Gauza bat da hedabide bat abiatzea eta beste bat irautea. Hala dio, behintzat, Peio Jorajuria Herria astekariko erredakzioburuak. Badaki zertaz ari den, kazetak 70 urte bete baititu aurten. Are txundigarriagoa ematen du datuak, beste modu batean esanez gero: II. Mundu Gerrako Normandiako Lehorreratzetik hilabete gutxira kaleratu zuen lehen alea. Gaurdaino. «Herria elkarte bat da, ez enpresa bat», dio Jorajuriak; boluntario askoren lanari esker iraun du zazpi hamarkadotan. Helburu apalekin, baina etorkizunari begira dabil gaur. Irakurle kopurua urtez urte apur bat jaisten ari da, eta uste dute «biziki zaila» izango dela geroan ere irautea.
Jorajuria da aldizkariak soldatapean dituzten bi langileetako bat. Hura arduratzen da kazetaritza lanak koordinatzeaz, hainbat erreportaje eta artikulu idazteaz, zuzentzeaz... Eta astelehena inprimategian pasatzen du, eginiko lana paperean txukun agertzen dela ziurtatzen.
«Gure herri txikietako berriak biltzen dituen tresna da Herria», dio Jorajuriak. Izan ere, erredakzio eta administrazioaren muina osatzen duten bost pertsonez gain, 40-50 laguntzaile ditu aldizkariak. Azken horiek dira aldizkariaren aho eta belarriak herri txikietan. «Laborariak-edo dira, erretretan direnak eta denbora dutenak. Baina badira gazte batzuk irakasleak-edo direnak». Hurbiltasuna da astekariaren ezaugarri nagusia, erredakzioburuaren arabera.
Belaunaldi arazoa
Ipar Euskal Herriko gazteen artean euskara ulertzen dutenek ere ez dute asko irakurtzen, «erdaraz ere ez», kexu da Jorajuria. Egin dituzte saioak gazteak aldizkarira eta kazeta gazteengana hurbiltzeko, baina epe baterako saioak baino ez dira izan. Gazte sail bat antolatu zuten duela urte batzuk, gazteek egina. «Baina handik gutxira utzi zuten gazteek». Herria-k baditu irakurle batzuk adinekoak, «baina baita ikastoletako eta gela elebidunetako guraso gazteak ere», dio erredakzioburuak. Halere, harpidedun gehiago beharko lituzkete alde horretatik.
Interneteko gunea sortzea da eskaintza zabaltzeko eta irakurle gazteak erakartzeko pentsatu dituzten neurrietako bat. «Orain arte ez dugu jakin nola lotu horri, eta aurten dozena bat bilkura egin ditugu horri buruz». Badakite, beraz, norantz jo, baina dirua falta dute gauzatzeko.
Kazetaren apaltasunarekin bat, ez dute ospakizun berezirik egingo 70 urteurrenarengatik, baina, aldi berean, udaberrira arte arituko dira gogoratzen. Esaterako, kazetaritzaren inguruko ekitaldi bat landu nahi dute Baionako Etxepare lizeoko ikasle gazteekin. «Euskal hedabideak nola ikusten dituzten galdetu nahi diegu, eta lan bat egin apiril-maiatz arte». Udaberrian, biltzar berezi bat egin asmo dute Uztaritzen, Lapurdin. Izan ere, han bizi izan zen Piarres Lafitte aldizkariaren sortzaile eta lehen zuzendaria. Haren heriotzaren 30. urteurrena beteko da. «Aldizkariaren 70. urteurrena eta haren heriotzarena lotu nahi genituzke», dio Jorajuriak.
Lafitte aukeratu zuten aldizkaria zuzentzeko 1944. urtean, behar zutelako norbait euskaraz trebatua, agerkari bat ateratzeko gai zena eta aurrerakoia, Janbattitt Dirassar Herria aldizkariko zuzendariak joan zen astean Ipar Euskal Herriko Hitza-n gogoratu zuen bezala. «Gerla denboran alemanen alde agertu ez zen norbait». Lafittek erabaki zuen aldizkaria «euskaldunei atxikia» izango zela eta gehiena euskaraz, Dirassarrek dioenez. Bi orriko kazeta gisa agertu zen astekaria orduan, gerraostean paper gutxi zegoelako. Poliki handituz joan da geroztik, gaurko 16 orriko argitalpena bihurtu arte. Interneteko bertsioa, soldatapeko bi langile gehiago, orrialde gehiago eta denak koloretan izatearekin amets egiten dute Baionako Jacques Lafitte karrikako 11n. Baina etorkizunerako lehentasuna argi du Jorajuriak: «Iraun. Ahal bezainbat. Gero mintzatuko da geroa».
Herri prentsa, 70 urtez
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herrietako berriak eman ditu 'Herria' astekariak 1944. urtetik. Plazaratuak ditu 3.500 zenbaki baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu