Komunikazioa

Hamaikan 'Euskal egitura' saioa estreinatuko dute gaur gauean

Hamaika telebistaren ikusle kopuruak %16 egin du gora iaztik, CIES ikerketa enpresaren arabera

Arnaitz Lasarte.
2013ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Hamaika telebistak ekonomia eta gizarte gaien inguruko Euskal egitura saioaren lehen atala emango du gaur gauean, 22:00etan. Hamaikak Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behatokiarekin elkarlanean jarri du martxan proiektua. Hain zuzen ere, erakunde horretako koordinatzaile Imanol Esnaola izango da saioaren aurkezle. Ostegunero, 15 minutuz, Euskal Herriko egoera sozioekonomikoaz jardungo dira. Gaindegiak bildutako datuak azalaraziko dituzte astero, eta, horrez gain, Esnaolak euskal proiekturen bateko lagun bat elkarrizketatuko du astero.

Ez dira mundu osoko arazo ekonomikoez ariko, ezta teoria ekonomiko orokorren inguruan ere. Euskal Herriko egoera eta proiektuak izango dituzte erdigune: «Euskal Herria zertan den ezezaguna zaigu. Ezagutzen ditugu hango eta hemengo datuak, baina ez bertakoak».

Hala, hamabost minutuko saio «labur eta atseginean», Euskal Herriko errealitate ekonomiko eta soziala ezagutarazi nahi dute. Gaurko saioan, esaterako, lurralde antolamenduari buruzko datuk plazaratuko dituzte. Galtzen ari diren herrien egoera izango dute hizpide. Bestalde, Enekoitz Etxezarreta ekonomialariaren tesia aurkeztuko dute. Etxezarretak Gipuzkoan adineko pertsonak zaintzeko dauden zerbitzu publikoak aztertu ditu tesian, eta horretarako gizarte ekonomiak zein aukera eskaintzen dituen.

Bizkaian, gorakada handia

CIES Espainiako ikerketa enpresaren arabera, Hamaika telebistak egunero 93 mila ikusle ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.Hala, goranzko joerari eutsi ahal izan dio telebistak, 2012arekin alderatuta %16 igo baita ikus-entzule kopurua. Araban eta Gipuzkoan eutsi egin dio kopuruari, eta batez ere Bizkaian egin du gora. Horiek lurreko telebista digitalaren eta Euskaltelen bidezko ikusleen datuak dira. Hamaikaren esanetan, horiei Interneteko jarraitzaileak batuz gero, 130.000 ikusle inguru ditu.

Gurean gaur albistegiak, Esatea libre eztabaida saioak eta EH kirola dira ikus-entzule gehien duten saioak. Baina, horrez gain, harrera ona izan dute saio bereziek ere; esate baterako, presoen eskubideen aldeko manifestazioaren inguruko saioak eta Korrika 18ren inguruan egindako emanaldi bereziek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.