Onintza Enbeita kazetari eta bertsolariak eta Ana Goitia kazetari eta modako blogariak bat egiten dute kontu askotan, baina izaera ezberdineko protagonistak izango dira ETB1eko Hauxa2 saio berrian —aurretik, izen bereko atal laburra egin zuten Gure Kasa saioan—. Igandean estreinatuko dute programa, eta ordu bateko hamar atal izango dira guztira. Atal bakoitzean gai bat jorratuko dute Enbeitak eta Goitiak, lagun ezagunekin eta anonimoekin.
Luisma Laboa —ETBko makina bat saiotan ibilitakoa— da Hauxa2-ko zuzendaria. Iragarri duEnbeita Lekeitiora (Bizkaia) joango dela uda pasatzera, Goitiak gonbidatuta. «Etxebizitza bat alokatu dute elkarrekin, eta autoan batera eta bestera ere ibiliko dira».
Aurreneko atalaren izenburua Maitasuna: zenbat buru, hainbat aburu izango da. «Maitasun erromantikoa ote dagoen galdetuko dute saioan. Goitiak bikotekide bat aurkitu nahiko dio Enbeitari. Aitzakia hori hartuta, hainbat pertsonarekin egingo dute topo: polimaitasuna defendatzen duen neska bat, horren aurka dagoen emakume bat, eta banandu egin zen itsasgizon bat», azaldu du Laboak. Josebe Iturrioz feminista ere alboan izango dute eszena batzuetan.
Programako zuzendariak nabarmendu du bi emakume «zoragarri» topatu dituztela Lekeition, eta horiek ere protagonista izango direla: Edurne eta Rosa Mari. «Haiek kontatuko dute gaztetan nola egiten zuten mutiletan. Astero azalduko dira biak, atal bakoitzeko gaiaz hitz egiten». Protagonisten bizilagun bat ere astero agertuko da.
Lekeitiotik kanpo ere bai
Aurreneko atala osotasunean Lekeition girotuko dute, baina bigarren ataletik aurrera beste herri batzuetara joango dira Enbeita eta Goitia. Bigarren saioan, adibidez, udako abestiaren bila ibiliko dira, eta, horretarako, Zarautzera eta Oriora (Gipuzkoa) joango dira. «Orion, Gozategikoekin egongo dira, eta Zarautzen, Gontzal Mendibilekin eta Zuriñe Hidalgorekin». Hirugarren gaia elikadurari buruzkoa izango da.
Laboak nabarmendu du programak reality itxura izango duela, umorez zipriztinduta. «Lekukotza guztiak benetakoak izango dira». Kazetariak, bestalde, azaldu du lantaldean Bi pertsonality gisa definitzen dutela saioa: «Bi pertsonalitate ezberdin ikusiko ditugulako. Oso markatuta egongo dira Enbeitaren eta Goitiaren nortasunak. Joko asko ematen dute, gai guztiez hitz egiten dute, eta ez dira isiltzen».
Programaren grabazio eta edizio moduak, bestalde, ikuslea harrituko duela iruditzen zaio Laboari: «Telesail bat izango balitz moduan ikusiko du ikus-entzuleak, sekuentzia guztiek jarraipen bat izango baitute. Programak helburu bat dauka, eta ezustekoa eman dezakeen amaiera prestatuko dugu», azaldu du Laboak.
Enbeita eta Goitia, bestalde, Amorotoko (Bizkaia) jaien hasierako pregoilariak izango dira asteazkenean. Saioak ekitaldi hori grabatuko du, eta jaiei eskainitako atalean emango dute.
'Hauxa2' saioaren estreinaldian maitasunari helduko diote
Igandetik aurrera hamaika abentura biziko dituzte Ana Goitiak eta Onintza Enbeitak ETB1en
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu