Eduki berri ugari prestatu ditu EITBren Makusi plataformak datozen hilabeteotarako, euskaraz eta adin tarte askotarikoentzat. Esate baterako, etzi Potx eta Lotx pailazoen saioak bigarren denboraldia hasiko du, bideoklip berriekin eta abentura dibertigarriekin: ate magikotik jauzi eginez leku berriak ezagutuko dituzte, eta, ohi bezala, umeak lehian ariko dira.
Urrian Kalaxka saioa bueltatuko da, Aritz Mendiola eta Anepe Acedoren eskutik: aktualitateko gaiak, erronka berriak, Nahia Silleroren erreportajeak, eta askotariko gonbidatuak izango dituzte platoan. Gainera, azaroan, Power Up telesailaren bigarren denboraldia estreinatuko dute.
Denboraldi berrian, animazio eta saio berri hauek izango dira ikusgai: Sam Sam (0-4 urte). 5 urteko superheroi txikia da Sam Sam; hegan egiteko gai da, eta ez du ia inoiz beldurrik izaten. Lagunekin batera, unibertsoko munstro beldurgarriei aurre egiteko prest dago beti; Arrain Arraioak (5-7 urte). Gizakiak begira ez daudenean arrainak nola bizi diren irakatsiko dute esketx saio horretan. Koloretako arrainen familiak, kung-fu irakasleak, rap taldeak... mota guztietako pertsonaiak ezagutuko dituzte neska-mutikoek. Home Sweet Rome (8 urtetik gorakoentzat). Lucy 13 urteko neska estatubatuarra aitarekin bizi da Erroman. Aita Francesca izeneko pop-izar batekin ezkonduko da, eta horrek Lucyren bizitza guztiz aldatuko du.
Gainera, Miragarri: Ladybug eta Cat Noirren abenturak animazio saio ospetsuaren denboraldi berria ikusteko aukera ere emango du MakusiIk. Ladybug eta Cat Noir superheroiek Paris babesten jarraituko dute.
Makusi Kluba
Ikasturte berrian Makusi Klubean hainbat egitasmo abiaraziko dituzte: zozketak (bidaiak, familiartean egiteko planak, sarrerak eta produktu sortak, besteak beste), kideentzako abantaila esklusiboak, argazki lehiaketak... Ohi legez, asteroko Zorionak bideoan neska-mutikoek euren argazkia ikusi ahalko dute.
Urriaren 12an, bestalde, Makusi jai handia ospatuko dute, BECen, Barakaldon (Bizkaia). Denetarik izango da erakustazokan: Go!azen, Potx eta Lotx, zozketak, egurrezko jokoak, photocall-ak, Irabazi Arte saioan oinarritutako atezaindegia...