Frantziako Senatuak haur influencer-en eskubideak babesteko lege proiektu bat aurkeztu du uda aurretik; hain justu, 16 urtetik beherako gazteen irudien «ustiapen komertziala» arautu nahi dute, garapen fasean dauden adin txikikoen intimitatea eta ohorea babesteko asmoz.
Hala, lege hutsune bat bete nahi dute, eta sare sozialetan hedatutako irudien bitartez sortzen diren irabazien kudeaketa arautu. Zineman, telebistan eta bestelako ikuskizunetan agertzen diren haurren eskubideak araututa daude, baina horri influencer-en kasua erantsi nahi diote. Legea indarrean sartuz gero, Haur Animazioen Komisioak onartu beharko luke 16 urtetik beherako haurren irudien erabilera oro. Sare sozialen eta plataforma digitalen arduradunek kontu baten erabileraren inguruan informatzeko protokoloak sortu beharko dituzte, eta adin txikikoen argazkiak eta bideoak identifikatzeko eta ohartarazteko sistema bat prestatu.
Legeak abiada bizian ugaldu den fenomeno bati erantzun nahi dio, baina ez da lan makala izango bermeak ezartzea. Izan ere, Internet oso tresna azkarra da, eta klik bakarrean eta oso erraz heda daiteke edozein irudi. Gainera, mundu mailakoa da sarea, eta herrialde bakoitzeko justizia sistema ezberdina da; ondorioz, hartu daitezkeen lege neurriak ere tokian tokikoak dira.
Geroz eta famatuagoak, aberatsagoak eta ugariagoak. Influencer kopurua abiada bizian hazi da azken urteetan, sare sozialak ugaritu eta hedatzearekin batera. Influencer-ek euren eguneroko bizitza sare sozialetan kontatzen dute, eta zenbat eta famatuagoak eta ezagunagoak izan, hobe. Marken akuilu dira, eta herritarren kontsumo erabakietan eragin nabarmena dute. Askoren erreferente dira.
Haurren kasuan ere, asko dira sare sozialetan jostailuak, marrazki bizidunak eta bideo jokoak sustatzen dituztenak. Erabiltzaile gazte horiek marka askoren harrobi bihurtu dira, espresuki haurrentzakoak diren produktuak haurrek saltzen dituztelako. Diru kopuru handiak irabazten dituzte markek sustapen horiei esker, jarraitzaile eta eragin nabarmena baitute. Irudia dute lanabes eta jardunaren oinarri, eta, printzipioz, norberak erabakitzen du jartzen dituen bideo eta argazkien edukia. Haurrak direnean, ordea, zer erabaki gaitasun dute? Non dago sortzen eta jartzen duten edukiaren gaineko kontrola?
Sare sozialetan jartzen diren argazki eta bideoak mundu digitalean murgiltzen direnean, igorlearen kontroletik at dagoen eremuan sartzen dira. Atal fisikotik teknologikora egiten dute salto, eta edonon, edonoiz eta edonola heda daitezke.
Legez, zenbait muga ezarrita daude dagoeneko. Europako Batasuneko datu pertsonalen babesa arautzen duen legeak 16 urtetan ezartzen du sare sozialak nork bere kabuz kudeatzeko muga. Hots, 16 urtetik beherako haurrek ezin dute euren kabuz kudeatutako konturik izan sare sozialetan. Bestalde, herrialde bakoitzak muga hori arintzeko aukera dauka. Esaterako, Hego Euskal Herrian 14 urtetan dago ezarrita muga, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, 15 urte da minimoa. Errealitatea, baina, korapilatsuagoa da. Jesus Soler Global Factory aholkularitza enpresako zuzendari juridikoa da, eta datu pertsonalen babesean espezializatutako abokatua. Ohartarazi du muga hori betetzeko baliabiderik ez dagoela: «Sare sozialen kudeatzaileek azaldu izan dute, iragazkiak badituzten arren, erraza dela horiek gainditzea eta adinaren muga hori zorrotz betetzea oso zaila dela». Gainera, Europako Batasuneko legeari dagokionez, adibidez, sare sozial hori esparru juridiko horretatik at dagoen herrialde batean sortu bada, herrialde horretako legea aplikatuko da.
