Belaunaldiz belaunaldi transmititu dira, baina ez da egoten askotan haien erregistrorik edo grabaziorik. Ia herri guztietan egoten da halako herri kantaren bat, eta horien bila abiatuko dira bihar SOS Kantak Arriskuan ETB1eko saio berriko hiru aurkezle musikariak: Iker Lauroba, Lide Hernando eta Klara Mendizabal. Helburua: galtzear dauden abestiak topatu, haien atzean dagoen istorioa ezagutarazi, eta herritarrekin batera abestuz salbatu.
Ondarroan (Bizkaia) egingo dute lehen geldialdia bihar (22:00). Hurrengoak izango dira: Deba (Gipuzkoa), Itsasu (Lapurdi), Oiartzun (Gipuzkoa), Otxandio (Bizkaia), Errenteria (Gipuzkoa), Azkaine (Lapurdi), Hernani (Gipuzkoa), Oñati (Gipuzkoa) eta Luzaide (Nafarroa). Formula bertsua izango da guztietan: herri bakoitzera egingo duten bidaian, abestiaren alde ezberdinak aztertuko dituzte, konposizioaren atzean ezkutatzen diren istorio eta lekuak ezagutuz: abestian aipatzen den ibaia adibidez, edo jada existitzen ez den etxea, edo jada ahaztuta dagoen tradizioren bat... Ikerketa lan hori egiteko, bertako herritarrengana joko dute hiru aurkezleek, tokian tokiko berezitasunak eta istorioak deskubrituz.
Musikariak dira hirurak, baina zeregin ezberdinak izango dituzte saioan. Klara Mendizabal izango da, nolabait, ikerketaren arduraduna. Iker Lauroba eta Lide Hernando izango dira galtzeko arriskuan dagoen kantu hori kantatzeko prest dauden herritarrak topatu beharko dituztenak. Bertsio profesional tradizional bat grabatuko dute lehenengo, herriko ahots onenen laguntzarekin, eta bigarren bertsio modernoago eta eguneratuago bat ondoren.
Lehen aldiz telebistan
Hiru aurkezleak lehen aldiz ariko dira telebistan zeregin horretan. Nola Klara Mendizabalek hala Lide Hernandok oso esperientzia «polita eta aberasgarria» izan dela esan dute. Mendizabalek laburbildu du zein izan den haien jarduna eta zein izan den saioaren helburua: «Saiatu gara bilatzen ez bakarrik melodia galduak, baizik eta atzetik istorio interesgarriak dituzten melodiak. 36ko gerrakoak, sorginen erreketei buruzkoak, apustuei buruzkoak, baztanga kasuei buruzkoak... oso istorio interesgarriak daude atzean».
Eta ez da itsumustuan egindakoa izan. Atzean dagoen lan eskerga nabarmendu du Hernandok: «Pausokakoek sekulako lana egin dute. Euskal Herriko tradizio musikala kasu askotan ahozkoa izan da, eta abesti horiek ahoz aho transmititu dira urteetan. Horien jatorria ezagutzea oso lan zaila da. Bertsio bat topa dezakezu nonbait, baina elkarrizketa batzuk egin, eta beste informazio bat ematen dizute, eta abestiaren historia bera korapilatu egiten da». Biek onartu dutenez, «harritu» egin direla askotan, eta «hunkitu» ere bai beste askotan. «Istorio oso indartsuak topatu ditugu abestien atzean. Istorio horien ondorengoekin hitz egin dugu eta, kasu batzuetan, istorio horien protagonistekin. Horrek beste kutsu bat ematen dio saioari», nabarmendu du Mendizabalek.
Hirukote «polita» osatu dutela esan du Hernandok. «Oso ongi moldatu gara. Iker Lauroba ezagutzen nuen aurretik. Klara ez, eta sekulako deskubrimendua izan da. Talde polita osatu dugu». Eta herrietako abeslarien eztarriez eta belarriez galdetuta: «Herri batetik bestera ezberdintasunak egon dira abeslarien mailari dagokionez. Herri batzuetan sekulako ezustekoak izan ditugu: Itsasun, adibidez, Peio Ospitalekin egon ginen, eta harekin abestu izan dutenekin. Horiek bai maila. Beste batzuetan, saltseroak izan dira abeslariak baino gehiago, baina hori ere ederra izan da».
Herri kantak salbatu nahian
'SOS Kantak Arriskuan' saioa estreinatuko dute bihar ETB1en. Herriz herri ibiliko dira galtzeko zorian dauden abestiak topatu eta salbatu nahian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu