Duela hamar urte, 2013ko martxoaren 15ean hain zuzen, sortu zen Ataun irratia. Ioar Aizpurua ataundarrari bururatu zitzaion irratia sortzea,11 urte besterik ez zuela. Herriko eskolan, ostiraletan, irratia egiten zuten ikasleek, eta Aizpuruaren hitzetan, han zaletu zen.Oso modu xumean hasi zen, baina gaur egun hamar bat kide ditu irratiak, eta online entzun daiteke, ataunirratia.eus webgunean.
«11 urterekin ez nuen gaitasun handirik gauza handiak egiteko, eta nire gustuetatik abiatuz sortzen nituen edukiak», aipatu du Aizpuruak. Adibidez, bere gustuko musika komentatzen aritzen zen. Kontatu duenez, lehenengo urtean irratia podcast baten formatura hurbiltzen zen. Lehen hiruzpalau urteak bakarrik egin zituen gazteak, eta urteek aurrera egin ahala, lantaldea handituz joan da.
Informatika kontuetarako erraztasuna izan du beti Aizpuruak, eta esan du horrek «gehiago ikasteko eta garatuz joateko aukera» eman diola. Bide horretatik joan, eta soinu teknikari izateko ikasketak egin zituen. Horrek ere ate dezente ireki dizkiola gehitu du: «Irratiaren eta komunikazioaren munduko jendea ezagutzeko aukera izan dut, bai Euskal Herrian eta baita hemendik kanpo ere». Gauza berriak ikasi ahal izateko aukera emandio horrek.
«Gure ekoizpena nahiko xumea da», aipatu du ataundarrak. Gaur egun hiru saio propio ditu Ataun irratiak: saio «musikalak, kulturalak eta magazin estilokoak» direnak. Aizpuruak berak Bide ertzean saioa aurkezten du, astelehenetik ostiralera izaten da, 10:00etatik aurrera. Ostiral arratsaldeetan, 19:00etan, Gorka Santestebanek Ostiraltxo saioa egiteko ardura du. Larunbatetan, 12:00etatik aurrera, Leire Perlinesek Top ATI saioa gidatzen du. Horretaz gain, Arrosa irrati sarean ere badago Ataun irratia, eta sareko kide diren irratien edukiak emateko baimena dute.
«Eraldaketa»
Aizpuruak kontatu du datozen urteetarako helburu batzuk finkatuak dituela lantaldeak, eta irratia eraldatzea dela asmoa, «musikatik haratago joanez». Lehen pauso gisa, FM lizentzia lortu nahi du Ataun irratiak: «Uste dut zailena egina dugula, eta, nire ustez, lortuko dugu frekuentzian emititzea», aipatu du. Herritarrek asko eskatzen omen dieten zerbait da FM lizentziarekin emititzea. Ataundarrak uste du hori lortuz gero beste adin batzuetako entzuleengana iristeko aukera izango dutela.
Irratiaren sortzaileak aipatu du duela hamar urte ez zuela uste proiektu serio bat bihurtuko zenik: «Urtez urte gauza asko pasatu izan zaizkit burutik». Orain, ordea, irratiak talde serioa duela esan du, eta kide guztiak proiektuaren alde dena emateko prest daudela.
10. urteurreneko urtea ospakizunez beteta egotea nahi dute: «Ez ditugu ospakizunak egun bakar batean egingo». Hala ere, adierazi du asmoa dutela ospakizun berezi bat prestatzeko: «Zerbait berezia egiteko asmoa dugu irratiko kideok, baina oraindik ezin dugu ezer aurreratu».
Handituz joan den irratia
Hamar urte bete ditu Ataun irratiak. Gaztetxo batek sortu zuen irratia 11 urte zituela, bere bi zaletasun batuz: irratigintza eta informatika. Gaur egun hamar bat pertsonako lantaldea du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu