«Jauzi bat» eta «apustu bat». Ekhiñe Atorrasagasti eduki arduradunak dio horixe dela Hamaika telebistak egin duena smart TV edo telebista adimendunetarako euren aplikazio propioa abian jarrita: «Euskal komunitate digital horri guztiari zerbitzua eskainiko diogulako orain, muga geografikoak eta muga teknikoak gaindituz behin betiko».
Ostiralean atera zuten plazara, eta denen eskura dago. Hamaikaren sare sozialetan eta webgunean (Hamaika.eus) agertzen dira hura eskuratzeko azalpenak, baina oso sinplea eta erraza da: norberaren telebista adimendunetik Google Play plataforman sartu, Hamaika aplikazioa bilatu, aukeratu, eta instalatu. «Askok nahas dezakete sakelakoetan deskargatzen ditugun aplikazioekin. Argi eta garbi esan behar da hau telebista adimendunetarako aplikazioa dela. Gure egunerokoan jada txertatuta dauzkagun beste hainbat plataformarekin batera, euskarazko telebista bat egongo da orain Euskal Herri osora eta mundu osora zabaltzeko erronka txiki handiarekin», azaldu du Atorrasagastik.
Urtebeteko prozesu baten emaitza izan da Hamaikaren aplikazioa. Telebistako lantaldea «buru-belarri» aritu da egiteko horretan, Maddi Mochales digitalizazio arduraduna buru hartuta. Atorrasagastik nabarmendu du bi «indargune» dituela aplikazioak: munduko edozein tokitatik Hamaika telebisaren zuzenekoa digitalki ikusteko aukera bata, eta Hamaikaren menuan sartzeko aukera bestea: «Eta zer aurkituko dugu menu horretan? Eguneko albiste zerbitzuez gain, Hamaikak ekoitzi dituen saio esanguratsuenak: Musika zuzenean saioko atalak, saio bereziak, elkarrizketa edo monografiko konkretuak, Klik batean, Nafar away saioaren denboraldi berria eta aurrekoak, Hezurren memoria saioko kapituluak...».
Hamaika telebista lurreko telebista digitalaren eta Euskaltelen bidez ikus zitekeen orain arte, baita Interneten ere. Atorrasagastik azaldu duenez, «beste jauzi bat» da orain egin dutena: «Pandemia garaiaren ostean, birkokatze une batean gaude denok. Informazio zerbitzuak eta ekoizpen propioa indartzeko asmoarekin batera, erronka nagusia zen hedapen digitala erabat garatzea. Hamaikarentzat apustu handia da hau. Izan ere, Smart telebisten bidez, Euskal Herriko etxe guztietara bakarrik ez, mundu osoan barreiatuta dagoen euskal komunitatearen etxeetara iritsiko gara».
Datu propioak
Atorrasagastik dio hedabideen digitalizazioa «martxa bizian» sartu dela azken urteotan, eta «egiturazko aldaketak» horren azkar gertatzen diren garaiotan ezin direla «atzean» geratu. Alde horretatik, aplikazio hori «erabilera handikoa» izango da haientzat: «Zuzeneko datuak eskainiko dizkigulako. Zeren askotan CIESen datuen menpe egoten baikara, eta oso garrantzitsua da Hamaika telebistak bere datu propioak izatea, bere audientzia datuekin dagokion tokian aitortza bat izateko; besteak beste, finantzaketaren garrantzia berebizikoa delako, eta iraupena eta garapena horren menpe daudelako».
Finean, aplikazio horrek «aukera asko» ematen dituela dio Atorrasagastik: zuzeneko emisio hori edozein tokitatik ikusteko aukera emanda, eduki guztiak nahieran jarrita... Hamaikaren jarduna ikasgeletan erabiltzeko, Euskaltegietan baliatzeko aukera ere sortzen dela.
Hamaikak telebista adimendunetarako bere aplikazioa estreinatu du
Hamaikaren digitalizazioan «beste jauzi bat» da aplikazioa. Ostiralean jarri zuten eskuragarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu