Bueltan da ETB1ek duen saiorik arrakastatsuenetakoa, helduen artean ikusle daturik onenak lortzen dituena eta sare sozialetan oihartzuna duen euskarazko programa bakanetakoa. Herri txiki, infernu handi-k bihar gauean hasiko du bosgarren denboraldia, eta gorantz begira jarriko dira Mikel Pagadizabal, Zuhaitz Gurrutxaga eta Sebastian Lizaso. Euskal Herriko herririk garaienera joango dira hirurak: Abaurregainera (Nafarroa).
Denboraldi berrian, berrikuntza bat izango dute Pagadizabalek eta Gurrutxagak: maleta moduko bat izango dute eurekin herri bakoitzean. Maleta barruan, bisitatu beharreko herriarekin lotutako objektuak izango dituzte. Iragarri dutenez, herriak ezagutzeko tresna eta xelebrekeria iturri izango dira maleta barneko elementuak.
Gainontzean, programak ohiko formatua izango du. Ohiko umorea, ohiko istorioak eta egoera xelebreak izango dira Orio ekoizpen etxeko saioaren ardatzak.
Abaurregaineko atalaren ostean, datozen asteetan honako herri hauek bisitatuko dituzte saioan: Busturia (Bizkaia), Legutio (Araba), Zestoa (Gipuzkoa), Itsasu (Lapurdi) eta Zubieta (Nafarroa).
Horien artean, berezia izango da Zubietako atala, programaren historian aurreneko aldiz amaierako ekitaldia kalean egingo baitute, areto itxi batean egin beharrean. Herriko plazan bertan egingo dute saioko ekitaldia.
Urtea amaitu aurretik, 100. atalera iritsiko da saioa. Ehun atal, ehun herri. Eta herri gehiago bisitatzeko asmoz jarraitzen dute.
Ikusle datuak, gorantz
Herri txiki, infernu handi saioa 1.039 metrora hasiko dute, inoiz baino garaiago, Abaurregainean. Ikusle datuetan ere aurreko urteetan baino gorago iritsi nahi dute, urtez urte gorantz egiten ari baitira. Estreinatu zen urtetik hona datuak hobetu egin ditu saioak:2014-2015 denboraldian, ikusle kuota %3,3koa izan zen —euskaldunen artean, %7,6koa—; bigarren denboraldian, apur bat igo zen kuota: bi hamarren; 2016-2017 denboraldian, ikusle kuota %3,98ra iritsi zen —euskaldunen artean, %8,8koa—; eta joan den denboraldian eman zuen programak jauzirik handiena, batez beste %5,6ko kuota bereganatuta —euskara hiztunen artean, %14,3koa—.
Azkeneko urteetan ez da batere ohikoa euskarazko saio batek %5,6ko batez besteko kuota lortzea, urte osoko datuak aintzat hartuta. Izan ere, katearen batezbestekoa 2017. urtean %2koa izan zen. Kirolak alde batera utzita, aurreko denboraldian soilik saio batek gainditu zuen Herri txiki, infernu handi, baina ozta-ozta:Go!azen telesailaren denboraldiak %5,7ko batez besteko kuota izan zuen.
Pagadizabalek, bestalde, Irutxuloko Hitza-n nabarmendu du ikusleek pozik ikusten dituztela herri desberdinetako kontuak: «Ikusleei gustatzen zaie jakitea jendea herrietan nola bizi den. Turismo eta antropologia pixka bat egiten dugu, modu umoretsuan».
'Herri txiki', gorantz begira
Bosgarren denboraldia Abaurregainean hasiko dute. ETBko saioak gero eta datu hobeak ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu