Datorren astetik aurrera, 3txulo saioa ETB3tik ETB1era pasatuko da. Astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 09:00etara ikusi ahalko dira Xbel (Zuriñe Hidalgo), 2ttor (Iker Galartza), 3ra (Amancay Gaztañaga) eta Kattalin (Libe Aranburu) pertsonaien gorabeherak. Asmakizunak, bitxikeriak eta eskulanak tartekatuko dituzte saioan, baita zorion agurren tartea eta sukaldaritza atala ere. Arratsaldean, berriz, ETB1ek beste eskaintza bat egingo du neska-mutikoentzat: 3txulo jokoan lehiaketa (19:00etatik 20:00etara). Horrenbestez, ETB1ek astegunetan hiru orduko eskaintza egingo du haurrentzat.
Miramongo egoitzan aurkeztu zituzten atzo bi saioak, eta Xabier Aurrekoetxea ETB1eko Programa zuzendariordeak nabarmendu zuen berrikuntza «handia» izango dela arratsaldeko saioa. Amaia Ruiz de Galarreta aktorea —Goenkale-n ibilitakoa— eta Luki azeria —Aintzane Crujeiras aktoreak antzeztua— izango dira programako aurkezleak. «Etxeko txikienekin jolasteko aukera egongo da saio horretan», esan zuen Aurrekoetxeak.
Jon Larrañaga 3txulo-ko zuzendariak adierazi zuen 3txulo unibertsoa handitu egin dutela. «Gure asmoa da alaitasuna ekartzea ETB1era. Goizeko saioa Euskal Herriko neska-mutikoen iratzargailua izango da». Saioak dekoratu berria izango du, eta pertsonaien jantziak ere aldatuko dira. Zuriñe Hidalgo pozik mintzatu zen: «Dotore-dotore gatoz ETB1era. Abentura pila bat izango ditugu saioan, eskulanekin jarraituko dugu, baita sukaldaritzarekin ere».
Arratsaldeko lehiaketari dagokionez, «gaztetxoen arnasgune» izan nahiko lukeela iragarri du Larrañagak. «Era guztietako jokoak izango ditugu; intuizioarekin lotura dutenak, baita jakintzarekin lotutakoak ere. Erreportajeak izango ditugu egunero. Eta talentuen bila joango gara Euskal Herriko herrietara». Parte hartzaileek (0034) 902-54 01 23 telefono zenbakira deitu beharko dute, sariak lortzeko. Ruiz de Galarretak iragarri zuen ostiraletan sari «potoloak» izango direla. Larrañagaren arabera, saioaren helburua «interaktiboa» izatea izango da: «Nahi dugu jendeak deitzea. Baina guk ere deiak egin eta ezustekoak emango ditugu. Ea denen artean lortzen dugun ondo pasatzea». Aurrekoetxeak azaldu zuenez, lehiaketarekin «zubi lana» egin nahi dute, «txikietatik gazteei begira».
3txulo ETB1en emango dute lehenbizi, baina hurrengo egunean errepikapena ETB3 katean ikusi ahalko da. Asteburuan, gainera, ETB3k 3txulo-ren pilulak emitituko ditu.
Haurrentzako hiru orduko eskaintza egingo du ETB1ek astegunetan
'3txulo jokoan' lehiaketa berria emango du euskarazko kateak, 19:00etatik 20:00etara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu