Ikus-entzunezkoak

Jose Mari Goenaga: «Guri buruz hitz egin dugu Balentziagaren bitartez»

Disney Plus ordainpeko plataformak 'Cristobal Balenciaga' sei ataleko telesaila estreinatuko du gaur. Moriarti ekoiztetxeko zuzendariek egin duten lehen telesaila da, eta mundu osoan ikusiko da.

Jose Mari Goenaga zinemagilea.
Jose Mari Goenaga zinemagilea. ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2024ko urtarrilaren 19a
12:00
Entzun

Aurreneko aldiz telesail bat zuzendu dute Jose Mari Goenagak (Ordizia, Gipuzkoa, 1976), Jon Garañok eta Aitor Arregik. Hurrengo proiektuak zinemako film luzeak izango direla iragarri du Goenagak.

Iritsi da estreinaldia. Ez al duzue pena Donostiako Zinemaldian pantaila handi batean ez estreinatzeagatik?

Bai, egia esan pena handia eman zigun estreinaldia atzeratzeak. Bazirudien telesaila Zinemaldian emango zutela [Sail Ofizialean]. Baina, azkenean, Disneyk erabaki zuen estreinaldi data 2024an jartzea, eta horregatik ez ginen zinema jaialdian egon. [Datorren astelehenean lehen hiru atalak proiektatuko dituzte Donostiako Viktoria Eugenia antzokian].

Lourdes Iglesias joan zitzaizuen Cristobal Balentziagari buruzko telesaila egiteko ideiarekin. Nola hartu zenuten ideia?

Modu desberdinetan. Jon Garañok zalantza gehiago zituen. Gauza batzuk interesatzen zitzaizkigun, eta beste batzuk ez hainbeste. Balentziaga askotan agertu den gai bat da, eta hasieran ez zen guretzat erakargarriena. Baina telesailak izan zezakeen plastikotasunaz pentsatzen hasi ginen, eta garai eta toki erakargarriak erakusteko modua ikusi genuen. Une hartan beste proiektu batzuk genituen buruan, eta ez genuen espero Balentziagaren proiektuak hain bizkor oniritzia jasotzea. Disney Plusekoek pentsatu zuten Cristobal Balentziagari buruzko telesail bat egokia izan zitekeela.

Film luzeen neurrira ohituta zaudete. Nola egin zenituzten gidoiak sei ataletan garatzeko?

Aurreko lanetan, gidoi bat genuen, eta horrekin hasi ginen lanean. Kasu honetan, Iglesiasen planteamendua genuen, baina gauzak jorratzeko zeuden. Disneyren baiezkoa jaso genuenean, burua astintzen hasi ginen: gidoietan prozesu bat egon zen. Dokumentazio lanarekin hasi ginen, oinarri bat izateko. Gero, telesailak izango zuen egituran pentsatzen hasi ginen. Atal bakoitzean zer kontatuko genuen erabaki behar genuen.

Balentziaga luxuaren ikur izanik, argi zegoen jantziterian esfortzu berezia egin behar zenutela, ezta?

Erabatekoa. Bi jantziteria desberdindu behar dira: batetik, garai hori [1930etik 1970era arteko hamarkadak] birsortzeko behar den guztia. Hau da, pertsonaiak eta figuranteak nola jantzi behar diren. Eta, bestetik, Balentziagaren sormenak garatzea. Biek zailtasun handiak zituzten. Bina Daigelerrek Disneyren Mulan filmean jantziteria egin zuen, eta gurekin lanean hasi zen. Hark esaten zuen figurazio aldetik konplexua zela, atal bakoitza ia hamarkada desberdin batean girotua dagoelako. Zaila zen hori dena kudeatzea. Gainera, telesailean ez dago pobrerik: denak aberatsak dira. Eta beste kontu bat: Cristobal Balentziagak berak ezin du neurrira egina ez dagoen traje bat eraman. Gauza horiek guztiak zaindu genituen.

Balentziagak diseinatutako soinekoak daude.

Bai, zeren soineko horiek ez dute girotze helburu bat bakarrik, baizik eta istorio bat kontatzen dute. Aholkulari gisa Miren Arzalluz izan genuen, eta Balentziaga etxeko artxiboen ateak ireki zizkiguten. Baina garai bakoitzerako esanguratsuak ziren soinekoak behar genituen, eboluzio bat ikusi behar zen Balentziagaren jantzietan. Kasu batzuetan, interesatzen zitzaigun soineko bat, baina ez zen batere erraza; adibidez, orduan erabiltzen zen oihal bat egun existitzen ez delako. Lan konplexua izan zen. Makillaje sailarekin ere erabateko harreman zuzena zuen jantziteriaz arduratzen zenak.

«Garai bakoitzerako esanguratsuak ziren soinekoak behar genituen, eta eboluzio bat ikusi behar zen Cristobal Balentziagaren jantziterian».

Parisen egin zenituzten grabaketa batzuk. Baina hainbat eszena Euskal Herrian daude grabatuak, Paris irudikatuz, ezta?

Telesailak elkarrizketa bat du oinarri gisa. Esan izan da Balentziagak soilik bi elkarrizketa eman zituela, eta erabaki genuen horietako bat fikzionatzea. Elkarrizketa horren aurrean pertsonaiak izan zitzakeen dilemak interesatzen zitzaizkigun. Lehenbizi, elkarrizketa hori grabatu genuen Euskal Herrian. Gero, Parisera eta Bordelera [Okzitania] joan ginen grabatzera [Paris balitz bezala ageri dira Bordelen grabatutako hainbat eszena]. Hiru aste egin genituen bi hiri horietan, eta handik aurrerakoak Euskal Herrian grabatu genituen. Donostialdean egin genituen grabaketa gehienak. Parisko Balentziaga etxearen barrualdeak Oiartzungo [Gipuzkoa] Zinealdeko platoetan egin genituen. Donostiako Banco de Españaren eraikinean ere hainbat eszena grabatu genituen.

Telesaila ikusten duenak pentsa dezake: Balentziaga benetan horrelakoa al zen?

Ez dakigu. Hau fikzio bat da, espekulazio bat da. Balentziagaren lanaren gainean informazio asko dago, baina haren intimitateari buruzko oso datu gutxi daude. Hirugarren pertsonen bitartez iritsi gara Balentziagarengana, eta kontraesanak daude. Saiatu gara asko pentsatzen Balentziagaren bizitzak zeri buruz hitz egiten digun guri. Edo beste modu batean esanda: guri buruz hitz egin nahi genuen, Balentziagaren bitartez. Haren hermetismoa eta haren misterioa ageri dira, noski. Baina elukubratzen saiatu gara. Bestetik, datu askok eraman gintuen pentsatzera bere lanaren kontrolarekin itsututa zegoela. Bere lana erabat kontrolatu nahi zuen, eta hori interesgarria egiten zitzaigun. Alde horretatik, identifikatuta sentitu ginen.

Beste norbaitekin alderatuko zenuke Balentziagaren izaera?

Bai, komentatu izan dugu Stanley Kubrick zinemagilearekin alderatu zitekeela. Kubricki buruz esan izan da den-dena zaindu behar zuela, dena kontrolatzen zuela, eta misterioa dago haren inguruan. Badaude parekotasunak. Telesailean, bestalde, interesatzen zitzaigun erakustea nola erreakziona zezakeen Balentziagak kontrol hori galtzen bazuen.

Alberto San Juan aktorearen lanak garrantzi handia du telesailean. Pozik zaudete pertsonaiari eman dizkion geruza guztiekin?

Bai, erabat pozik. Harentzat ez zen lan erraza izan. 30 urtean zehar interpretatu behar du pertsonaia, eta hitz egiten du frantsesez eta euskaraz. Erronka guztiak ondo hartu zituen aktoreak. Ordura arte ez zuen sekula frantsesez lan egin, eta sekuentziak bikain defendatu zituen. Balentziagari humanitatea ematen dio, gainera. Eta aktorea sekuentzia gehienetan dago.

Nicolas Bizkarrondo enpresaria eta haren emazte Virgilia Mendizabal euskaraz mintzo dira haien artean. Zergatik ez dute egiten euskaraz Balentziagarekin?

Galdera ona da [kar-kar]. Disneyk nahi zuen hizkuntza bakoitza errespetatzea, baina ikusten genuen euskara gehiegi jarriz gero Disneyk atzera botako zuela. Dena den, batzuen errealitatean gertatzen da pertsonen artean harremana gaztelaniaz izatea, nahiz eta euskaraz jakin. Ez dakigu fikzioan hori koherente ikusten den ala ez.

«Aurten modarekin lotutako ekoizpen asko estreinatuko dira. Ea 'Cristobal Balenciaga' zer moduz defendatzen den beste proiektu horien aurrean».

Aurten modaren munduaz telesail eta film gehiago estreinatzekoak dira. Balentziagarenak nazioartean sona badu, zer probetxu eraman dezakezue Moriartikoek etorkizunari begira?

Ez dakit, guk betiko bidea egiten jarraitzen dugu. Egia da aurten modarekin lotutako ekoizpen asko estreinatuko direla, baina ez dakigu zer gertatuko den. Ea Cristobal Balenciaga zer moduz defendatzen den beste proiektu horien aurrean.

Duela hilabete batzuk, Moriartiko zuetakoren batek esan zuen telesail honekin nahikoa duzuela. Bolada luze batean ez duzuela telesail gehiago egingo.

Bolada batean hala izan beharko du derrigor. Orain Marco film luzea editatzen ari gara. Hurrengo film luzea, berriz, euskaraz izango da, eta udazkenean hasiko gara grabatzen. Baditugu buruan beste proiektu batzuk film luzeak egiteko. Film luzeetan eroso sentitzen gara, eta telesailek lan asko ematen dute.

Nolako esperientzia izan da Disney Plusekin lan egitea?

Gu ohituta gaude lanen kontrol osoa izatera. Disneyrekin harremana ona izan da, baina beste batzuentzat ari zara lanean. Haiek iritzia eman behar dute, eta gauza batzuetan eztabaidan sartzen zara. Haiek guk baino gehiago dakite plataformetako telesailei buruz. Adibidez, oso kontuan hartzen dituzte lehen atalaren aurreneko zortzi minutuak. Aldaketa eskaerak egin dituzte, baina proiektua oso gure sentitzen dugu. Ez dute proiektua desbirtuatu. Entzun dugu beste batzuei kontrol eta aldaketa gehiago eskatu izan dizkietela plataformek.

'Cristobal Balenciaga' telesailaren trailerra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.