Adingabeen arrakasta
Datuak argigarriak dira. Unicefek argitaratutako datuen arabera, munduko sare sozial erabiltzaileen %33 adin txikikoa da. Ryan, esaterako, 7 urteko haur estatubatuar bat da, eta 3 urte zituenetik du Youtube-ko kanala. Ryan Toy izeneko kanalean, jostailuak ireki eta erakusten ditu haurrak. 11 milioi dolar (9.276.047 euro) irabazten ditu urtean. 15 milioi harpidedun baino gehiago ditu. MattyBRaps-ek 11 urte ditu, eta abestiak jartzen ditu Youtuben. Hilean 120.000 dolar (101.189 euro)eskuratzen ditu, eta 50 milioi harpidedun ditu bere kanalean. Antzeko kasu ugari daude munduan, eta, normalki, diru hori gurasoek kudeatzen dute.
Solerrek ohartarazi du legeak zenbait zehaztapen egiten dituen arren, gehiegikeriaren muga zehaztea nahiko zaila izan daitekeela: «Legeak ezartzen duena da adin txikikoaren eskubideren urratzen bada, edo irudi horiek bidegabe erabiltzen badira, fiskaltzak esku hartu dezakeela». Halere, uste du gurasoen kasuan oso zaila dela neurtzeanoiz gertatzen den «gehiegikeria», bereziki alor digitalean. «Badirudi mundu fisikoan marra gorriak argiago daudela, baina irudi digitalaren kasuan egokiaren eta desegokiaren arteko muga oso lausoa da».
Ana Isabel Perez EHUko Zuzenbide fakultateko irakasleak azaldu du badagoela babesa indartzen duen zehaztapen bat: «Irudi baten erabilera baimendua izan arren, kontsideratzen bada irudi horren hedapenak haurraren izen ona eta ohorea urratu dituela, edo bere interesen aurkakoa dela, erabilera ez-legitimoa da».
Salaketa formal bat jartzea izan liteke adin txikikoen eskubideak babesteko biderik eraginkorrena. Datu pertsonalen babeserako legeak ez ezik, adin txikikoen eskubideen legeak ere babesten dituelako haurrak. Munduan izan dira zenbait kasu. Esaterako, Austriako neska batek bere gurasoak salatu zituen 18 urte bete bezain laster; izan ere, Facebooken bere haurtzaroko 500 argazki baino gehiago aurkitu zituen gazteak. Gurasoei argazkiak ezabatzeko eskatu zien, baina ez zituzten ezabatu, eta, azkenean, datu pertsonalen babeserako legea oinarri hartuta salatu zituen. Izan ere, adin nagusikoa izanda, gazteak eskumen oso dauka bere irudiaren hedapena eta erabilera kudeatzeko.
Haur batzuk gurasoen bitartez heltzen dira influencer izatera, eta beste zenbaitek euren kabuz aurkitzen dute mundu hori. Iban Garcia azkoitiarrak (Gipuzkoa) 2011n ezagutu zuen Youtube plataforma, 11 urte zituenean. «Ezjakinean hasi nintzen bideoak kargatzen, saltsan», azaldu du Garciak. Horrela, birritan pentsatu gabe eta zertan ari zen ondo jakin gabe aurkitu zuen sare sozialen mundua. Apurka, hazten hasi zen bere influencersena. «Gero, ikusi nuen jendeak grabatzen zuela bere burua etxean, eta pentsatu nuen: zergatik ez?». Gogoan du «isilpean» gorde zuela bere izaera digitala, eta gurasoei ere ezer gutxi kontatu ziela. 21 urte ditu Garciak egun, eta 104.000 jarraitzailetik gora Instagramen.
