Xake Produkzioak taldeko antzerkigilea da Kepa Errasti (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1981). Ttap aldizkariaren enkarguz murgildu da Gorabeherak websailaren sorkuntzan. Premisa bakarra eman zioten: «igogailuaren ideia». «Umorezko fikzio bat nahi zutela ere esan zidaten». Bost atal izango dira, oraingoz.
Igogailuaren ideiatik abiatuta, zer irudikatu zenuen Gorabeherak websailerako?
Zera bururatu zitzaidan: hilda dagoen jendea sartzen dela igogailuan, infernura edo zerura eramaten duen igogailuan. Ezaguna den jendea irudikatu nuen, ematen duelako aukera atal bakoitzean pertsonaia desberdin bat ikusteko. Pentsatu nuen beti bi aktore egotea: batek beti pertsonaia berajokatzea, eta, besteak, hilda dauden pertsonaiak.
Nerea Arriolak egiten ditu pertsonaia desberdin horiek. Lehen atalean, Mikel Laboarena egin zuen. Nolakoak izango dira hurrengo pertsonaiak?
Denetik. Hasieran, kanpoko erreferentziak etortzen zitzaizkidan. Baina Euskal Herrikoak ere sartu nahi izan ditugu. Gaurkoatalean, Marilyn Monroe aktorearena egingo du Arriolak.
Hasierako bost atalen ostean, gehiago etor al daitezke?
Ez dakigu. Emango lukeela argi dago; are gehiago, konfinamendu egun hauetan, pertsonaia berrietan pentsatzen aritu naiz; gehiago egiteko aukera emango baligute, gidoietan lana aurreratua izateko. Egoerak erraz etortzen zaizkit burura.
Zure pertsonaia, berriz, igogailuko zaintzailea da: Ramon. Nola eraiki duzu?
Bitxia iruditu zitzaidan garai batean igogailuetan egoten ziren zaintzaileak. Botoiari eman, eta dirua kobratu baino ez zuten egiten. Bilbon, Begoñara igotzeko igogailuan, halako langile bat topatu nuen duela gutxi. Ramonen jantziek, bestalde, estetikoki indarra dutela iruditu zitzaigun.
Ttap aldizkariko arduradunek esan dute «ilusio handia» dutela websailarekin.
Bai, ni ere sekulako ilusioarekin nago. Baliabide egokiak ditugu, gainera, proiektua aurrera eramateko. Gozamena da horrela lan egin ahal izatea .
Next Station egitasmora aurkeztu zenuen websail baten proiektua. Zer iruditzen zaizkizu halako egitasmoak?
Normalean, oso zaila da websail batekin soldata bat kobratu ahal izatea. Dedikazioa eskatzen dute, eta, askotan, ez duzu bueltan konpentsazio ekonomikorik. Next Station moduko egitasmo batek sortzaileen lanari balioa ematea dakar. Gorabeherak websailaren kasuan, 2deo laborategiaren laguntza bat dago tartean.
Euskarazko telesailei dagokionez, ETAko kide batena egin zenuen Ihesaldia telesailean.
Ezusteko ona hartu nuen Ihesaldia-rekin. Ikusi nuenean, esan nuen: «Jo, ze ondo horrelako euskarazko telesail bat egin ahal izatea». Aurrekoa Eskamak kentzen izan zen, eta hiru urte eta erdi ziren ez zela helduentzako telesailik egiten. Alardea egiten ari dira orain, eta ea gehiago egiten diren. Bestalde, pena da ikusle datuen menpe egon behar izatea horrelako fikzioak egiteko.
Zer estilotako telesailetan parte hartuko zenuke?
Umore zinikoa eta beltza duen telesail batean gustura parte hartuko nuke, eta mezuren bat duena.
Koronabirusaren krisia eragin zuzena izaten ari da kultur arloan. Nola ikusten duzu egoera antzerkian aritzen zaretenontzat?
Emanaldi ugari bertan behera gelditu dira, ez dakigu zer gertatuko den gero emanaldi horiekin. Sorkuntzan dauden antzezlanekin ere zer gertatuko den ez dakigu. Xake taldearekin Fadoak entzuten zuen gizona antzezlanaren entseguak ekainean hasteko asmoa daukagu, baina auskalo.
Kepa Errasti. Antzerkigilea eta aktorea
«Hilda dauden pertsonaiak sartzen dira gure igogailura»
Martxoaren 20an estreinatu zuen 'Ttap' aldizkariak 'Gorabeherak' websaila, eta, gaur, bigarren atala estreinatuko dute. Errasti da gidoilaria, zuzendaria eta bi aktoreetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu