2014ko urrian argitaratu zuten Geuria aldizkariaren lehen zenbakia, Basauriko Udalak diruz lagunduta eta Basauriko Euskararen Aholku Batzordearen oniritzi eta babesaz. Ordutik hona, Basauriko eta Hego Uribe eskualdeko gai orokorrez gain, inguruko beste herrietako albisteak ere landu dituzte, paperean eta Interneten (Geuria.eus). Baina proiektuaren lehen fasea osatzeko beharrezkotzat jotzen zuten Galdakaoko, Arrigorriagako, Ugao-Miraballesko eta Zaratamoko Udalek hilabetekaria diruz laguntzeko konpromisoa hartzea. Hala egin dute berriki, herri bakoitzeko agintari eta euskara zerbitzuetako kideekin hainbat elkarrizketa izan ostean. Jon Villapun Geuria-ko koordinatzailearen arabera, aipatutako udalen laguntzarekin, finantzaketari dagokionez, lehen fasea osatutzat jo dute.
Hilabetekariaren edukietan bada berrikuntzarik. «Herri bakoitzari bere atal berezia emango diogu orain, eta, horrez gain, orrialde kopurua handiagoa izango da». Lau orrialde gehiago ditu orain aldizkariak. Herritarren parte hartzea orain artekoa baino «zabalagoa» izango dela nabarmendu du koordinatzaileak, kolaboratzaile sarea osatzen ari baitira. «Ilustratzaileekin ere lan handia egiten ari gara. Hilabetekaria garen neurrian, ez dugu egunkari baten itxura zurruna izan nahi».
Geuria-ren helburu nagusietako bat Hego Uribeko euskaldunen datu basea sortzea da. «Guretzat funtsezkoa da gure eskualdeko euskaldunak zenbat eta nortzuk garen jakitea», azaldu du Villapunek. Geuria-k komunikazio tresna gisa kanpora begira eta barrura begira baliagarriaizan behar duela uste du. «Barrura begira, eskualdeko euskaldunen elementu bateratzaile moduan». Helburu horiek errazte aldera, harpidetza doakoa izatea beharrezkotzat jo zuten, eta udalek emandako diruaren zati bat doako harpidetzak ahalbidetzeko erabiltzea erabaki zuten.
Webgunean eta Interneteko sare sozialetan ere «komunitatea egituratzen» ari da Geuria. Interneten, albisteez gain, bideo formatua eta argazki galeriak hobesten ari dira, harrera beroa jasoz.
Aurten, Geuria-k bigarren faseari hasiera emango dio, sorrerako ezaugarriei eutsita. 2016-2017 urteetan honako helburuak izango ditu proiektuak: eskualdeko euskal komunitatearen harremanak estutzea, Hego Uribeko euskaldunen datu basea osatzen jarraitzea, banaketa gero eta «gertukoagoa» eta «aberatsagoa izatea», Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jasotzeko tramiteei ekitea eta Tokikomekin lankidetzan hastea.
Hego Uribeko beste lau udal batu dira 'Geuria' aldizkaria laguntzera
Euskarazko komunikabideak lehen fasea osatu du.Lau orrialde gehiago argitaratuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu