runevad zuzendari suediarrak sortutakoa da, aurten estreinatutakoa. Telesailak Evaren istorioa kontatzen du. Eva Kopenhagera joango da, intseminazio artifizialaren teknika baliatzeko. Han, intseminazioaren aurretik, esperma emailearen bila joango da, debekatuta dagoen arren; horrela ezagutuko du Mads, emailea. Haien artean harremana sortuko da, baina Madsek ez daki Evak bere esperma baliatu duela haurdun gelditzeko. Bien arteko harremana maitasunera hurbildu ahala, Evari hainbat kezka sortuko zaizkio, gezurra esan baitio Madsi. Lehenengo denboraldiak sei atal ditu, bakoitza 47 minutukoa. Drama generokoa da, baina umore ukitu nabarmenak ditu. Tuva Novotny aktoreak egiten du Evarena, protagonistarena, eta Joachim Fjelstrumek Madsena.
Bigarren telesaila Hiltzaileak da. Polizia telesailen kutsua du, protagonista polizia hasiberri bat baita, Keller. Helburu bakar bat dauka gazteak: aita aurkitzea. Aita, polizia erretiratua, hamahiru hilabete lehenago desagertu zen, eta oraindik ez dute lortu aurkitzea. Ikerketa betean, aitarekin zerikusia duten gauzak aurkituko ditu, eta aita gauza txar askorekin harremanetan jarriko dute horiek guztiek. Era berean, Kellerren ama ere atxilotuko dute, aitaren hilketarekin lotura duelakoan, baina Kellerrek argi dauka norbaitek behartuta aitortu duela amak istorioa. Kristoffer Rus zuzendari poloniarrak zuzendu du telesaila, eta 45 minutuko sei atalez osatuta dago.
Azkenik, Hilma filmak osatzen du uztaileko azken-aurreko asteko estreinaldien zerrenda. Aurreko astean Edvard Munchen bizitza kontatzen duen film bat iritsi zen Primeran plataformara, eta gaur, berriz, Hilma af Klinten txanda izango da. Pintura abstraktuaren aitzindarietako bat izan zen Klint, baina, beste hainbat artistak bezala, ez zuen merezitako aitortzarik jaso hil zen arte. Lasse Hallstrom zuzendariak Suediako artista garrantzitsuenetako baten gisan aurkeztuko du filmean. Lena Olinek eta Tora Hallstromek jokatzen dute Klinten rola —bigarrenak, gaztaroan—. Filmak 120 minutu irauten du.