Ainhoa Ozaeta Reauko espetxean (Frantzia) egon da preso, jaioterritik (Andoain, Gipuzkoa) 846 kilometrora. Bera zen azkenaldian Euskal Herritik urrutien zeuden euskal presoetako bat. Frantzian epe luzerako espetxealdia duten emakumeentzat egokitutako kartzelarik ez dago Euskal Herritik gertu, eta Paris ondoko kartzela horretan bete zuen zigorra; aske da egun. Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) herritar batek bizikletaz egin zuen Reauko espetxearen eta Martutenekoaren (Donostia) arteko bidea, eta martxa horren inguruko dokumentala egin zuen Beñat Uribe-Etxeberriak. Ozaetaren egoera islatzen da filmean, eta preso ohiaren ahizparen hitzak ere jasotzen dira. 846 KM izena du dokumentalak. Hamaika telebistak gaur emango du, 22:30ean. Euskarazko katearen webgunean ere ikusi ahalko da.
Dokumentalean etapaz etapa ageri da bizikleta martxa, eta bertan parte hartu zuten gazteek hitz egiten dute. Dokumentala Amasa-Villabonako Udalak (Gipuzkoa) babestu zuen, eta Sare Herritarraren laguntza izan zuen. Iazko maiatzean estreinatu zuten, Andoainen. Egileen arabera, «umore ukituak» ere ageri dira dokumentalean, nahiz eta kontatzen den errealitatea «gogorra» izan.