Duela hamabost urte FesTVal jaialdia sortu zutenen artean dago Joseba Fiestras (Gasteiz, 1968). Hutsik egin gabe, jaialdia zuzendu du urte horietan guztietan.
Mediaset taldea jaialdira itzuliko da. Nola iritsi da erabakia?
Enpresako estrategiagatik erabaki zuten jaialditik joatea, eta arrazoi berberagatik erabaki dute orain itzultzea. Urteotan harremanari eutsi diogu Mediasetekin, eta itzuleraz hitz egiten ari ginen azkenaldian; pandemiak atzeratu egin zuen itzulera hori, baina aurten gauzatu da.
Mediaseten itzulerak ekarri du jaialdiak egun bat gehiago izatea. Hala esan duzu berriki.
Mediaset bezalako talde bat izateak eduki gehiago egotea dakar. Iaz nahikoa estu geunden, eta horregatik erabaki dugu jaialdiak egun bat gehiago izatea.
Zein erronka nagusi dituzue hamabosgarren urte honetarako?
Kalea berriro konkistatzea. Iaz ere erronka hori genuen, baina oraindik beldurra zegoen pandemia ostean. Herritarrek gehiago parte hartuko dute aurten berriro, eta kalean ekitaldi asko egingo ditugu. Telebista jeneralistak gurekin izatea nahikoa aurrerapena da. 20. urteari begira, nazioartekotzea egon daiteke hor.
AEBetako plataforma handiak ez dira Gasteizen egongo, baina urte batzuetan Netflixek eta Amazonek parte hartu dute. Nolako harremana duzue haiekin?
Harremana zoragarria da. Aurten ere haietako batzuk etortzekoak ziren, baina plataformek beren egutegiak dituzte, eta ondo egokitu behar zaie edukiak jaialdian aurkeztea. Etorkizunean parte hartuko dutela esango nuke.
Telebista konbentzionalak ba al du etorkizunik?
Bai, zalantzarik gabe. Telebista kontsumitzeko beste modu bat sortu da, batez ere fikzioan; jada ikusleak aukeratzen du noiz eta nola ikusi nahi duen bere telesaila. Baina entretenimenduan telebistak bere indarra erakusten jarraitzen du. Uda honetan Gran Prix saioak TVEn izan duen arrakasta horren erakusgarri da.
Nola ikusi duzu Gran Prix-en itzulera?
Nostalgia ondo saltzen da. Formatu bat ona denean, zaindua dagoenean, eta maitasunez berriro egiten denean, arrakasta lor dezake. Gran Prix zuria da, familia osoarentzat, eta telebista publiko batentzat egokia.
TVEk hilaren 8an Gasteizen aurkeztuko du Conquis, ezta?
Bai, jakin-minez gaude ea Espainian nola hartzen duten formatua. Formula oso gogokoa dut, tranparik gabeko reality bat iruditzen zait, eta oso ondo egina dago. Esan izan didate euskal herritarrak erotuta gaudela Conquis dela eta. Susmoa dut TVEko bertsioa ondo joango dela.
ETBk reality berri bat aurkeztuko du Gasteizen: La Caza.
Bai, astelehenean aurkeztuko du, jaialdiko lehen estreinaldia izango da. La Caza Juanma Lopez Iturriagak gidatuko du, eta badirudi ezer ez dela izango espero dugun moduan: gidoian eta probetan ezustekoak egongo dira... Iruditzen zait publiko gaztea kateatuko duela.
ETBk hilaren 6an aurkeztuko du programazio berria, Gasteizen bertan. Horrez gain, irailean Primeran plataforma jarriko du martxan. Plataforma horren berrikuntzak Gasteizen aurkeztu ahalko dira datozen urteetan?
Bai, noski. Nabarmenduko nuke ETBk asmatu egin duela plataforma hori sortzen. Garrantzitsua da ETBk ez galtzea modernitatearen trena. Plataformak leiho bat irekiko du beste publiko batentzat, eta belaunaldi berriengana iristeko aukera ere bai.
Hamabost urteren ostean, gaur egun nola dago FesTVal jaialdia?
Telebista oso bizkor aldatu da, eta urtero zerbait desberdina dago: hasi ginenean, analogikoa zen; gero, dena digitala, kateen bat egiteak egon ziren, plataformak iritsi ziren... Eta urtero jaialdia desberdina da. Hasi ginenean zinema jaialdiek goitik begiratzen zioten telebistari, baina orain telesailei irekitzen diete atea. Guk, ordea, telebista osoari egiten diogu kasu, eta horrek egiten gaitu bakanak. Duela hamabost urteko ilusio bera dugu, bide eta abentura berrietara zabalik gaude, eta pixkanaka hazten goaz.
Joseba Fiestras. FesTVal jaialdiko zuzendaria
«Herritarrek gehiago parte hartuko dute aurten berriro»
FesTVal jaialdiaren hamabosgarren aldia egingo dute datorren astean, Gasteizen. Lehen egunean, ETBk 'La Caza' aurkeztuko du. Fiestrasek esan du aldi bakoitza desberdina dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu