Hamaika telebistak edukiak indartu ditu denboraldi berrian

Komunitatea handitzea eta hedatzea da erronka. Smart TB aplikazioa estreinatuko du laster

Miriam de la Mata, Karol Suarez eta Leire Regadas Bilboko informazio zerbitzuetako gidariak. HAMAIKA TELEBISTA.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Udako denboraldia bukatuta, martxan da Hamaika telebistaren 2022-2023 denboraldia. Ohiko saio asko itzuli dira jada, eta zenbait moldatu egingo dituzte. Saio berriak ere egongo dira. Euskal komunitateari zerbitzua eskaintzen segitzeko asmoa dute, Ekhiñe Atorrasagasti Hamaikako eduki eta komunikazio arduradunaren arabera. Azaldu duenez, proiektuaren aurtengo erronka nagusia komunitatea handitu eta hedapenean irabaztea da.

Ohiko informazio zerbitzuak «indartuta» abiarazi dituzte. Martxan dira berriro Hamaika24 informazio zerbitzu digitala zein eguerdiko Gurean Gaur albistegia, Karol Suarezek gidatuta. Gurean Gaur Magazina iraupen luzeagoarekin berrabiarazi dute, Leire Regadasen eskutik. Horrez gain, martxan daude jada goizeko zein arratsaldeko orduz orduko albistegi zerbitzuak eta Gurean Gaur iluntzeko albistegi nagusia, Miriam de la Mata gidari.

Zuzeneko emanaldiekin segitzeko asmoa du Hamaikak. Lehenengo jarraipena urriaren 8an egingo du, Sare herritarrak Donostian antolatu duen elkartasun jaialdian. Egun osoko saio berezia eskainiko du bertatik.

Edukiei ez ezik, beste alde batzuei ere erreparatu die Atorrasagastik: telebistaren aurrean agertzen direnez gain, kameraren beste aldean dauden gehienak ere emakumeak dira, baita zuzendaritza esparruan ere. Dioenez, garrantzitsua da hori: «Emakumeek ahaldundutako proiektua da hau, argi utzi behar dugu emakumeak ez direla beti irudiarekin lotuta egon behar; teknikariak eta erredaktoreak ere badaude».

Euskal komunitatearentzat

Hamaika telebista lurreko telebista digitalaren eta Euskaltelen bidez ikus daiteke, baita Interneten ere. Atorrasagastik azaldu duenez, etengabeko berrikuntza digitalean murgilduta dagoen proiektua da, eta «olatu digitalaren aparrean» segitu behar du. Hori dela eta, «beste jauzi bat» egingo du aurten: Hamaika Smart TB aplikazioa estreinatuko du.

«Munduan barreiatuta dagoen euskal komunitate digitalari zerbitzua eskaini nahi diogu», adierazi du Atorrasagastik. Euskal komunitate digital horren parte izan nahi duen orori «leihoa zabaltzea» da haien erronka nagusia, baita euskal komunitate hori hornitu eta haren beharrei erantzutea ere.

Ez dute gainerako hedabideekin lehiatu nahi; «erreferente» izan nahi dute euren eduki propioekin. «Gizarte osasuntsu batean, informazio duin batean oinarritutako iritziak eraikitzeko ezinbestekoa da Hamaika telebistak zerbitzu publiko bat eskaintzea».

Denboraldi berria arrakastaz betea egongo dela argi du eduki eta komunikazio arduradunak, uste baitu Hamaikak gero eta harrera hobea duela, eta gero eta ezagunagoa dela. «Aro digitalera atxiki gara, eta bizirik irautea lortu dugu; orain distira egiteko garaia da», adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.