'Herrietako', ekitaldiak zuzenean emateko egitasmoa

Josan Aramaiok sortu du 'Herrietako' aplikazioa. «Modu sozialean» egin nahi ditu emanaldiak. Baina kostatzen ari zaio baiezkoak jasotzea.

Josan Aramaio 'Herrietako' egitasmoaren sortzaile eta arduraduna. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Josan Aramaio 'Herrietako' egitasmoaren sortzaile eta arduraduna. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko otsailaren 27a
05:00
Entzun

«Garai bateko tokiko telebistetara itzultzea da, baina TB sare sozial formatuan», dio Josan Aramaiok Herrietako izeneko egitasmoaren inguruan. Android sisteman deskargatu daiteke aplikazioa, eta herrietako ekitaldiak zuzenean emateko sortu du —Aramaio bera da proiektuaren arduradun nagusia—.

Emanaldiak «modu sozialean» egin nahi dituela nabarmendu du Aramaiok: «Asmoa da jendeak ekitaldiak elkarrekin ikustea, eta gertatzen dena komentatu ahal izatea. Zuzeneko txat batzuk daude, eta herritarrek hor hitz egin dezakete ikusten ari direnaren inguruan».

«Sare globaletan oihartzunik ez duten kultur eta kirol emanaldiak zuzenean eman nahi ditugu», azaldu du egitasmoaren sortzaileak. «Batez ere zabalpenik izaten ez duten ekitaldientzat da». Hain zuzen ere, «garai bateko tokiko telebisten esperientziara» itzuli nahi du Herrietako-k, «tokikoek hasieran zuten martxara». Tokiko telebistak sortu ziren urteetan tresneria eta teknologia garestiagoak ziren. «Telebista eredu sinpleago bat proposatu nahi dut orain. Baina ez dut telebistaren formatu osoa eman beharrik».

Mutrikun eta Getxon

Aramaiok azaldu du azkenaldian ate asko jo dituela, eta ezezko asko jaso. «Ez dut diru laguntzarik jaso orain arte. Eusko Jaurlaritzak ez dit laguntzarik eman. ETBk ere ezezkoa eman dit. Eta beste erakunde batzuek ere beste alde batera begiratu dute; udalen burokraziak, adibidez, ateak itxi dizkio Herrietako-ri».

Aldiz, kirol ekitaldi batzuk emateko aukera izan du Herrietako-ren bitartez. Mutrikuko (Gipuzkoa) futbol taldeak baiezkoa eman dio, eta talde nagusiaren partidak emango ditu. «Taberna batek ere iragarri du Herrietako jarriko duela, bezeroek partida horiek telebistan zuzenean ikus ditzaten». Getxoko (Bizkaia) Saniko Buruz Buruko pilota txapelketa ere eman zuen Herrietako-k. «Inguruko taberna batzuek ere eman zuten, eta halakoetan jendea biltzen da. Zuzeneko horiekin, jendea elkartu egiten da kirol ekitaldiak ikusteko».

Aramaiok argi du zabalpen txikia duten tokiko ekintzei emango diela lehentasuna. «Halakoetan, herrikoak bihurtzen dira protagonista, herriko jendearen jarraipena egiten da. Gainera, mugitzeko arazoak dituzten adinekoek eta kanpoan bizi direnek ere ikus dezakete beren herrietan zer gertatzen den. Haien herriko euskaran, gainera». Tokian tokiko euskara erabiltzea du xedetzat arduradunak. «Euskara batuan egin nahi duenak egin dezala, noski».

Herrietako-k Youtube Live izeneko atariarekin eta streaming emanaldiak egiten dituzten kanalekin ditu antzekotasunak. Eta baditu berezitasunak: «Google Maps moduko batean aurkeztuta ageri da emanaldia. Horrekin ikusgarritasun handiagoa lortzen da, eta dena eskuragarriago dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.