Ikus-entzunezkoak

Hamaikak diasporako Aberri Egun bateratuaren ekitaldia emango du

Euskal Herria Batera-ren ekimenez, Aberri Egun bateratua ospatzearen alde egin dute diasporako hamar euskal etxek.

Aberri Eguna New Yorken, 2013an. KOITZ
Aberri Eguna New Yorken, 2013an. KOITZ
urtzi urkizu
2024ko apirilaren 2a
11:00
Entzun

Igandean Euskal Herrikio hainbat herritan ospatu zuten Aberri Eguna. Baina alderdi abertzaleek bakoitzak bere aldetik ospatu zuten. Munduko hainbat euskal etxetan, berriz, batera eta elkarrekin ospatuko dute aurten Aberri Eguna. Bihar, asteazkena, Aberri Eguna era bateratuan ospatuko dute hamar euskal etxek, eta Hamaika telebistak zuzenean emango du ekitaldia. 22:00etan hasiko da ekitaldi hori. Hamaikak lurreko telebista digitalaren seinalearen bidez emango du, baita Euskaltelen bidez, bere webgunean eta Youtubeko kanalean ere. Ekitaldia hedatzeko eskatzen dutenenei ere gauzak erraztuko dizkie Hamaikak.

Euskal Herria Batera egitasmoarekin bat egin dute munduko hainbat euskal etxek. Egitasmo horrek ekitaldia egin zuen larunbatean, Bilbon, eta 2025ari begira ekitaldi indartsuago bat egiteko asmoa azaldu du.

Honako hauek dira Aberri Egun bateratuaren alde egin duten euskal etxeak: AEBetan, New Yorkeko Euzko Etxea; Argentinan, Laurak Bat (Buenos Aires), Euskaltzaleak (Buenos Aires), Gure Etxe Maitea (Olavarria, Buenos Aires), Ibaiko Euskaldunak (Rio Colorado, La Adela-Rio Negro), Zazpirak Bat zentroa (Rosario), Aberri Etxea (Viedma-Carmen de Patagones-Rio Negro) eta Euskal Etxa Corpus Christi (Posadas Misiones); Kuban, Asociacion Vasco Navarra de Beneficencia (Habana); eta Herrialde Katalanetan, Euskal Etxea Artea (Palma).

Ekitaldia asteazkenean egingo da, 22:00etan, baina Euskal Herriko ordua da hori. Argentinan 18:00etan izango da; Sydneyn (Australia), 08:00etan; eta Boisen (AEB), 16:00etan.

Agiri bateratua

Aberri Eguna batera izeneko agiria sinatu dute aipatutako euskal etxeek. Eta honako hau diote: «Euskal diaspora dagoen herrialde guztietan, zeintzuetan Euskal Herritik iritsitako gure arbasoei harrera egin zieten, harro, batasunez eta pozez ospatzen dugu jaio eta/edo bizi garen herrialde horretako egun nazionala». Mundu zabalean dauden euskal etxeek haien jatorriarekiko lotura mantentzeko modua eman dietela goraipatu dute. «Hala ere, frankismoaren urte ilunetan, euskal etxeak izan ginen euskal nazioaren nortasunaren aldeko suari eusteko babeslekua. Hamarkadaz hamarkada, gure egun nazionala, Aberri Eguna, ospatu dugu mundu osoko euskal etxeetan, komunitatean eta senidetasunean». Tradiziotik harago, Aberri Eguna oraina eta etorkizuna dela uste dute euskal etxeek. «Gure nazioa den bezala. Senidetasunaren egun nazionala da, euskal nazio osoarekin bat egiten dugu 2024ko Aberri Egunaren ospakizunean, eta euskaldun guztion Aberri Eguna elkarrekin eta batasunez ospatzeko baldintzak sortzera dei egiten dugu».

Bagara eta badugu testua euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez eman dute argitara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.