Danel Pascual eta Eneko Garcia. 'Flop kultura'-ko aurkezleak

«Guztiok berritu, eta moldatu behar dugu»

Euskalerria Irratian 'Flop kultura' bideopodcasta egiten dute asteartero Pascualek eta Garciak. Pop kulturaz aritzen dira kameren eta mikroen aurrean. «Helburua entretenigarria izatea da», azaldu dute.

EUSKALERRIA IRRATIA.
urtzi urkizu
2023ko urriaren 13a
00:00
Entzun

Fantasian murgiltzen direnean, Divina Comedia drag queen-a da Danel Pascual (Arrasate, Gipuzkoa, 1998) eta Albina Stardust da Eneko Garcia (Burlata, Nafarroa, 1997). Flop kultura bideopodcastaren bi atal sareratu dira jada. Gustatuko litzaieke etorkizunean podcasta jendaurrean zuzenean egitea, gonbidatuekin.

 

Zuen podcasta oraingoz zer da bop [zerbaitek arrakasta duenean deitzen zaio bop] ala flop[porrota]?

ENEKO GARCIA: Oraingoz bop, eta hala izatea espero dugu.

DANEL PASCUAL: Bop, bai, ondo doa.

Zer dio inguruko jendeak?

GARCIA: Lagunei asko gustatu zaie.

PASCUAL: Zerbait berria dela diote.

GARCIA: Eta zerbait beharrezkoa euskararen munduan.

PASCUAL: Gazte euskaldunen komunitatean, behintzat, bai.

Eneko, lehen atalean esan zenuen: «Zishetero patriarkaletik kanpokoa ez da baloratzen Euskal Herrian». Egongo dira batzuk esango dutenak hori ez dela horrela.

GARCIA: Begiak irekitzeko esango nieke horiei. Eszenatoki handiei begiratzen badiegu, gehienak gizon zisheteroak dira; komunitate disidenteok zailago dugu leku jakin batzuetara iristea.

PASCUAL: Eta munduko alor guztietan gertatzen da hori.

Ardura sentitzen al duzue euskaldunei pop kultura zer den erakusteko?

PASCUAL: Nik ez dut inolako ardurarik sentitzen [barreak].

GARCIA: [Barreak]. Nik ere ez. Normalean egiten duguna da podcastean ikusten dena: hitz egin, hausnartu eta pop kultura gogoratu.

PASCUAL: Ez da testuinguru katedratiko bat, non guk gai jakin batez dakigun, eta zuek ez. Elkarrizketa irekia da. Sare sozialetan ere bai.

GARCIA: Akademizismoaren aurka gaude, neurri batean. Gurea ez da egia absolutua.

Fantasiaren betaurrekoekin?

GARCIA: Hori da, bai. Gure erreferenteak hurbildu nahi dizkiegu beste pertsona batzuei.

PASCUAL: Baina helburua entretenigarria izatea da.

GARCIA: Entretenimendua, fantasia, ikastea eta ikuspuntu queer bat ikusaraztea.

Euskalerria Irratia ateratzen ari al da normatibotik zuen ekarpenari esker?

GARCIA: Ba bai [kar-kar].

PASCUAL: Munduan, hainbat mugimenduri esker, hainbat egoera desberdin ikustarazten ari dira, eta hedabideetan ikusten ari dira jendeak interesa duela. Ez gaituzte ezerezetik deitu.

GARCIA: Irratian eta beste toki batzuetan gutxinaka gertatzen ari den zerbait da jende gaztearekin kontatzea. Freskura eta beste errealitate berri horiek beharrezkoak dira. Gainera, jende askok pentsatzen du guk bezala.

PASCUAL: Ez gara hain apurtzaileak edo subertsiboak.

Sálvame saioaren desagerpenaz ere mintzatuko zarete?

GARCIA: Zalantzarik gabe. Euskarari falta zaio mamarracheo-a. Fantasia horiei buruz euskaraz hitz egitea nahiko genuke, saltsa pixka bat izatea. Askotan euskara oso serioa da.

PASCUAL: Ez naiz soziologoa, baina euskal kultura historian zehar asko babestu dugu. Eta iritsi gara garai batera, non hain serio hartu dugun euskal kultura, ez dago tontakeriarik edo Sálvame-ren tankerakorik.

Sálvame euskaraz egin beharko litzateke Euskalerria Irratian?

PASCUAL: ETB1en.

GARCIA: Euskalerria Irratian ere fantasia litzateke, Reyes Ilintxetarekin.

Tiktok kontsumitzen duzue?

GARCIA: Bai, eta asko. Euskaraz eduki gutxi dago. Guztiok berritu, eta moldatu behar dugu.

PASCUAL: Orain joera da sortzea ez dagoen hori. Duela gutxira arte, adibidez, ez zegoen musika urbanorik euskaraz. Hainbat arlotan falta da kultur ekarpena euskaraz.

Flop Kultura bideopodcastak nolako iraultza ekar dezake?

PASCUAL: Kultur prestigioaren presioaren aurkako aldarrikapen bat da gurea. Gozatu dezakegu izugarri euskal nortasunarekin, eta, aldi berean, libre izan esateko kateatuta gaudela prestigiorik ez duten eduki batzuekin.

GARCIA: Nahi dugu jendeak ikus dezala Lady Gagaren look-az aritu gaitezkeela euskaraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.