Hamaikak 'Bizib(h)erri' saioa estreinatuko du gaur

Atal bakoitzean Nafarroako herri batera joango dira. Lehen denboraldiak hamasei atal izango ditu.

Hamaika telebistaren 'Bizib(h)erri' saioa. HAMAIKA
Hamaika telebistaren 'Bizib(h)erri' saioa. HAMAIKA
urtzi urkizu
2025eko urtarrilaren 15a
05:00
Entzun

Nafarroako herri batera joan, eta jasangarritasuna, agroekologia, bioeraikuntza eta gizarte ekonomia arloetan «ezberdinak» diren proiektuak erakutsiko dituzte Hamaika telebistaren Bizib(h)erri saio berrian. Gaur estreinatuko dute programa, 22:00etan. Lehen denboraldiak 30 minutuko hamasei atal izango ditu.

Erreportaje dinamikoen bidez, «bizi eredu iraunkorrago baten alde» egitea erabaki duten herritarren esperientziak eta bizipenak ezagutu ahalko dituzte ikus-entzuleek.

Hamaikaren arabera, «ikuspegi sortzaile eta hurbila» izango du saioak. Despopulazioaren arazoari ikuspegi baikor eta itxaropentsu batetik heltzen dio, landa inguruneari beste bultzada bat emateko borrokan ari diren egitasmoak erakutsiz. «Saioak erakusten du praktika jasangarrien bidez landa eremuetarako etorkizun oparoa eraiki daitekeela, tokiko ekonomia eta ingurumena errespetatzen duen bizi eredu bat sustatuz», gaineratu du Hamaikak.

Saioaren bitartez, ikus-entzuleek gertutik ezagutu ahalko dituzte landa lana, tokiko ekologia egitasmoak, bertako produktuak eta natur baliabideak errespetatzen dituzten turismo jasangarria sustatzeko ahaleginak. Saioko aurkezlea Amaia Prieto da.

Bestalde, Iñurri elkarteak ekoitzitako (Min)bizi bideopodcasta ematen hasi da Hamaika. Olatz Mercader da gidaria, eta saioa asteartero ikusi ahalko da, 22:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.