1993tik ari da Euskadi-Kuba fundazioan lanean, eta, orain, Tantaka TVko saioetan buru belarri dabil Jose Manzaneda (Bilbo, 1965). Hainbat programatarako gidoiak idazten ditu.
Euskadi-Kuba fundazioan nola landu duzue Tantaka TVren proiektua?
Internet bidezko telebistagintzan, gure esperientzia Cubainformacion.tv proiektua izan da; duela 11 urte sortu genuen, baina halako batean pentsatu genuen interesgarria litzatekeela beste gai batzuetara zabaltzea, gobernuz kanpoko erakunde batzuekin batera. Bakea eta Duintasuna eta Mugarik Gabe erakundeekin askotan aritu izan gara elkarrekin, eta tresna bat sortzea bururatu zitzaigun, ahalik eta herri mugimendu gehienengana iristeko. Nahiko genuke herri mugimendu askok Tantaka TV erabiltzea.
Nolako harrera izan duzue aurreneko asteetan?
Harrera ona. Badugu itxaropena pausoak ematen joateko. Programazio bat osatzen ari gara. Eta helburutzat dugu tresna bihurtzea herri mugimenduentzat; adibidez, talde ekologista batek edo errefuxiatuen aldeko batek saio bat edo programa baten atala egin nahi badu, Tantaka TV balia dezala.
Euskadi-Kubaren saioetako bat da Prentsa, ene bada. Albisteen atzean dauden interes borrokak aztertuko dituzue, ezta?
Euskadi-Kuba elkartetik sortzen ari garen programak komunikazio munduari buruzko saio kritikoak dira: Prentsa, ene bada eta Zentsurabideak dira aurreneko biak, eta urtarrilean Perla informatiboak estreinatuko dugu. Laugarrena, berriz, Azpi jokoa izango da. Batzuk euskaraz zein gaztelaniaz dira, eta, beste batzuetan, tartekatu egingo ditugu hizkuntzak.
Zenbateraino da garrantzitsua iritzi publikoari jakinaraztea zein diren komunikabide handien atzean dauden interes eta botere harremanak?
Lehen galdera litzateke: Zergatik bihurtzen da komunikabideetan albiste gertakari bat, eta ez bestea? Esate baterako, protesta txiki bat albiste bihur daiteke eta berehala zabaldu, eta askoz jende gehiago bildu duen protesta bat ez da agertuko hedabide batzuetan. Komunikabideen atzean dauden interesek erabakitzen dute zein diren berriak.
Kontsumitzaile gehien dituzten egunkariak eta telebistak ez al dira kasu gehienetan ideologia kontserbadorekoak?
Ikusle daturik onenak lortzen duten telebistak ikuskizunerantz jotzen dutenak dira; albistegietan, kronika gorria —odolari lotutako ikuskizuna— eta kronika horia nagusitzen dira. Egunkarietan, hurbileko informazioan gai batzuk plazaratzen dituzte, eta beste batzuk isilarazi. Ikuspegi ideologikoa eta interes ekonomikoa ikusten da aukeraketa horretan. Nazioarteko informazioari dagokionez, pentsamolde bakar bat dago, normalean albiste agentzia handien oharrei oso lotuta.
Nortzuk kontrolatzen dituzte nazioarteko agentzia horiek?
Agentzien munduan, gehienak pribatuak dira. Baina badaude batzuk gobernu boteretsuen esku. Agentzia pribatu handienak AEBetakoak dira, eta transnazionalak ere bai, ideologia jakin batekin: ideologia kapitalista eta inperialista. Alde horretatik, gaur egun gaiztoak Errusia, Venezuela eta Siria dira, besteak beste. Kritikatu daitezke Donald Trumpen formak, baina atzeko edukiak eta benetan zer egiten duen ez da hainbeste kritikatzen.
Zentsuratuak izan diren pertsona batzuk ari zarete elkarrizketatzen. Baina autozentsuraz zer esango zenuke?
Espainiaren aldetik errepresio handia iristen ari da informazioaren alorrean. Aste honetan, Fermin Muguruza eta Alfredo Remirez elkarrizketatu ditugu Zentsurabideak saiorako —datozen egunetan ikusi ahalko dira—. Autozentsura, berriz, hedabide handi guztietan egunero gertatzen da. Ezberdin pentsatzen duten kazetariek isilik egon behar izaten dute erredakzioetan. Hedabidearen bidetik edo moldetik ateratzen denak zigorra jasoko du. Gauza bera gertatzen da El Correo-n, SER irratian edota ETBn.
Jose Manzaneda. Tantaka TVko talde teknikoko kidea
«Herri mugimenduen tresna izan nahi dugu»
Tantaka TV Internet bidezko telebistak urrian hasi zituen emankizunak, euskaraz eta gaztelaniaz. Euskadi-Kuba fundazioak sustatutako saioetan, komunikabideen eta zentsuraren analisi kritikoa egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu