'Hardball' Youtuben ere estreinatu du ETBk, eta bide hori baliatuko du

Orain arte, ETBk geroago jarri izan ditu edukiak Youtuben; zenbait kasutan, ez ditu bertan jarri

Australiako Hardball telesaila ostiraletan hasi da ematen ETB1. Gaztetxoei zuzendutako komedia bat da. ETB.
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Telebista batek bere edukiak Youtuben jarri ala ez jarri. Ala estreinatu eta bolada batera jartzea. Ala edukien arabera egitea aukeraketa. Gaiak askotariko eztabaidak eta hausnarketak eragiten dituela uste du Iñako Gurrutxagak, Eitb.eus-eko eduki arduradunak. Aldaketak iristen ari dira alor horretan EITB taldera. Hala antzeman daiteke joan den ostiraleko estreinaldia aintzat hartuta: ETB1ek Australiako Hardball telesaila —euskarara bikoiztuta— estreinatu zuen, eta, aurreneko aldiz, Youtuben ere ikusi ahal izan zen emanaldia.

Gurrutxagak azaldu duenez, kanpoko edukien erosketaz arduratzen den taldea eskubide bat ari da lortzen egunotan: euskarara bikoiztutako edukien mugarik gabeko hedapena. «Hardball izan da aurrenekoa, baina bide horretatik jarraitzea da asmoa».

Erabakiak estrategia aldaketa bat dakarrela aitortu du EITBko ordezkariak: «EITBren edukiak ahalik eta leiho gehienetan, eta ahalik eta bizkorren eskaintzea da asmoa, batez ere euskarazko edukiak».

Aurretik hartutako erabakiak zertan izan diren eta nola eman diren argitu du, era berean, Gurrutxagak. EITBk Interneteko nahieran eskaintza nola egin aztertu zuenean, plataforma propioa sortzea erabaki zuen, eta momentu hartan Youtube baztertu. Hartara, EITBren Nahieran-eko eskaintzak zuen lehentasuna. Eduki batzuk handik egun batzuetara igotzen zituzten Youtubera.

Go!azen telesailaren kasuan, bestalde, gailu eramangarrietarako aplikazio bat sortzea erabaki zuen ETBk. Eta horregatik egin zuen hautua neska-mutikoei zuzendutako fikzioaren eduki batzuk Youtubera ez igotzeko.

Gurrutxagaren iritziz, plataforma propioa izateak eragiten du edukien gaineko erabateko kontrola mantentzea, baina zabalkunde zailagoa eta mugatuagoa: «Erabiltzaileak dauden lekutik erakarri behar dituzu».

Aitzitik, kanpoko plataformak eragiten du norbere edukiekin egiten denaren kontrola galtzea. «Baina zabalkundea errazagoaizaten da, eta erabiltzaileak dauden lekura eramaten dituzu edukiak».

Gurrutxagaren iritziz, EITB publikoa izanik, «oso ondo» neurtu behar da edukiekin egiten den kudeaketa. Edukiak Youtuben jartzerako orduan, irizpide hauekhartu zituen aintzat EITBk: «Mundura zabaltzea, publiko berriak erakartzea eta komunitateak sortzen laguntzea».

Neska-mutikoei zuzendutako telesail bat da Hardball, eta bikoizketan lagunarteko euskararen alde egindako apustua nabarmendu du ETBk. Ostiraletan ETB1en ikusi ez duenak Youtuben ere ikusi ahalko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.