Hertzainak-en kontzertua, «gonbidatu berezi» baten gisan

Taldeak gaur emango duen kontzertua zuzenean ikusi ahalko da ETB2n eta 'Eitb.eus'-en

Ezkerretik eskuinera, Iñaki Igon Garitaonaindia Gari, Josu Zabala eta Javier Sainz Txanpi, Hertzainak-eko kideak. BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Gaur izango da Hertzainak taldearen agur birako lehen kontzertua. Barakaldoko BECen izango da, eta EITBk jarraipen berezia egingo dio kontzertu horri. 80ko hamarkadako talde horrek bere kanturik ezagunenak joko ditu bai BECeko ikus-entzuleei, baita etxean daudenei ere. ETB2n eta www.eitb.eus webgunean zuzenean emango dute kontzertua.

Taldeak Azkena gure alde bira aurkeztean, EITBk «segituan» eskaini zion lankidetza Hertzainak-i. «Gure medio tradizionaletan momentu hori gorde behar genuela iruditu zitzaigun», azaldu du Itziar Arangurenek, EITB Lab laborategiko langileak.Laborategi horrek kudeatzen du, besteak beste, kontzertuaren telebistako emanaldia.

Ekitaldiaren maila berean egongo den zerbait eskaini nahi diote ikusleari, eta 360 graduko kamerekin filmatuko dute kontzertuaren zati bat. Bideolan enpresa arduratuko da horretaz. Lau kamera egongo dira, bi eszenatokian eta beste bi jendearen artean, eta hiru kanta 360 graduko teknologiarekin filmatuko dituzte. Igande eguerdian argitaratuko dituzte teknologia horrekin egindako bideoak, EITBren Youtubeko kanalean. «Kontzertura etorri ezin izango den jendeak gonbidatu berezi baten gisan bizi ahalko ditu kanta horiek», kontatu du Arangurenek. Sakelakoetan, erabiltzailearen mugimenduen arabera erakutsiko dira irudiak 360 graduko perspektiban. EITB Lab laborategiko langilearentzat, kameren tamaina da deigarriena: «Izugarri txikiak dira egiten duten lan handirako!».

Kamera berezi horiez gain, hamahiru kamera finko ere egongo dira, kontzertua zuzenean emateko. Berezitasun gisa, urrutitik gidatutako kamerak izango dira; ez da kameraririk egongo kamera bakoitzaren atzean. Bestalde, burubero deitzen dioten kamera ere erabiliko dute. Eszenatokiaren oinetatik ikusleen artera travellinga egingo du kamera horrek. «Telebistako errealizazioa eta produkzioa izugarriak izango dira; horretan lan egiten duen taldea oso ohituta dago horrelako gauzak egitera», gehitu du Arangurenek. Guztira 30 bat profesional egongo dira.

Euskara mundu digitalera

EITB Lab laborategiak komunikazio digitalak eta euskarazko edukiak beste hartzaile batzuengana gerturatzea du helburu: gazteengana, hain zuzen. Horretarako, esaterako, errealizazio teknika berritzaileak erabil daitezke, hala nola 360 graduko kamerak. «Aukera ona da euskal kontzertu bat unibertso digitalean egoteko», esan du Arangurenek.

Esperimentu bat izango da gaurko kontzertua EITBrentzat, horrelako teknologia erabiltzen duen lehen emanaldia izango baita. Baina ondo ateratzen bada, eta jendeari gustatzen bazaio, Euskal Herriko beste ekitaldi garrantzitsu batzuetan erabiltzeko aukera aztertuko dute, EITB Lab laborategiko langileak azaldu duenez: «Toki askotan erabil daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.