Haurrentzako galegozko eskaintza indartuko du TVGk

Xabarin ekinbidea aho batez onartu dute Galiziako Parlamentuan. 33.000 sinadura bildu dituzte

Galegoaren alde lan egiten duten elkarte eta taldeek sustatu dute Xabarin egitasmoa. NORMALIZAZIO LINGUISTIKOAREN MAHAIA.
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Galegoaren eskubideen alde lan egiten duen elkarte nagusiak, Normalizazio Linguistikoaren Mahaiak, herriz herri eta garai zailetan egiten duen esfortzuak bere fruituak eman ditu: Galiziako Parlamentuak aho batez onartu zuen atzo TVGk haurrentzako eta gazteentzako kanal bat sortzea. Galegoz egingo du eskaintza kateak, eta zuntz optikoaren, satelitearen eta ADSLaren bidez zabalduko dute. Baita teknologia eramangarriaren bitartez ere. Normalizazio Linguistikoaren Mahaiak azkeneko hilabeteetan lan handia egin du ohartarazteko TVGn oso gutxi direla haurrentzako eta gazteentzako emankizunak, eta beharrezkoa zela galegozko eskaintza handitzea.

PPk agintzen du Galiziako Xuntan, eta, herenegun egin zuten eztabaidan, alderdi horretako ordezkari Raquel Ariasek iragarri zuen neska-mutikoentzako kanal digitalak indartuko dituztela. Adierazi zuen, halaber, LTDko kateetan arrakasta «oso txikia» duela egun haurrentzako eskaintzak. Distantziak distantzia, datu argigarri bat, apirilekoa: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ETB3k %0,1eko ikusle kuota izan zuen.

Galegoaren eskubideen alde lan egiten dutenek 33.000 sinadura bildu dituzte Xabarin egitasmoan, eta herri ekinaldi legegileak eragin du alderdi politikoek horrekin bat egitea. Egitasmo horretako beste proposamen batzuekin ere bat egin dute PPk, PSOEk eta BNGk: Espainiako Gobernuak berma ditzala TVEn eta streaming bidezko plataformetan galegora bikoiztutako eta azpidatzitako edukiak. PPko ordezkariak TVEn jarri du arreta, eta nabarmendu du telebista horren haur programazioak eta gailu eramangarrien aplikazioarenakgalegoz egon beharko luketela.

Normalizazio Linguistikoaren Mahaiak Galiziako gizartearen «garaipen kolektibotzat» jo du parlamentuan onartutakoa. Gogorarazi du azkeneko hamabi urtean galegoaren inguruan egon den lehen akordio handia izan dela. «Gure hizkuntzan izan diren aurrerapen guztiak mobilizazioak eta aktibismoak lagunduta joan dira», esan du Mahaiak.

Datorren astelehenean manifestazio bat egingo dute Santiagon, Queremos Galego taldeak deituta, hizkuntzaren eskubideen alde.

TVGren emisioa, Youtuben

Galiziako irrati-telebista publikoarekin lotutako beste albiste garrantzitsu bat heldu da aste honetan: TVGren nazioarteko seinalea —galego hutsean da— Youtube plataforman ikusgai dago astelehenetik, etenik gabe, egunaren 24 orduetan. Edonon ikus daiteke galegozko telebista www.youtube.com/tvg helbidean. Horrez gain, telebista publikoaren zenbait eduki propio jarri dituzte kanalean: albistegi zerbitzuek eguneko albisterik garrantzitsuena minutu batean kontatzen dute. Digochoeu hezkuntz proiektuaren 480 bideo daude ikusgai bertan, baita TVGko saio ezagunen une dibertigarriak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.