Maiztasuna eta mantxeta biltzen ditu hitz bakarrean, eta haren ibilian izandako trantzeak hitza bitan zatitzen denean: Egunero eta egun ero. Proiektu batek nekez bilduko ditu bere orrien artean euskarazko prentsaren hainbeste kapitulu, hainbeste azal eta hainbeste mami. Etzi beteko dira hogei urte Tolosaldean Egunero-ren lehen alea argitaratu zenetik.
Apustu bat: tokiko informazioa. Hausnarketa bat: euskarak tokia izan behar du egunerokoan. Trebakuntza bat: kazetari gazteen harrobia. Emaitza: 10.000 ale Tolosaldeko buzoietan. Titularra: «Mendiluzek 'erronka' handia du hurrengo txapelketarako». Eta ez zen Mendiluzerena erronka bakarra. «Gu Galtzaunditik gentozen; salto handia dago hamaboskaria egitetik eguneroko presentziara. Hain zuzen, hori zelako helburua: euskararen presentzia egunerokoa izatea maila lokalean», azaldu du Joxemi Saizarrek, Egunero-ren lehen zuzendariak. «Herri aldizkariek-eta bazuten ordurako ibilbide bat egina, baina eguneroko baten beharra ikusten zen. Zentralitate bat lortzeko, eta erreferentzialtasun bat. Jendeak euskaraz irakurtzeko informazio ona, kalitatezkoa, eta gertukoa», gaineratu du Enekoitz Esnaolak, Egunero-ren sorreran Euskaldunon Egunkaria-ren ordezkari izan zenak.
«Apustu bat» izan zela aipatu dute biek. «Hutsetik hastea izan zen. Edizio sistema Egunkaria-k jartzen zuen, banaketa eta kudeaketa ere bai... baina kazetari denak berriak ziren; dena zen berria», gaineratu du Esnaolak. Eta kazetari berri haien artean, Leire Montes. «Ilusioa», «ardura», «bertigoa»... aipatu ditu hark: «Guretzat berria zen, baina jende gehienarentzat zen berria: ez genekien jendeak nola hartuko zuen, edukiko ote genuen ere nahikoa informazio orriak betetzeko... 'Herrietan zerbait pasatzen da?', esaten genuen».
Saizarrek ere bazuen horri buruzko kezka, baina gainditu zuten. «Ordura arte albiste ez ziren gauzak albiste bihurtzen hasi ginen, pixkanaka». Eta ohitura batzuk aldatzen, eta egunerokoan tokia egiten. Saizarrena da pasartea: «Herri txiki bateko adineko emakumezko batek esan zidan: 'Lehen, behiak jetzi, eta gosaldu egiten genuen. Orain, behiak jetzi, gosaldu eta Egunero irakurtzen dugu'. Horren aurretik, ziurrenik, herri hartan euskaraz irakurtzen zuten gauza bakarrenetakoa Arantzazuko Egutegia edo halakoren bat izango zen. Sukalde txoko askotan sartu ginen».
Esnaolak garai hartan erabili zuten leloarekin biribildu du argudioa: «Goiko bizilagunaren informazioa ateratzen genuen, edo irakaslearena, edo ilobarena. Ez zen elitekoa, bertako jendea zen. Gure leloetako bat izan zen: Etxeko beste bat. Etxe askotara sartzen ginelako, eta agertzen zirenak etxekoak zirelako».
Blokeoa gaindituz
Prozesu «konplexua» izan zela ere onartu du Esnaolak. Garai hartan bazegoela blokeo politiko bat, Lizarra-Garazi osteko garaia zela, ETA ekinean... «Hilabete batzuk behar genituen proiektu hura sendotzeko eta hurrengo proiektuetarako oinarri sendo bat izateko», adierazi du. Baina luzatu egin zen prozesua. Ez zen iristen diru laguntzarik. Harpidetzek «funtzionatu» egin zuten; kanpaina «oso indartsu bat» egin zuten: «Ekonomikoki garrantzitsua izan zen hori guretzat, baina indar erakustaldi bat ere bai. Egunero ateratzen genuen; egunero tanta bat zen: tan, tan, tan... Eraginkortasun handia zuen periodiko hark, aniztasun handia, politikoki kontra zeudenei ere berdin ematen genien ahotsa: hor terreno bat irabazi genuen, eta aldaketa bat egon zen».
