Hamaika telebistak 2010. urtearen hasieran ekin zien emankizunei, Bilbon. Aurten, hamaikagarren urtea dute jardunean;, ez dute data zehatz jakin batean jarri arreta, ospakizunentzat; urte barruan efemeridea ospatzeko eta Hamaika sozializatzeko aukerak zabalduko dituzte. Hamaika marka berritzea eta gizarteratzea izango dute xedeetako bat. Horregatik, logoa berritu dute. Atzo estreinatu zuen euskarazko kateak logo eta irudi berria, Hamaikaren marka posizionamenduan sakontzeko.
Iñaki Uria Hamaikako zuzendariak —katea sortu zenetik dago karguan— uste du aurreko irudia txukuna zela, baina gaurkotu egin nahi izan dute. «Aldatzea baino gehiago, berritzea eta gaurkotzea izango da. Lehen, h-arekin eta 11-rekin joko bat egiten zen; orain, h-a berreskuratzen du Hamaikak, eta 11-rekin beste joko bat egiten da. Logo berri bat sortu da, ikusgarria, eta batez ere formatu digitaletan funtzionatzeko pentsatua. Filosofia aldetik, gaur egungo garaira egokitzeko asmo bat daukagu. Telebistaren eulian eta euskarri guztietan eta sare sozial guztietan, irudi berria ikusiko da hemendik aurrera».
Uriaren arabera, Hamaikaren bidea urteotan ez da beti samurra izan. «Izan ditudan esperientzia komunikatibo guztietan, Hamaikarena izan da zailena. Batetik, telebista egitea zailagoa delako: baliabide gutxirekin, kostatu egiten da telebista egitea. Krisi ekonomikoarekin batera sortu ginen. Horrekin batera etorri da hedabide analogikoen krisia. Telebistan ere ikusten da aldatzen ari dela ikusteko modua. Negozio eredu gisa krak egin du telebistak, gainera, eta tokiko telebista asko desagertzen ikusi ditugu azkeneko urteetan Euskal Herrian». Baina, bestetik, ikuspegi baikor bati ere heldu nahi dio Hamaikako arduradun nagusiak: «Baikorrena da oso jende interesgarria bildu dela Hamaikaren inguruan, oso profesional onak. Bestalde, oso produktu txukunak eta duinak egin ditugu. Erakutsi dugu, gainera, ETB ez dela eredu bakarra. Badago gauzak egiteko beste modu bat. Euskal ikus-entzunezkoei begiratzean, ez litzateke bakarrik Euskal Telebista aintzat hartu beharko».
Datozen hilabeteei begira, Hamaikak zenbait egitasmo jarriko ditu martxan: ikus-entzunezko foro bat —euskal kultura digitala eta 5Garen hedapena aztertuko dituena—; Hamaika sariak -euskaraz ikus-entzunezkoetan ekoitzitako lanak eta euskal profesionalek egindako bidea aitortzeko—; eta Hamaika tokitan saioa —koronabirusaren krisia pasatzen denean, Euskal Herriko hainbat herritan zuzeneko saioak egingo dituzte—. Azken urtean bezala, aurten ere Gabon zaharreko zuzeneko saio umoretsua egingo du Hamaikak. Urteurrena ondo bukatzeko egingo dute ahalegin hori.
Hamaika Gasteiz, 2021ean
Bilbokoa izan zen Hamaikaren lehen egoitza eta lantaldea; Donostiakoa etorri zen gero; eta Nafarroan ekoitzitako saioak iritsi dira azkenaldian. 2021. urtearen hasierarako, berriz, Hamaika Gasteiz martxan jarri nahiko luke telebistak.
Uriak azaldu duenez, gerta daiteke egitasmo batzuk atzeratzea koronabirusaren krisiaren eraginez. «Baina honetatik ere aterako gara». Etorkizunari begira, Hamaikaren erronketako bat ikus-entzunezko panoraman eragitea izango dela nabarmendu du Uriak: «Edo kapaz gara herri gisa irudi berri batzuk eta ikuspegi berri batzuk eskaintzeko, edo bertan behera eroriko zaizkigu dauzkagun tresna txikiak. Proiektu gisa, ikus-entzunezko txukunak egitea eta ahalik eta zabalkunderik handiena izatea da erronka, euskaraz eta euskaldunentzat. Gauzak beste era batean eragin beharra daukagu.
Uriaren iritziz, Iparraldean Kanaldudek eta Hegoaldean beste sortzaile txiki zenbaitek «lan ederra» egiten dute; «sormen handia» dago. «Haientzat, Hamaika leiho bat izan daiteke. Euskaldunok leihoak behar ditugu, eta gure edukien zirkuituak osatu, bestela alferrik galtzen dira. Zabalpenean inbertitu beharra dago».
Hamaika telebistak irudia berritu du
Logoa berritu eta gaurkotu du euskarazko kateak. Foro bat, sari batzuk eta tokian tokiko zuzeneko programa bat sortuko dituzte aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu