'Cristobal Balenciaga' telesaileko zuzendarietako bat

Jose Mari Goenaga: «Hau fikzio bat da, espekulazio bat»

Disney Plus ordainpeko plataformak ‘Cristobal Balenciaga’ sei ataleko telesaila estreinatu du. Moriartiko zuzendariek egin dute fikzioa, Lourdes Iglesiasen ideia batetik abiatuta.

(ID_13478396) Jose Mari Goenaga zinemagilea. Disney Plusek \'Cristobal Balencia
ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2024ko urtarrilaren 20a
05:00
Entzun

Aurreneko aldiz telesail bat zuzendu dute Jose Mari Goenagak (Ordizia, Gipuzkoa, 1976), Jon Garañok eta Aitor Arregik. Hurrengo proiektuak zinemako film luzeak izango direla iragarri du Goenagak.

Iritsi da estreinaldia. Ez al duzue pena Donostiako Zinemaldian pantaila handi batean ez estreinatzeagatik?

Bai, egia esan pena handia eman zigun estreinaldia atzeratzeak. Bazirudien telesaila Zinemaldian emango zutela [Sail Ofizialean]. Baina, azkenean, Disneyk erabaki zuen estreinaldi data 2024an jartzea, eta horregatik ez ginen zinema jaialdian egon. [Datorren astelehenean lehen hiru atalak proiektatuko dituzte Donostiako Viktoria Eugenia antzokian].

Film luzeen neurrira ohituta zaudete. Nola egin zenituzten gidoiak sei ataletan garatzeko?

Aurreko lanetan, gidoi bat genuen, eta horrekin hasi ginen lanean. Kasu honetan, Lourdes Iglesiasen planteamendua genuen, baina gauzak jorratzeko zeuden. Disneyren baiezkoa jaso genuenean, burua astintzen hasi ginen: gidoietan prozesu bat egon zen. Dokumentazio lanarekin hasi ginen, oinarri bat izateko. Gero, telesailak izango zuen egituran pentsatzen hasi ginen. Atal bakoitzean zer kontatuko genuen erabaki behar genuen.

Balentziaga luxuaren ikur izanik, argi zegoen jantziterian esfortzu berezia egin behar zenutela, ezta?

Erabatekoa. Bi jantziteria desberdindu behar dira: batetik, garai hori [1930etik 1970era arteko hamarkadak] birsortzeko behar den guztia. Hau da, pertsonaiak eta figuranteak nola jantzi behar diren. Eta, bestetik, Balentziagaren sormenak garatzea. Biek zailtasun handiak zituzten. Bina Daigelerrek Disneyren Mulan filmean jantziteria egin zuen, eta gurekin lanean hasi zen. Hark esaten zuen figurazio aldetik konplexua zela, atal bakoitza ia hamarkada desberdin batean girotua dagoelako. Zaila zen hori dena kudeatzea. Gainera, telesailean ez dago pobrerik: denak aberatsak dira. Eta beste kontu bat: Cristobal Balentziagak berak ezin du neurrira egina ez dagoen traje bat eraman.

Balentziagak diseinatutako soinekoak daude.

Bai, zeren soineko horiek ez dute girotze helburu bat bakarrik, baizik eta istorio bat kontatzen dute. Aholkulari gisa Miren Arzalluz izan genuen, eta Balenciaga etxeko artxiboen ateak ireki zizkiguten. Baina garai bakoitzerako esanguratsuak ziren soinekoak behar genituen, eboluzio bat ikusi behar zen Balentziagaren jantzietan. Kasu batzuetan, interesatzen zitzaigun soineko bat, baina ez zen batere erraza; adibidez, orduan erabiltzen zen oihal bat egun existitzen ez delako. Lan konplexua izan zen. Makillaje sailarekin ere erabateko harreman zuzena zuen jantziteriaz arduratzen zenak.

Telesaila ikusten duenak pentsa dezake: Balentziaga benetan horrelakoa al zen?

Ez dakigu. Hau fikzio bat da, espekulazio bat da. Balentziagaren lanaren gainean informazio asko dago, baina haren intimitateari buruzko oso datu gutxi daude. Hirugarren pertsonen bitartez iritsi gara Balentziagarengana, eta kontraesanak daude. Saiatu gara asko pentsatzen Balentziagaren bizitzak zeri buruz hitz egiten digun guri. Edo beste modu batean esanda: guri buruz hitz egin nahi genuen, Balentziagaren bitartez. Haren hermetismoa eta haren misterioa ageri dira, noski. Baina elukubratzen saiatu gara. Bestetik, datu askok eraman gintuen pentsatzera bere lanaren kontrolarekin itsututa zegoela. Bere lana erabat kontrolatu nahi zuen, eta hori interesgarria egiten zitzaigun. Alde horretatik, identifikatuta sentitu ginen.

Beste norbaitekin alderatuko zenuke Balentziagaren izaera?

Bai, komentatu izan dugu Stanley Kubrick zinemagilearekin alderatu zitekeela. Kubricki buruz esan izan da den-dena zaindu behar zuela, dena kontrolatzen zuela, eta misterioa dago haren inguruan. Badaude parekotasunak. Telesailean, bestalde, interesatzen zitzaigun erakustea nola erreakziona zezakeen Balentziagak berak kontrol hori galtzen bazuen.

Nicolas Bizkarrondo enpresaria eta haren emazte Virgilia Mendizabal euskaraz mintzo dira haien artean. Zergatik ez dute egiten euskaraz Balentziagarekin?

Disneyk nahi zuen hizkuntza bakoitza errespetatzea, baina ikusten genuen euskara gehiegi jarriz gero Disneyk atzera botako zuela. Dena den, gertatzen da pertsona batzuen artean harremana gaztelaniaz izatea, nahiz eta euskaraz jakin. Ez dakigu fikzioan hori koherente ikusten den ala ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.