Zuhaitz Gurrutxaga Miren Nogalesekin eta Mikel Pagadirekin elkartuko da bihar, ETB1eko Herri txiki, infernu handi saioan, programaren hamargarren urteurrena ospatzeko. Nafarroako Oronoz-Mugairi herrian egingo dute urteurreneko atal berezia. Pagadik herri horretako estankoaren jabearekin hasiko du eguna; ondotik, Gabriel ezagutuko du, etxean arrainak dituen eta usoak hazten dituen gizona. Gurrutxagak, bestalde, Ameriketako lagun batekin hasiko du eguna: Joxerekin. Blancak, berriz, krokodilo bilduma bat erakutsiko dio saioko aurkezle izandakoari. Nogales Rosarekin elkartuko da, eta bazkari xelebrea egingo dute. Ondotik, Peiorekin ibiliko da, aizkoran.
Atala berezia izango da, eta ez bakarrik Gurrutxaga agertuko delako. Bakarrizketen eta saioaren atzeko aldea ere erakutsiko dute kamerek. Sebastian Lizaso bertsolaria ere agertuko da ezohiko irudi horietan.
ETB1eko saioak 11. denboraldia du jada. Hamar urteotan, 256 atal egin ditu Orio Produkzioak ekoiztetxeak —programa bereziak albo batera utzita—. Datozen asteetan, Lantzen (Nafarroa), Mendexan (Bizkaia), Karrikan (Oiartzun, Gipuzkoa), Puiun (Nafarroa), Goiatzen (Gipuzkoa), Trapagaranen eta Zeanurin (Bizkaia)n eta Luiaondon (Araba) ibiliko dira Nogales, Pagadi eta Lizaso.