Oro har uste badu ere ez diola inork bere eskubideren bat urratu, kontziente da sarean dauden arriskuez eta mehatxuez. «Egia da ni hasi nintzenean Influencer mundua nahiko ezezaguna zela eta jendeak ez zuen ulertzen zertan ari nintzen». Izan ere, irudiaren hedapenak inguru hurbilean ere eragin dezake. «Hasieran, batez ere, nahiko gaizki pasatu nuen ezagunen edota ikaskideen kritika asko jaso nituelako. Gero ikasi nuen kritika horiek albo batera uzten». Garciaren kasuan, gurasoek hasieran ez zutenez ezer jakin, ez da inolako manipulaziorik egon. Are, Maite Aizpuru —Iban Garcianen ama— semearekin batera ari da gaur egun bideoak egiten: «Ni ere animatu naiz, semearekin parte hartzen dut bideoetan, eta hori bada niretzat bera babesteko modu bat». Aizpuruk beti ikusi du begi onez semearen jarduna, uste baitu «gustura» dagoela. Baina ezinegona badu, eta aitortu du batez ere hasieran zalantza asko zituela. «Guztiz mundu ezezaguna zen niretzat, eta, bai, sortzen zidan mesfidantza, eta oraindik ere badut beldur puntu bat; nik beti esaten diot: 'Iban, hankak lurrean!'». Semeari norbaitek iruzur egiteak kezkatzen du Aizpuru, esaterako.
Ama beti ondoan izan duela baieztatu du Garciak eta ,ondorioz, «mugak» berak ezarri dizkiola bere buruari. «Markekin, adibidez, orain oso argi dut nik erabiliko nituzkeen produktuak bakarrik sustatuko ditudala, gazteagoa nintzenean errazago itsutzen nintzen». 16 urte zituenetik manager bat ere badu Garciak, eta hark egiten du marken eta gaztearen arteko bitartekari lana. «Nire irudia zaintzeko modu bat ere bada, ez baita oso txukuna ni neu izatea markekin negoziatzera doana». Adin txikikoa zenean, diru trukerik ez zegoen markekin, eta produktuak eskuratzearen truke egiten zituen sustapen iragarkiak.
Orokorrean, egindako bidearekin pozik dago Garcia, eta uste du ekinean ikasi duela. «Gauza batzuk orain kontzienteki zaintzen ditut: nik erabakitzen dut zer ezagutarazi nahi dudan eta zer intimitatean gorde; adibidez, arazo pertsonalak, nire lagunak, nire arreba... ez dira nire bideoetan inoiz agertzen». Esperientzietatik ikasi du:«Gogoan dut behin, nahigabe, nire etxeko ataria grabatu nuela. Bideoa kargatunuen, eta, gero, jendea etorri zitzaidan etxera txirrina jotzera; ordutik, tentuz aztertzen dut bideoan zer ageri den».
Formakuntza eta ezagutza
Legearen moldaketan eta egokitzapenean ez ezik, hezkuntzan ere jarri behar dela arreta uste du Perezek. «Garrantzitsua litzateke kontzientziazio lan bat egitea, haur eta gazteei gaiaren inguruko informazioa helaraztea». Horrez gain, Perezek uste du ez dagoela arazoaren inguruko ardura kolektiborik: «Gehiago ikertu behar da gaiaren inguruan, eta ikusgarritasuna eman; gizartea ez da ari arazoa bere gain hartzen».
Solerrek uste du, legeak lagun dezakeen arren, ia ezinezkoa dela kontrol osoa edukitzea; horregatik, esplikatu du ondo neurtu behar direla haurren irudi horien hedapenaren onurak eta kalteak: «Balantzan jarri behar da, ea zenbateraino merezi duen arriskatzeak, ea adingabeen babesaren ikuspegitik benetan merezi duen irudi horiek hedatzeak».
Haurrak sarean: non dago muga?
Haur 'influencer'-en irudi eskubideak babesteko lege proiektu bat onartu du Frantziako Senatuak. Hala, sare sozialetan ageri diren adingabeak babestu nahi dituzte. Abokatuek ohartarazi dute oso zaila dela sarean mugitzen diren irudien gaineko erabateko kontrola izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu