'Herria' astekariak berrikuntzak aurkeztu ditu

«Gaztetzeko» gogoarekin hasi du hedabideak 2025. urtea. Sare sozialen bidez eta paperezko diseinu berriaren bidez, irakurle gazteagoengana iristea espero dute.

'Herria' astekaria
'Herria' astekariko prentsaurrekoa, arratsaldean, Uztaritzen. GUILLAUME FAUVEAU
julene muruaga
Uztaritze
2025eko urtarrilaren 16a
17:33
Entzun

Herria astekariaren 80. urtemugaren harira, astekariko langile eta boluntarioek azken hilabeteetako berritasunak aurkeztu dituzte, baita 2023ko azaroan EEP Euskal Erakunde Publikoarekin egin zuten harpidetza kanpainaren emaitzak ere, eta hurrengo hilabeteetan egin nahi dutena. Eguerdian egin dute ekitaldia, eta han izan dira, besteak beste, Menane Oxandabaratz administrazio kontseiluko kide eta idazleburu ohia, Peio Jorajuria elkarteko burua, Ainhoa Etxenike idazleburu berria, Jean-Mixel Barbier administrazio kontseiluko kidea, eta, horien inguruan, Herria-ko hamar bat laguntzaile.

2023ko azaroan, Ipar Euskal Herrian euskararen erabilpena garatzeko prozesu batean zirela ikusita, EEPk Herria elkartearengana jo zuen. Harpidetza kanpaina bat egitea adostu zuten, eta, hala, 2023ko azarotik 2024ko ekainera arteko harpidedun berriek 17,50 euro ordaindu zuten —70 euro ordaintzen zuten orain arte—; EEPk urteko harpidetzaren %75 diruztatu zuen. Zortzi hilabeteko kanpainari esker, astekariak 112 harpidedun berri lortu ditu. Egun, 1.594 harpidedun dituzte.

Etxenikek, iaztik Herria-ren idazleburu denak, azken hilabeteetan egin dituzten aldaketak aurkeztu ditu: «Herria astekariak gaztetzeko hautua egin du». «Gaztetzeko» lehen urratsa zera izan da: sekula erabiliak izan ez ziren sare sozialak berreskuratzea eta hats berri bat ematea; Facebook eta X sareei, zehazki. Instagrameko kontua lehen aldikoz sortzea ere erabaki dute. Sare sozial horien bidez, paperean irakur daitezken gai batzuen zatiñoak zabaltzen dituzte, publiko gazteago batengana iristeko.

Elkarlanean

Horrez gain, Bada gazteen komunikabidearekin abiatu duten elkarlana aipatu du Etxenikek: 2024ko urrian, Bada-k Herria-ri buruzko erreportaje bat grabatu, eta sare sozialetan hedatu zuen; horren ondotik, bien arteko elkarlana hastea erabaki zuten. Astero, Herria-n agertzen den gai bat hartu, diseinu propioa egin, eta sareetan zabaltzen du Bada-k. Kazetako idazleburuak bi hedabideen kolaborazioz hitz egin du: «Sinbolikoki elkarlana polita da, Euskal Herriko hedabide gazteena eta zaharrena elkarlanean ari baitira».

Sare sozialak berritzeaz gain, paperezkoan ere zenbait aldaketa egin dituzte. Lehenik eta behin, 2025eko urte berria aitzakiatzat hartuta, paperezko diseinua aldatzea erabaki dute; aldaketa «nabarmenena» logoa da, eta azalean agertzen den argibidea. Barneko edukia bere horretan uztea erabaki dute, baina 5. orrialdeko Jainkoa Bizia Jendea kronikari Gogoa hazi izena jarri diote, eta 12. orrialdean jokoak gehitu dituzte.

Gerora begira, hainbat proiektu berri dituzte gogoan; adibidez, webgunearen berritzea papera irakurtzen ez dutenentzat.

Aldaketa guztiak gorabehera, azpimarratu dute ez dela aldatuko Herria-ren «bihotza»: euskara. Sortu zutenetik, kazeta euskararen «bultzatzaile» eta «arnasgune» izaten dela iritzi du Barbier administrazio kontseiluko kideak: «Herria tresna inportantea izan da euskararentzat, sustut Ipar Euskal Herriari begira. Euskalkiari beti egin dio tokia, eta gaur egun ere bai. Euskaldun berrientzat edo euskara ikasten ari direnentzat egokia da».

80 urteko historia

1944an sortua izan zen kazeta; Piarres Lafitte eta beste euskaltzale batzuk izan ziren sortzaileak. Herria-ren hastapenak «zailak» izan baziren ere, hamar urte geroago 7.000 harpidedunera iritsi zen astekaria, «arrakasta handia zitzaion», esplikatu du Jorajuriak, elkartearen lehendakariak. Hainbat gorabeheraren ondotik, astekariak bizirik irautea lortu du, ahalmen gutirekin bada ere.

Kazetaren data «berezi» batzuk azpimarratu dituzte: 1990. urtean astekariaren informatizatzea izan zen; 2004. urtean koloreztatzea izan zen; 2009an formatuz aldatu zuten, eta hamasei orrirainoko astekaria bilakatu zen; 2016. urtean webgunea sortu zuten. Astekariak Euskal Herri osoko berriak ematen ditu, baita nazioartekoak ere. Berezitasuna du Ipar Euskal Herriko 30 bat herri txikitan berrikariak badirela, boluntario gisa herriko berriak idazten dituztenak, gehienetan bakoitzak bere euskalkia erabiliz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.