'Herri txiki, infernu handi' gaur itzuliko da, Oriora bisita eginda

ETB1eko saioa Abantora, Debara, Dulantzira eta Iruraiz-Gaunara joango da hurrengo asteetan

Mikel Pagadizabal eta Zuhaitz Gurrutxaga, Herri txiki, infernu handi saioko aurkezleak. ETB.
urtzi urkizu
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Bueltan da ETB1eko saiorik arrakastatsuenetako bat: Herri txiki, infernu handi-ren atal berriak ikusi ahalko dira gaurtik aurrera; ohiko moduan, igandeetan, 22:00etan. Gipuzkoako Orio herrira joango dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadizabal, eta hango gorabeherekin gozatu ahalko dute ikus-entzuleek. Gurrutxaga zaldiz ibiliko da, eta Pagadizabali eskailerak korrika igotzeko desafioa egingo dio herriko gazte batek.

Atal sorta berrian, datozen asteetan, Abanto eta Gallarta auzoa (Bizkaia), Deba (Gipuzkoa), Dulantzi (Araba), Iruraiz-Gauna (Araba) eta Lumo (Gernika, Bizkaia) bisitatuko dituzte Gurrutxagak eta Pagadizabalek. Ohiko moduan, Sebastian Lizasoren bertsoak ere entzungai izango dira jendaurreko ekitaldietan.

Pagadizabalek aitortu du azkeneko urtean ez dela erraza izan programa egitea. «COVID-19aren egoera dela-eta, grabaketak zailak izan dira, jende askorekin lan egiten dugulako;egoera arruntean zailtasunak izaten badira, gaur egun bizitzen ari garen egoera honetan zailtasun horiek areagotu egin dira». Edonola ere, aurkezleak uste du lantaldeak «bikain» erantzun diela zailtasun guztiei.

Zera ohartarazi du Pagadizabalek: «Guretzat erronka handia izan da garai ilun hauetan lan egin eta egoera arraro honi alaitasun pixka bat ematea. Esaera batek esaten duen moduan, prozesioa barrutik doa. Nik inork baino beldur gehiago izaten ditut, baina ahalegina egiten dut hori nabari ez dadin».

Lantaldeak oso zaila izan du saioan parte hartuko duten pertsonak aurkitzea. Tartean, lurralde batzuetan dauden debekuengatik ere bai.

Beste alde batetik, ordea, saioko aurkezleek sentitzen dute herritarrek «etxekotzat» jotzen dituztela. «Edozein lurraldetan gertatzen ari zaigu bizipen hori,eta pozez betetzen gaitu. Han eta hemen etxeko bezala jotzeak eta konfiantzarekin gauzak egiteak biziki asetzen gaitu».

Ikusle datuak ere erantzun abegikor horren seinale izan daitezke: aurreko denboraldian, programak batez beste %4,6ko ikusle kuota bereganatu zuen—euskaldunen artean, %11,2koa—. 118.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Orio Produkzioak ekoiztetxearen saioak.

«Zazpigarren urtea da, eta ezustekoaren faktorea galdu dugulako beldur naiz», dio Pagadizabalek. «Baina gure saioan parte hartzen duten pertsonek beti ematen dituzte ezusteko onak,istorio interesgarriak eta gauza gehiago. Harrituta gelditzen naiz askotan».

Tarteka, auzoetara eta herri ertainetara joateko hautua egin dute saioan. «Bai Donostiako Loiolan, bai Iruñeko Txantrean saio oso politak atera dira. Herri ertainek, berriz, atal bat baino gehiago eman dezakete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.