Tradizioari eutsiz, ETB1ek pertsona ezagunak kantuan jarriko ditu Gabon gauean, 23:15ean hasita. Herri txiki kantari saio berezia aurkeztuko dute gaur Mungiatik (Bizkaia) Mikel Pagadizabalek eta Zuhaitz Gurrutxagak. Euskal kanta ezagunak entzun ahalko dira programan, klasikoak eta modernoak. Horretarako, esparru desberdinetako gonbidatuak izango dituzte. Saioa berriro emango dute astelehenean, 14:45ean.
Erretiroa hartu duten bi txirrindulari izango dira oholtzara igoko diren aurrenekoak: Haimar Zubeldia eta Amets Txurruka. Maritxu kantatuko dute. Euskaraldia proiektuari babesa emateko, Sautrela kantatzen ariko dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Jean-Michel Barbier Euskararen Erakunde Publikoko Hizkuntza arduraduna, Elena Laka Topaguneko lehendakaria, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusia, Zuriñe Gil GEU elkarteko kidea eta Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzailea.
Euskal kulturarekin lotutako hainbat sortzaile ariko dira kantuan saioan: Eneko Sagardoi eta Iñigo Aranburu Handia-ko aktoreek Mendian gora kanta abestuko dute; Kukai taldeko dantzariek Pantxoa eta Peioren Azken dantza abestuko dute, Andoni Egaña, Jon Lopategi eta Sebastian Lizaso bertsolariek Xalbadorren heriotzean kantatuko dute...
Bost sukaldarik Txoria txori abestuko dute: Bittor Arginzonizek, Patxi Ezeizak, Xabier Ibarburuk, Aitor Arregik eta David Yarnozek.
Bost alderdi politikotako legebiltzarkideak elkarrekin ariko dira kantuan. Aitormena abestuko dute Aitor Urrutiak (EAJ), Jone Goirizelaiak (EH Bildu), Tinixara Guanchek (Elkarrekin Podemos), Eneko Anduezak (PSE-EE) eta Laura Garridok (PP).
Kirol munduko gonbidatuak ere izango dituzte saioan. Orio arraun taldekoek Gozategiren kantak abestuko dituzte. Emakume Master Cupeko txapeldun Leire Etxanizek Txanpon baten truke kantatuko du, Oihana Orbegozo, Maider Mendizabal, Nartoa Elizalde eta Olatz Arrizabalaga pilotarien laguntzarekin. Futbol taldeekin, bestetik, hautaproba berezi eta umoretsuak egin ditu Pagadizabalek. Horretan parte hartuko dute Athleticeko Iñaki Williamsek, Markel Susaetak, Mikel Balenziagak, Eneko Bovedak eta Iñigo Lekuek, Alaveseko Bojar Krkicek, Einar Galileak eta Martin Agirregabiriak, eta Realeko Iñigo Martinezek, Mikel Oiarzabalek, Sergio Canalesek, Alvaro Odriozolak eta Asier Illarramendik.
Go!azen telesaileko aktore gazteekin Gure nahia kanta dantzatzeko aukera izango da. Gazteako Dida saioko esatariek Katuek bezala abestuko dute, eta ETBko hainbat aurkezle ezagunek Aske maitte eramango dute oholtzara.
Mungiako Barikuetako Kantariak eta Plentzia Kantagunea elkarteko herritarrek Xabier Leteren Habanera abestuko dute. Gainera, hainbat bideoklip tartekatuko dituzte saioan: Gatikako eta Mundakako (Bizkaia) herritarrek Huntza taldearen Aldapan gora abestuko dute. Aitor Gorosabel Su ta Gar taldeko abeslariak, bestetik, parte hartze berezia izango du, Zuhaitz Gurrutxagaren laguntzaz.
ETB2k, berriz, Nochebuena sobre ruedas saio berezia emango du gaur, 21:45etik aurrera. Maribel Salasek, Ion Aramendik eta Joseba Friestrasek aurkeztuko dute, eta auto batean gonbidatuak elkarrizketatuko dituzte. Ondoren, umorezko bi saio izango dira ikusgai: Nochebuena digital y tal (23:05) eta TDT esto TDT (00:00).
ETB3k Olentzeroren etorrera emango du gaur, 15:00etatik 16:00etara. Iluntzean, hiru film emango dituzte, 20:00etan hasita: Olentzero eta amilaren sekretua, Olentzero eta iratxoen jauntxoa eta Olentzero eta oparien ordua. 23:10ean, Afrikako akrobaten Cirkafrika ikuskizuna emango dute.
'Herri txiki kantari' saioa emango du gaur gauean ETB1ek
Euskal kanta ezagunak abestuko dituzte, klasikoak eta modernoak. Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga ariko dira aurkezle lanetan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu