'Gure kasa' gazteentzako saioa emango du ETB1ek gauero

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren inguruko saio bat emango dute astelehenetan. Hilaren 20an, 'Izan invictus' 'reality'-a estreinatuko dute

ETBko aurkezle, aktore eta arduradunak, Gasteizen, atzo, denboraldi berriaren aurkezpenean. EITB.
urtzi urkizu
2017ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Ekainean amaitu zen ETB1eko Gu ta Gutarrak saioa, eta, haren tokian, gazteentzako beste programa bat estreinatuko du euskarazko kateak urriaren 2an: Gure kasa. New Media Euskadi eta Orio ekoizpen etxeek egingo dute, Gaztea irratiarekin elkarlanean. ETBk iragarri duenez, programak bi osagai nagusi izango ditu: batetik, Kutxa beltza espazioa, gazte batzuen bizitzari buruzko edukien; eta, bestetik, Saregileak, platora joango diren kolaboratzaile solaskideekin. Talentu lehiaketa bat ere egingo dute platoan. Gu ta gutarrak-en bezala, Julen Telleria izango da aurkezle nagusia —laguntzaile izango ditu Antton Telleria eta Ainhoa Etxeberria—. Astelehenetik ostegunera emango dute, 21:00etan. ETBren udazkeneko programazioaren berrikuntza nagusietako bat izango da, baina ez bakarra.

Gasteizen aurkeztu zuen atzo ETBk programazio berria, eta Edu Barinaga ETBko zuzendariak esan zuen denboraldia «lehiakorra» eta «interesgarria» izango dela. Nabarmendu zuen, halaber, «funtzionatzen duena» hobe dela ez ukitzea. Iaz harrera ona izan zuten bi saio itzuliko dira ETB1eko prime time-ra: Ur handitan —datorren asteartean— eta Herri txiki, infernu handi —urriaren 8an—. Hilaren 21ean, bestalde, Baskoniako historia bat dokumental saioaren atal berriak iritsiko dira.

Bi abentura reality edo lehiaketa estreinatuko ditu datozen asteetan ETB1ek: Izan invictus eta Gailurra Xtreme Perdido. Aurrenekoa Julian Iantzik aurkeztuko du, eta bertan munduko oztopo lasterketa gogorretan prestatuko dira lehiakideak. Hilaren 20tik aurrera emango dute, asteazken gauetan. Gailurra Xtreme Perdido, bestalde, iaz emandako Gailurra Xtreme saioaren egokitzapen berezia izango da. Ibon Gaztañazpi kazetaria lagun dutela, hamar abenturazalek GR11 ibilbidearen zati bat egingo dute, Pirinioetan —Higer lurmuturretik Monte Perdidoraino, zortzi etapatan—. Abenduaren amaiera arte itxaron beharko da saio hori ikusteko.

Askoz lehenago hasiko dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako kanporaketak, eta ETB1ek txapelketaren inguruko saio bat emango du urriaren amaieratik aurrera: Aulki-jokoa. Bertsozale elkartearekin elkarlanean egingo dute, eta astelehen gauetan ikusi ahalko da. Hitzetik hortzera saioak bere horretan jarraituko du, igande bazkalosteetan.

'3txulo' ETB1en ikusgai

ETB3 kateko 3txulo saioa —Baleukok ekoizten du— ETB1era pasatuko dute hilaren 18tik aurrera. Neska-mutikoentzako programa astelehenetik ostiralera emango dute, 07:00etan. Aurreko denboraldiko pertsonaiek eta tarteek jarraituko dute. ETB1eko arratsaldetan, aspaldiko partez, haurrentzako emankizun bat izango da: 3txulo Jokoan lehiaketa. Amaia Ruiz de Galarreta aktoreak aurkeztuko du, Luki azeriaren laguntzarekin. Haurrek askotariko sariak irabazteko aukera izango dute, egunero, 19:00etan.

Haurrek izango dute zer ikusi ETB1en udazken honetan; izan ere, urrian Go!azen telesailaren atal berriak iritsiko dira —denboraldi berriak hamahiru atal izango ditu—. Go!azen izango daETBren telesail propio bakarra, baina, denboraldi honetan, katalanezko Merli telesaila ere emango du ETB1ek, euskarara bikoiztuta.

Marka handia egingo du aurten Teknopolis saioak. Zientziaren, teknologiaren eta ikerketen erakustokia da saioa, eta aurki 20. denboraldiari ekingo dio.

Albistegiei dagokienez, Gaur egun-ek plato berria estreinatu du aste honetan. Bi kateetako albistegiek sintonia eta kareta berriak dituzte. Juan Carlos Etxeberriak asteburuan gaueko Teleberri aurkeztuko du, baina gainontzeko aurkezleak iazko berberak izango dira. Estibaliz Ruiz de Azuak 7 Días eztabaida saio berria aurkeztuko du ostiral gauetan ETB2n, hilaren 15etik aurrera.

ETB2k beste saio berri batzuk ere izango ditu denboraldi honetan: Juego de cartas lehiaketa gastronomikoa, A bocados sukaldaritza saioa —gaueko albistegiaren aurretik, astelehenetik ostiralera—, Vaya familia —Miriam Cabeza aktorea gidari, familien gorabeherak kamera ezkutuekin jasoko dituzte— eta Con la calle a cuestas erreportaje saioa —udako Como pez en el agua-ren ildo berekoa—. Historias a bocados saioak atal berriak izango ditu —Ander Gonzalez herriz herri ibiliko da, sukaldaritzarekin lotutako istorioak kontatzen—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.