Urak eginen du bide dokumentalak, adituen eta pertsona ezagunen elkarrizketa eta testigantzen bidez, gaur egun euskarak ikus-entzunezkoen munduan duen egoera aztertzen du. Hizkuntzaren normalizazio prozesuan ikus-entzunezkoek nola eragiten duten eta euskarak aro digitalean aurrera egiteko zer erronka dituen aztertu dute egileek.
June Agirre, Alex Altuna eta Oier Markotegi Mondragon Unibertsitateko ikasleak dira zuzendari, egile eta ekoizle, eta Pantailak Euskaraz mugimenduarekin elkarlanean garatu zuten proiektua. Etorkizunari buruzko kezka baten ondorioz sortu zen haien ideia. Hiru helburu nagusi ditu dokumentalak: digitalizazio garai honetan euskarazko ikus-entzunezkoen egoeraren berri ematea, egoera horrek gizartearen hizkuntza ohituretan duen eragina aztertzea, eta, azkenik, herritarren kontzientzia aktibatzea euskarazko ikus-entzunezko edukien kontsumoa sustatzeko.
Urak eginen du bide bihar estreinatuko du Hamaikak, 21:30ean. Larunbatean eta igandean ere emango du ordu berean. LTD bidez eta kable bitartez ez ezik, Hamaika.eus/zuzenean webgunean ere ikusteko aukera izango da.
Elkarrizketatuen hausnarketak
Pantailak euskaratzeko erronkari begira, aintzat hartzeko hausnarketa ugari entzuten dira 30 minutuko lanean. Garikoitz Goikoetxea euskara teknikariaren hitzak oso adierazgarriak dira: «Eskaintzari erreparatzeko premia dago. Egun, 15-25 urte arteko gazte batentzat, zer dago euskaraz ikusteko?». Oharra argia da: «Badakigu euskarazko eskaintza handituta ere beti izango dela erdarazkoena baino mugatuagoa». Hortaz, Libe Mimenza EHUko ikerlari eta Euskal Hedabideen Behatokiko koordinatzaileak zera behar dela uste du: «Estrategia bat garatu behar da euskaratik eta euskararentzat pentsatua. Baina ez dut uste soilik gazteentzat egin behar denik, gizarte osoa zeharkatzen baitu pantailen eremuak». Goikoetxeak dio EITBri erreparatzen zaiola, «arrazoiz», baina begirada zabaltzea komeni dela uste du. «Komunikazioaren eta ikus-entzunezkoen esparrua ez baita EITBra mugatzen Euskal Herrian».
Euskaraz lan egiten duten hainbat profesionalen hitzak entzuten dira dokumentalean: Antton Telleria Mihiluze lehiaketako aurkezlea, Itziar Ituño aktorea, Nerea Arriola Go!azen telesaileko aktorea, Maddalen Arzallus Biba zuek magazinaren aurkezlea eta Sua Enparantza Irabazi arte telesaileko aktorea, besteak beste. Telleriak, esaterako, esaten du Mihiluze-k arrakasta duela «euskal komunitatera ondo bideratuta» dagoelako. Baina fikzioan ausardia falta dela iruditzen zaio: «Arriskuak hartzeko lanak ditugula ematen du. Garrantzitsua da jendeari egiten uztea». Ituñok mezu baikorra eman du: «Euskara aldeko balioa da. Ez digu ezer kentzen, eman egiten digu euskarak».
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia ere mintzo da Urak eginen du bide lanean. Euskararentzat ikus-entzunezkoak zein garrantzitsuak diren nabarmendu du. «Ikus-entzunezko lanekin imajinarioak lantzen dira, eta norberaren hizkuntzak zentzua hartzen du». Kike Amonarriz soziolinguistak, halaber, gaineratu du: «Telebista euskaraz ikusten duzun neurrian, hizkera hobetu egiten duzu. Zure hizkuntza gaitasuna indartu egiten duzu; beraz, euskaraz egiteko ziurtasuna handitu egiten duzu».
Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz mugimenduko bozeramaileak luze gabe heldu beharreko erronkak aipatu ditu: «Euskaldunok zinema aretoetan jasaten dugun diskriminazioa amaitzeko araudi bat sortzea; ekoizpena eta bikoizketa gehitzea; eta ikus-entzunezko sisteman ikus-entzunezkoen kontseilu bat sortzea, gainbegiratze lanak egiteko». Biribiltzeko, bi eskaera: «Erakundeei eskatuko genieke euskara erdigunean jartzeko. Eta herritarrei, aktiba daitezela».
Dokumentala 47. Euskal Zine Bileran estreinatu zuten, urrian, Lekeition (Bizkaia).