Sortu eta urtebete ingurura lortu zuten EAJrekin akordioa. «Behartuta sentitu ziren, nolabait, aitortza hori egitera, eta blokeo instituzionala apurtzera. Hori oso inportantea izan zen guretzat bideragarritasunari zegokionez. Beste toki batzuetan ere esperientzia horiek abiatzeko».
'Egunkaria'-ren itxiera
2002ko abendua zen. Indarrean zegoen Tolosaldean Egunero, eta indarrean Euskaldunon Egunkaria. Bi hilabetera izan zen itxiera. Esnaolak Tolosan (Gipuzkoa) pasatu zuen bezperako eguna, Martxelo Otamendi zuzendariarekin, Egunero-ri buruzko bileretan. Iluntzean, Azpeitira (Gipuzkoa) joan ziren biak. Otamendik hitzaldi bat zuen zaharren egoitzan. Esnaola beranduxeago iritsi zen. «Bi gizon txanodun zeuden atarian. Han zeuden oraindik irteeran. Eta inguruan segitu zuten handik irtendakoan ere», gogoratu du Esnaolak. Joan zen Otamendi bueltan Tolosara. «Banuen susmo txarren bat. Gau hartan sakelakoa ez itzaltzea erabaki nuen», dio Esnaolak. 03:30ean Eneko Etxeberria abokatuaren deia: «Egunkaria itxi ditek».
Dei gehiago, eta talde txiki bat. Lasarten (Gipuzkoa) egin zuten lehen juntadizoa, eta Andoaingo (Gipuzkoa) AEKren egoitzan bigarrena. Lehen erabakia: egunkaria ateratzea. «Esan nuen bagenituela zazpi ordenagailu Tolosan, edizio sistema bat, maketak... Egunero-ren maketak eta Egunkaria-renak ere bai, zeren nik CD batean nituen gordeta, bi hilabete lehenago gordeta, badaezpada. Uste dut oraindik etxean dauzkadala», azaldu du Esnaolak.
Tolosakoei abisua eman zieten, noski. «Imajinatu zer-nolako sustoa. Geroztik ez dut uste horren berri larririk inoiz jaso dudanik: dena hankaz gora jartzen zuen itxiera hark, dena zegoen azkar pentsatu beharra... Andoaindik bideratu zuten gehiena», gogoratu du Saizarrek. Montesek ere ez dauka ahaztuta: «Shock egoeran gelditu ginen. Egoitzara etorri ziren Egunkaria-ko langileak: aztoratuta haiek, eta aztoratuta gu. Haiei utzi genizkien gure baliabideak, eta Galtzaundik jarri zizkigun guri bereak. Bide eta ilusio hartan halako zapuzte bat izan zen, inpotentzia handi bat, eta galdera asko. Eskerrak jendearen erantzunari. Horrek ematen dio zentzua egiten duzunari».
Guardia Zibilak zigilatuta zeukan ordurako Andoaingo egoitza nagusia. Langileek egindako lehen batzarraren ostean, talde bat joan zen Tolosara. Esnaolak gordeta dauka aurreneko pauta hura. Eta ondo gogoan Aitor Elduaien Egunero-ko kazetariaren amak prestatu zion xerra ogitartekoa ere. Hamasei orriko periodikoa atera zuten: Egunero. Eta Tolosaldean ere ez ziren egunerokorik gabe gelditu: Galtzaundi.
Nekagarria izan zen eguna. Egunero-ren azala entregatu zuten azkena. Akordatzen da Esnaola. «Azala neronek egin nuen. Titularra Amagoia Gurrutxagarena da. Baina, zierrera pasatzean, hara non konturatu nintzen preziorik gabe zihoala! 'Jarri beharko diogu bada prezioa?' Badakizu zenbat ale saldu ziren hurrengo egunean? Pentsa preziorik izan ez balu. Zenbat? Momentuan erabaki genuen: 0,80 euro».
Gauza batzuek, ordea, ez dute preziorik.
Hainbat egun ero
Etzi beteko dira hogei urte 'Tolosaldean Egunero'-ren lehen alea argitaratu zenetik. 'Euskaldunon Egunkaria' itxi ondotik, egunkari nazional bihurtu zen haren mantxeta. Hasierako proiektu hura aitzindaria eta eredua izan zen eskualdeetako 'Hitza'-k sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu