Gurrutxaga eta Pagadizabalen eskutik, kimu berriak ETB1en

Mikel Pagadizabalek 'Autentikoak' gidatuko du ETB1en, Fermin Etxegoienekin batera. Zuhaitz Gurrutxaga haurrez inguratuko da

Mikel Pagadizabalek Autentikoak aurkeztuko du, eta Zuhaitz Gurrutxagak Handitzen, handitzen. ETB.
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Herri txiki, infernu handi saioko aurkezleek zale ugari dituzte ETBko ikusleen artean. Euskal Telebistak konfiantza du Mikel Pagadizabalen eta Zuhaitz Gurrutxagaren dohainetan, eta datozen asteetan bi saio berritan arituko dira: Autentikoak eta Handitzen, handitzen. Aurrenekoan Pagadizabalek Fermin Etxegoien izango du alboan, eta elkarrizketak, aktualitatea eta umorea izango dituzte ardatz. Bigarrenean, Gurrutxaga haur talde batekin ibiliko da astero, haiei askotariko ofizioak erakusteko helburuarekin.

Herri txiki, infernu handi-ko zuzendari Luis Oiartzabalek zuzenduko du Autentikoak ere. Iragarri duenez, platoan grabatuko duten saio bat izango da. Ostegunetan emango du ETB1ek, 22:30ean. «Pagadizabal eta Etxegoien ez dira bakarrik egongo. Ondoan izango dute kolaboratzaile talde bat». Platoan publikoa egongo da, eta «formatu erakargarri bat» egiten saiatuko dira. «Funts nagusia da etxeko ikuslearentzat erakargarria izango den saioa sortzea. Bizia, elkarrizketa interesgarriekin eta umoretsua», esan du programako zuzendariak. Okerrik ezean, hilaren 25ean estreinatuko dute. Oiartzabalen arabera, Pagadizabalek «ohikoa duen umore azidoari» eutsiko dio, baina saio berrian «beste hainbat aldarte ere azaleratuko ditu».

Maiatzaren 5ean, berriz, Handitzen, handitzen saioa iritsiko da ETB1era. Gurrutxagak eta haur talde batek hainbat ofizio ezagutuko dituzte, eta bisita bakoitzean gonbidatu bereziak egongo dira. «Helduen mundua haurren begirada ikusnahitik eta inozentetik ikusiko dute», iragarri du Oiartzabalek. «Elkarrizketak reality-a eta jendaurreko ikuskizunak tartekatuko ditu; saio bizi eta entretenigarria izango da. Izan ere, amaieran ikuskizun bat egongo da; bertan, haurrak eta gonbidatuak elkartuko dira, une hunkigarriak sortuz». Gurrutxagaren eta haurren arteko harreman berezian oinarrituko da neurri handi batean Handitzen, handitzen programa berria. «Orain arte ez bezala, neska-mutikoekin ondoz ondo ikusiko dugu aurkezlea, bere elkarrizketatzaile eta umorista sena alde batera utzi gabe». Handitzen, handitzen saioaren zuzendaria Aitzol Barandiaran izango da.

'Herri txiki'-ri atsedena

Autentikoak eta Handitzen, handitzen iritsi aurretik, Herri txiki, infernu handi saioak bosgarren denboraldia bukatuko du gaur, 22:00etan. Ikasturteko azkeneko abenturan, Azkainera (Lapurdi) joango dira Gurrutxaga eta Pagadizabal. Besteak beste, Jean Pierre Cachenat apaiza, Maite eta Daniel Salaberri senar-emazteak, Pierre Ohyanto II. Mundu Gerran egondakoa eta Andree Ithurria organo jotzailea ezagutuko dituzte.

Oiartzabalek esan du lantaldea «pozik» dagoela aurten lortutakoarekin: «Oso ondo joan da aurten ere. Abuztuan hasi eta orain arte, 26 herritan egon gara. Jendearen harrera oso ona izan da, herritarrak oso abegikorrak izan dira saioarekin, eta haien maitasuna sentitu dugu». Aurreko denboraldiarekin alderatuta, saioaren ikusle datuek apur bat egin dute beherantz, baina ez gehiegi: 2017/2018 denboraldian, %5,6ko ikusle kuota bereganatu zuen —euskaldunen artean, %14,3koa—. Aurten, gaurko atalaren faltan, %4,7ko ikusle kuota lortu du programak. «Orokorrean, datu zinez onak direla uste dugu», esan du Oiartzabalek.

Saioko zuzendariari iruditzen zaio formatua ez dagoela agortuta eta herri gehiagotara joateko aukera izan dezaketela. «Euskal Herria oso zabala da, eta jakin badakigu herri batzuk gogoz daudela Herri txiki-ren bisita hartzeko. Gainera, herriez gain, auzoak, bailarak eta beste egitura batzuk bisitatu ditugu eta bisitatuko ditugu. Formula bilatzea da kontua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.