Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Harribitxi bat euskaraz

2024ko urtarrilaren 11
05:00
Entzun

Orain dela gutxi jakin nuen Primeran plataforman L’effondrement telesail frantses entzutetsuaren euskarazko bikoizketa, Kolapsoa, jarri zutela. Aspalditik zerrendan nuen telesaila izanik, bi txori tiro batez hiltzeko unea zela jakin nuen: 2020. urte madarikatu hartan horren arrakastatsua eta, zoritxarrez, erreala izan zen fikzio hura ikusi eta, bide batez, gurean dugun euskal bikoizketa paregabeaz gozatu.

Izatez, 2019. amaierakoa da L’effondrement. Modu harrigarriki iragarlean, Les Parasites izeneko hirukoteak zuzendutako telesail paregabe horrek mundu mailako kolapso batek testuinguru ezberdinetan eragindako kalteak kontatzen ditu. Plano sekuentzian filmatutako zortzi ataletako bakoitzak testuinguru horietako bat darama izenburuan: Supermerkatua, Gasolindegia, Herrixka, Zahar-etxea, eta abar. Atalez atal egoeraren tentsioa areagotzen doa, mozketarik ez duen sorbalda gaineko kameraren etengabeko mugimenduengatik, batetik, eta ikusleak egoerarekiko duen ezjakintasunarengatik, bestetik: ez baitzaigu momentu bakar batean ere azaltzen zerk eragin duen nazioarteko kolapso hori. Telesailak planteatzen dituen egoera ezberdinetan zehar, sortzaileek modu ezin hobean mahaigaineratzen dute elkartasunaren eta biziraupenaren arteko dilema morala, etengabe gure gizartearen isla izugarri bat planteatuz —nahiz eta Zahar-etxea izeneko kapitulu gogoangarria erabiltzen duten muturreko egoeretan pertsona batzuek duten gizatasun hunkigarria aldarrikatzeko—.

Ezin fikzio hori ikusi eta Black Mirror entzutetsuaren zantzurik ez antzeman. Azken horrek duen zientzia fikzio kutsua falta duhizketagai dugun telesailak, ordea; oraindik errealagoa eta, beraz, beldurgarriagoa eta dramatikoagoa egiten duena.

Bikaina da L’Effondrement; baina, baimentzen badidazue, Kolapsoa guretzako bikainagoa dela esango nizueke. Izan ere, lerro hauek idazteko dudan aukera zerbaitetarako baliatu nahi badut, telesaila euskaraz eta Primeran plataforman ikus dezazuen gomendatzeko baliatuko dut. Kalitate altuko telesail bat euskaraz ikusteko aukeragatik, behintzat, egin ezazue. Ikusita, gainera, denbora bat igaroko dela berriz ere 2020an gurean izan genuen euskal uztaren tamainako ezer izan arte, mesedez, behintzat kontsumitu ezazue euskal bikoizketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.