25 urtez aritu zen Herria-ko kazetari lanetan Peio Jorajuria (Senpere, Lapurdi, 1955), eta duela bi urte hartu zuen erretiroa. Iazko maiatzean, berriz, Herria-ko lehendakari izendatu zuten. Astero joaten da inprimategira, zuzenketetan Menane Oxandabaratz erredaktore buruari laguntzera.
Zertan da une honetan Herria astekariaren egoera ekonomikoa?
Herria-k, azkeneko urteetan,ahalbide gutxirekin funtzionatzen du, baina beti aitzina doa, kontuak orekatuz urte batetik bestera. Kontua da datorren urtetik aurrera diru iturri bat galduko dugula. 40.000 euro galduko ditugu, eta horrek kezkatzen gaitu; Herria-k legezko abisuak argitaratzeko baimena du 1983tik. Lapurdiko eta Nafarroa Behereko lur eremuetan diren sozietateek edo notarioek legezko abisuak argitara ditzakete astekarian. Baimena izateko, Paueko prefeturara [Okzitania] dosier bat bidaltzen dugu urtero. Orain gertatu dena da Frantziako Kultura Ministerioak baldintzak aldatu dituela: departamendu osoa hartzen dute aintzat. Eta eskatzen dute hedabideak departamendu osoan 2.600 harpidedun izatea.
Lehen zenbat behar ziren baimena lortzeko?
Orain arte, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko eremuan 1.300 harpidedun izatea nahikoa zen. Bagenituen. Izan ere, 2.100 harpidedun baino gehiago ditugu, Euskal Herri osokoak aintzat hartuta. 2.600eko kopuru horretara iristea ezinezkoa da hain denbora gutxiz.
Legezko abisuen baimena galtzeak nola eragingo dizue?
Une honetan, bi lanpostu oso eta laurden bat dauzkagu [laurden denboraz aritzen denak kudeatzen du webgunea]. Lanpostu bat kolokan gera daiteke. Diru iturri hori beste nonbait beharko dugu atzeman. Hala ere, ari gara negoziatzen prefeturako zerbitzuekin, eta arauaren indargabetzea nahiko genuke. Gure argumentua da euskarazko astekari gisa Euskal Herrian baino ezin dugula banatu gure kazeta, eta ez departamendu osoan. Momentuz, zaila izango da indargabetzea lortzea. Diputatu eta senatari batzuek—tartean UMPko Max Brissonek— Pariseraeraman dute gure gaia, baina itxaropen gutxi dugu bide horrekin. Euskararen Erakunde Publikoa ere ahaleginetan ari da.
Iraganean ere zailtasunak izan ditu Herria-k, baina beti egin duzue aurrera.
Bai, aldizkariak baditu 75 urte, eta une zailak bizi izan ditu. Baina handik edo hemendik lortuko dugu diru iturri berriak erdiestea. Edo gure lana moldatu egin beharko dugu diru gutxiagorekin. Gogoetak egiten ari gara administrazio kontseiluan. Lanpostu gutxi horiek, bederen, mantendu nahiko genituzke.
Bestalde, zaila da belaunaldi gazteek paperezko aldizkariak kontsumitzea, ezta?
Harpidetza kopuruan jauste bat dago emeki-emeki, adineko harpidedunak hiltzen ari direlako edo bestelako arazoak dituztelako. Eta ondoko belaunaldiek ez dute segida hartzen. Zailtasun handiak ditugu gazteen artean irakurle berriak aurkitzen. Arazo handia da hori. Bestalde, momentuz, paperari ematen diogu lehentasuna, ez baitugu nahi webguneak paperaren bizia arriskuan jar dezan. Irakurleak nola atxiki ez da kontu erraza: hori arazo dugu.
Iparraldeko euskarazko hedabideen elkarlanaz zer esango zenuke?
Funtsezkoa da hori. Ildo hori abiatu zenean, biziki poztu nintzen. Elkar osatzen dute komunikabideek; bakoitzak badu bere nortasuna, eta behar-beharrezkoa da elkarrekin segitzea. Aitzina jo behar dute euskal hedabideek, bide berriak urratuz.
Peio Jorajuria. 'Herria'-ko lehendakaria
«Gure lanpostu gutxi horiek mantendu nahi genituzke»
Legezko oharrak argitaratzeko baimena izan du 'Herria'-k 1983tik, baina baldintzak aldatu ditu Parisek, eta diru iturri bat gal dezake. Jorajuriak uste du zailtasunei aurre egin ahalko dietela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu