Urtea hastearekin batera, nobedadeak iristen dira gehienetan, baina, aurten, urtea bukatu baino lehen jakinarazi dituzte berrikuntza batzuk. Gasteizko Hala Bedi irratiaren kasua da hori. Larunbatean aurkeztu zuten irratiko programazio berria, Gasteizko Hala Bedi tabernan. «Irratsaio berri asko etorri dira, eta are gehiago joan dira», adierazi zuten, txalo artean, Maddi Agirre eta Irati Larrañaga Obaba saioaren aurkezleek. «Programazioa oso berezia, polita eta aberatsa izango da».
Denboraldi berrian, euskarazko 11 irratsaio izango ditu irratiak, eta gaztelerazko hamabost —26 guztira—. Aurten 33 saio izan dituzte Hala Bedi irratian, horietatik hamahiru euskaraz. Aurkezpena ohi baino geroago egin arren, urtea hasteko gogotsu daude esatariak. 40. urteurrena ospatu du Hala Bedi irratiak, eta, aurten hainbat ekitaldi berezi egin ondoren, dinamika on horri eutsi nahi diote programazio berriarekin.
26 programak aztertuta eta sailkatuta, kultur arlokoak izango dira sei, gizarte gaiak jorratuko dituzte zortzi irratsaiok, eta musika izango dute oinarri hamabi saiok. Hain zuzen ere, musikak garrantzi handia izan du betidanik Gasteizko irrati horretan. Hala Bedi irratiaren kate elebidunean, Hala Bedi 1 katean, entzun ahalko dira saio guztiak, 107.4 FMn (107.7, Arabako Errioxan), eta halabedi.eus webgunean.
Goizean goiz hasiko da irratia martxan. 08:00etan Hizpidea saioarekin hasiko dute eguna, 10:00ak arte. Eguna hasteko beharrezko informazioa emango dute programan, astelehenetik ostiralera: eguraldia, eguneko lehen albisteak eta efemerideak. Horrez gain, egunero bi elkarrizketa egingo dituzte, eta kolaboratzaileen laguntza ere izango dute. Kolaboratzaileak hainbat arlotako adituak izan ohi dira, hala nola zientzialariak, politologoak, musikariak... Urte aldaketarekin, gainera, kolaboratzaile berriak izango dituzte. Zinemaz ariko da, esaterako, kolaboratzaile bat, eta literaturaz beste bat, Gasteizko Azpimarra irakurketa taldearen laguntzarekin.
10:00etan Suelta la olla programak hartuko du lekukoa. Urte asko daramatza saio horrek Hala Bedi irratian, goizeko magazin moduan. Gazteleraz egindako programa da, eta, Hizpidea-ren modura, eguneko albisteen errepasoa egiteaz gain, elkarrizketak eta kolaboratzaileak izango dituzte.
Saio berriak
Uxue Perez eta Xabat Mujika beasaindarrek (Gipuzkoa) Arrapataka saioa bideratuko dute; saio berria da. «Uxueri eskaini zioten saio bat, eta berak aipatu zidan niri; horrela jaio zen saioa», esan du Mujikak. Saio bakoitzak ez du loturarik izango aurrekoekin eta hurrengoekin. «Edozer gauza eskainiko dugu». Bitxikeriaz betetako programa izango da, eta gai asko jorratzeko aukera emango du.
Obaba saioa ere berria izango da. Lehenagotik Babazorra programan ibilitakoak dira Maddi Agirre eta Irati Larrañaga, eta bi esatariek azaldu dute «egia bilatzeko helburuarekin» sortutako saioa izango dela. «Astean behin egingo dugu magazina. Astero aditu bat izango dugu gurekin, arlo bati buruz asko dakien norbait», azaldu du Agirrek. Radio Rebelde saioa ere estreinako aldiz izango dute Hala Bedi irratian. Bertan, mundu osoko geopolitikaz mintzatuko dira, gaur egun indarrean dauden gatazkak abiapuntu hartuta.