'H28' aldizkaria dirua biltzen ari da, urtekaria paperean ateratzeko

Erredakzioa
Donostia
2015eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Paperezko urtekaria argitaratzeko behar duen diruaren %60 lortua zuen H28 aldizkariak asteazkenean, diru bilketaren hirugarren egunean. Astelehenean abiatu zuten diru bilketa, Karena.eu plataforman. Urtarrilean hasi zen komikigile talde bat aldizkari satirikoa ateratzen, eta, geroztik, abuztuko oporretan izan ezik, hilero plazaratu dute ale bat Interneten.Udazkenarekin, berriz, egindako lanen aukeraketa batekin urtekaria egitea erabaki zuten, 80 orrikoa, paperean eta koloretan.

Charlie Hebdo astekariaren aurkako erasoak piztu zuen euskarazko aldizkari satiriko bat sortzeko gogoa hainbat marrazkilarirengan. Besteak beste, Asisko, Marko, Zaldieroa, Axpi, Josevisky, Iren, Unai Iturriaga, Eñaut, Patxi Gallego, Laure Gomez eta Sustrai Errolan aritu dira hilabeteotan marrazkiak egiten H28 aldizkarirako. Argitalpenak oihartzun handia izan du sare sozialetan.

Helburu gisa, 1.500 euro lortzea jarri dute. Horrekin ordainduko lituzkete moldiztegiko gastuak. Hamar euroko ekarpenak eskatzen ari dira. Emaileek paperezko ale bat etxean jasoko dute —edo, nahiago badute, Durangoko azokan, komikigileren baten eskutik—, eta egitasmorako propio diseinaturiko pin bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.