'Herri txiki, infernu handi'-k bihar hasiko du sasoi berria, Amaiurren

Berrizera, Añorgara, Trebiñura eta Igantzira ere joango dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi

ainara arratibel gascon
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Esan ohi da ez dagoela ondo dagoena ukitu beharrik. Horri jarraituz, «aparteko berritasunik gabe» ekingo dio bihar denboraldi berriari Herri txiki infernu handi saioak (ETB1, 22:00), Luis Oiartzabal zuzendariak azaldu duenez. «Herriak eta herritarrakezagutzen segitzea da helburua, haien egunerokotasunaren berri emanez, eta ohiko umore ukituarekin». Hain zuzen ere, Oiartzabalek uste du hori dela programaren arrakastaren arrazoietako bat. «Ikusleak horrekin identifikatuta sentitzen dira. Gainera, [Mikel] Pagadi eta Zuhaitz [Gurrutxaga] oso hurbilekoak dira, eta elkarrizketatuekin sortzen den harremana oso gertukoa da. Konplizitate handia sortzen da, eta hori ere antzematen da».

Seigarren denboraldia izango da bihar abiatuko dutena. Orain arte 117 herri bisitatu dituzte; Amaiur (Nafarroa) izango da 118.a. Historia handiko herria izatearekin batera, leku «polita eta erakargarria» iruditzen zitzaien aldi berria hasteko: «Leku interesgarri eta erakargarri asko ditu. Herritarrek, gainera, asko lagundu digute».

Saioak ohiko osagaiak izango ditu. Pagadik eta Gurrutxagak bertako hainbat herritar elkarrizketatuko dituzte, eta, haien eskutik, ikusleek aukera izango dute Amaiurko gazteluaren historia ezagutzeko, bai eta duela 30 urte auzolanean berriro eraikitako herri sarrerako arkua ere. Baina, horrekin batera, herritar horietako batzuen egunerokoa ere ikusi ahal izango da. Besteak beste, Mieljok, adibidez, Amaiurren ligatzeko erabiltzen dituzten trikimailuak kontatuko dizkio Pagadiri, eta Axunekin patinetan ibiliko da lehen aldiz. Gurrutxagak, berriz, Xantirekin batera txerri menestra jaten hasiko du eguna. Maritxuk, haatik, 84 urte ditu, eta oraindik ere gidatu egiten du; harekin autoan ibiliko da. Carmenek, berriz, orduak pasatzen ditu gurutze puntua egiten. 90 urte ditu, eta hiru urte daramatza bere azken artelana egiten; Van Goghen Lirioak koadroa gurutze puntuz egiten. Nola doan erakutsiko dio. Gurrutxagak eta Pagadik beren bakarrizketekin harilkatuko dute saioa, eta denboraldi honetan ere Sebastian Lizasoren bertsoek jarriko dizkiote errima eta doinua atal bakoitzari.

Amaiurrez gain, hauek dira oraingoz seigarren sasoi honetarako baieztatuak dituzten herriak: Berriz (Bizkaia), Añorga (Gipuzkoa), Trebiñu (Araba) eta Igantzi (Nafarroa). «Beste hamaika herrirekin ere harremanetan gaude». Jada 100dik gora atal egin dituzten arren, «bada zer bisitatua oraindik», Oiartzabalek azaldu duenez. «Herriez gain, nortasun eta izaera berezia duten auzoak ere atera dira eta aterako dira gurean».

Herritarrek eta udalek izaten duten jarrera eskertu du. «Kontuan izan behar da herri batean grabatuko dugula erabakitzen dugunetik hilabete edo hilabete eta erdi behar izaten dugula saioa grabatzeko». Elkarrizketatuak topatzeko, «boladak» izaten dituzte: «Herri batzuetan gehiago kostaten zaigu beste batzuetan baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.