Hamaikaren 'Kolpez kolpe' saioak gaur amaituko du denboraldia

Programa 100. atalera iritsi da. Udan esketx berri bat egingo dute, errepikapenekin emateko

Naroa Iturrik aurkezten du Hamaika telebistako Kolpez kolpe saioa. HAMAIKA.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun

Kortaturen estudioko hirugarren diskoa, 1988. urtekoa: Kolpez kolpe. 34 urte geroago, Hamaika telebistan ari dira kolpez kolpe. Ekhiñe Atorrasagasti kazetariaren zuzendaritzapean, Kolpez kolpe magazina ematen dute asteazken gauetan. Duela gutxi 100. atalera iritsi ziren. Gaur, berriz, denboraldiko azkeneko atala emango dute (22:30), udako denboraldiari hasiera eman aurretik. Atorrasagastiren arabera, «San Joan bezpera propioa» egingo dute, 23 gauaren bezperan.

«Erre ez zenituzten sorginen alabak gara gu», ihardetsi du Atorrasagastik. «Eta, ondorioz, gure konjuru propioak egingo ditugu. Aurka ditugun energiak uxatzeko, antzezlan txiki bat egingo dugu». Tessa Andonegi arduratzen da egin ohi dituzten esketxen gidoiez. Platoan izango da Andonegi bera, Miren Ibarguren analistarekin batera. Ibai Fresnedok, berriz, Kamikaze atalaren urteko unerik onenak eskainiko ditu. «Denboraldiaren hautaketa bat izango da saioaren muina». Ekhill doktoreak ere urteko onena berreskuratuko du.

Naroa Iturri da programako aurkezlea. Atorrasagastik, berriz, kameraren atzean lanean ari den taldearen ahalegina goraipatu du: Andrea Lopez, Lara Iturain, Martxel Arkarazo eta Axi Aizpuruaren lana arlo teknikoan; Maddi Mochalesena, ekoizpenean; Nagore Sarasolarena, grafismoan. Dagoeneko 100 atal egitea lortu dute, eta sentimendu kontrajarriak ditu Atorrasagastik: «Umorezko kazetaritza egiteko lan handia dago atzean, eta baliabide gutxirekin batzuetan nahi bezala ezin ekoiztu ibiltzea etsigarria izan daiteke zenbaitetan. Baina, era berean, sentimendu baikor eta asebeteak dauzkat lantalde sendo, efektibo eta aukera asko ematen dituen bat sortu dugulako». Baikorra da saioko zuzendaria. «Bide emankorra dugu urratzeko aurrera begira».

Programak beste adar bat sortu du aurten: KZK news. Atorrasagastik berak aurkezten du. «Esperimentu bat da, eta sare sozialetan kanal berriak urratu nahi ditugu». Izan ere, Youtubeko zuzeneko bat da, berez, KZK news, gero Hamaikan ere ematen dutena. «Youtubeko audientziara iritsi nahi dugu. Umorez jositako kazetaritza da, baina atzean kazetaritza lan handia dago».

'Enbata dator' fikzioa

Kolpez kolpe-ren jarraitzaileak ez dituzte udan umezurtz utziko. Izan ere, gaur gaueko saioarekin ekingo diote udako eskaintzari. Datozen egunetan, Enbata dator izeneko esketx-antzezlan bat grabatuko dute, eta hori pilula laburretan emango dute uda honetan. «Gure helburua da denboraldian zehar egin ditugun ekoizpen onenak jostea, eta xingola berezi bat izango dugu horretarako: Enbata dator fikzioa». Tessa Andonegirena da gidoia, eta saioko lantaldeko kideek beteko dituzte aktore lanak.

Udazkenean ohiko formatura itzuliko da saioa. «Emakume askori ematen diogu ahotsa. Ahalduntze ariketari distira atera behar zaio», dio Atorrasagastik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.