Hainbat filmen euskarazko bikoizketa txertatzen hasi da Max plataforma

Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunean dauden euskarazko azpidatzi ugari ere katalogoan jartzen hasia da Max streaming plataforma.

'Casablanca' filma euskaraz ikus daiteke Max plataforman. BERRIA
'Casablanca' filma euskaraz ikus daiteke Max plataforman. BERRIA
urtzi urkizu
2024ko abenduaren 13a
05:00
Entzun

Casablanca (1942) noiz ikusi ahal izan zen euskaraz? 1980ko hamarkadan bikoiztu zuten, eta ETBn behin baino gehiagotan eman zuten. Orain, berriz, noiznahi ikus daiteke Max ordainpeko plataforman. Humphrey Bogarti ahotsa Mikel Mendizabalek jarri zion, eta Ingrid Bergmani Dolores Diaz de Mendibilek. Azkeneko asteetan, streaming plataforma horrek hogei pelikula baino gehiagoren euskarazko audioak gehitu ditu katalogoan; orain arte ezin ziren euskarazko bikoizketarekin ikusi.

EITBk eta Pantailak Euskaraz herritar taldeak azkeneko hilabeteetan Max plataformarekin izandako hartu-emanari esker lortu da hori. Batetik, ETBk Warner Bros Entertainment banatzailearekin egindako akordioari esker, bere garaian ETBk egindako euskarazko 150 bikoizketa baino gehiago helarazi dizkio banatzaile horri. ETBko zuzendaritzak baieztatu du akordio horri esker ari direla audioak konpainiari bidaltzen. Warner Bros enpresa da Max plataformaren jabea; hortaz, Maxeko katalogoan dauden film horietan euskarazko audioak streaming plataformarako egokitu eta txertatzen hasi dira. Datozen egunetan iritsiko dira gehiago, beraz.

Max plataforman lanak euskaraz
Max plataforman gero eta lan gehiago ikus daitezke euskaraz. PANTAILAK EUSKARAZ

Bestetik, Pantailak Euskaraz-ek 150 lanen azpidatziak egokitu eta helarazi dizkio plataformari. Eta dagoeneko ordainpeko zerbitzuan ari dira pelikula batzuen euskarazko azpidatziak txertatzen. Azpidatzi horiek, diru publikoz eginak, Irekia webgunean zeuden.

Zinema Euskaraz programarentzat azken hamarkadan Zineuskadik egindako hamar bikoizketa ere erantsi dituzte plataforman. Horien artean da, adibidez, 2021eko Tom eta Jerry filma.

Tom eta Jerry-ren euskarazko bertsioaren trailerra.

Euskarazko audioarekin ikus daitezke Max plataforman jada film hauek: Charlie and the Chocolate Factory (2005), Clash of the Titans (2010), Harry Potter 4: Goblet of fire (2005), Lego Movie (2014), Lego NinjaGo Movie (2017), Lego Batman Movie (2017), Looney Tunes: Back in Action (2003), Paddington (2014), Paddington 2 (2017), Sex and the City (2008), Sex and the City 2 (2010), Sherlock Holmes (2009), Space Jam (1996), Space Jam: A New Legacy (2021), Storks (2016), Sweeney Todd: The Demon Barber of Fleet Street (2007), The Bodyguard (1992), The Polar Express (2004) eta Yogi Bear (2010). Gainera, Moriarti ekoiztetxearen Loreak euskarazko filma ere jatorrizko bertsioan ikus daiteke plataforman duela egun batzutatik.

Ospe handiko filmen azpidatziak

Datozen asteotan euskaraz bikoiztutako eduki nabarmen batzuk iritsiko dira, besteak beste, Harry Potter-en beste filmak, Batman-en 1989, 2008 eta 2012ko bertsioak, Shrek animaziozko filma eta Pokemon

Horiez gain, bertsio originalean baina euskarazko azpidatziekin ikus daitezke film hauek: 2001: A Space Odyssey (1968), Batman v. Superman: Dawn of Justice (2016), Gravity (2013), It (2017), The Shining (1980) eta Kong: Skull Island (2017). Datozen asteetan gehiago ere iritsiko dira.

ZerNonIkusi atariak atal propio bat sortu du, Max plataforman euskarazko audioarekin edo azpidatziekin ikus daitezkeen lanen fitxa teknikoak bilduta. Beste plataformetako euskarazko edukiak ere sailkatuta ikus daitezke atari horretan.

Pantailak Euskaraz taldeak pozgarritzat jo du Max plataformak emandako pausoa. «Etorkizunean euskarazko edukiak geroz eta gehiago izan daitezen elkarlanean aritzeko borondatea adierazi nahi dugu».

Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta EITBri diru publikoz egindako euskarazko bikoizketa eta azpidatzi guztiak egokitu eta gainontzeko plataformetara ere helarazteko deia egin die Pantailak Euskaraz-ek. Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko «estrategia sendo bat» garatzeko eskatu die talde euskaltzaleak Jaurlaritzari eta EITBri, Euskal Herri osoko gainontzeko erakundeekin eta euskalgintzarekin elkarlanean. Zutabe hauetan oinarritutako estrategia proposatu du taldeak: «ETBn euskarazko kateei eta edukiei lehentasuna ematea; Primeran euskarazko plataforma bertako eta nazioarteko eduki erakargarriz hornitzea; euskarazko ekoizpenera bideratutako aurrekontuak biderkatzea; plataformetako edukiak euskarara bikoizteko diru laguntza lerro berriak sortzea; zinema aretoetan euskarak eta euskaldunok bizi dugun bazterketa amaitzeko behar diren legeak onartu eta baliabideak martxan jartzea; eta euskarazko edukien kontsumoa areagotzeko etengabeko sustapen kanpainak egitea».

Pantailak Euskaraz herri ekimenak iragarri du 2025ean ere lanean jarraituko duela, euskarak ikus-entzunezkoetan duen egoera iraultzeko, euskarak «etorkizun duina» izan dezan, bai pantailetan eta bai Euskal Herri osoko kaleetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.