Julen Telleria. 'Gu ta gutarrak' saioaren aurkezlea

«Gure gazteak gero eta mundukoagoak dira»

Sei neska eta sei mutil lehiatuko dira gaur Euskal Herriko «kuadrillarik jatorrena» osatzeko, ETB1ek gaztetxoak erakartzeko duen saioko finalean. Gazteen errealitatearen erretratu fidela da, Telleriaren arabera.

ETB.
Edu Lartzanguren.
2015eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
ETB1en gaztetxoak dira protagonista Gu ta gutarrak saioan. Gaur jokatuko da bigarren denboraldiko finala. Julen Telleria aurkezleak (Tolosa, 1990) azaldu du nondik nora ibili den saioa.

Zertan izan da ezberdina Gu ta gutarrak saioaren bigarren sasoia?

Lehen sasoiko gaztetxoek zabaldu zuten bidea, baina bigarrengoek bazekiten gutxi gorabehera nondik zebiltzan, eta joko handia eman dute. Beste era batekoa izan da jarrera: lehenengo sasoian, kuadrilla bat Jatorra eta besteari Satorra izatea egokitzen zitzaionean, jolas gisa hartzen zuten. Oraingoan, berriz, joko moduan hartu dute, eta lehia handiagoa egon da. Platoan egunero proba batzuk egin ditugu, eta puntuak eman ditugu: horrek grina piztu du, eta saltsa handia sortu du.

Bi sasoi aurkeztu eta gero, soziologiaz ondorioak ateratzeko moduan egongo zara. Nolakoak dira gaztetxo euskaldunak?

Euskal gaztetxoak gero eta mundukoagoak dira. Ez dakit garai batekoak nolakoak izango ziren, baina gure gazteek munduko beste edozein herrialdetako gazteek gogoko dituzten musika motak eta moda berak maite dituzte; antzeko bidetik jarraitzen dute, alegia, globalizazioaren eraginez. Erresuma Batuko, Ameriketako Estatu Batuetako eta Espainiako gazteen gustu berak ditugu, hein handi batean. Noski, gero baditugu berezitasunak, besteek bezala, herri honetan jaiotakoak garelako. Ez nuke esango euskaldunon ezaugarriak galtzen ari garenik, baina iruditzen zait besteenak geureganatzen ari garela.

Sexismo salaketen harira, bertan behera utzi zuten Cuadrilla busca cita saioa, eta haren jarraipen gisa ikusi zuten askok zure Gu ta gutarrak. Uxatu duzue haren itzala?

Saioarekin hasi behar genueneko lehen bileran argi eta garbi esan zidaten: «Julen, lasai, hau ez da Cuadrilla busca cita; guk ez dugu halako arazorik izango». Kuadrilletan sei neska eta sei mutil daude, eta denean aritu dira erabateko berdintasunean. Lehiakide baten generoa ez da inoiz irizpide gisa hartu jatorrena izendatzeko orduan, eta ez da inongo bereizketarik egin horren arabera. Halere, Twitterren irakurri dut oso saio «patriarkala» dela. Guk ez dugu inongo eredu patriarkalik ezarri. Saioaren planteamendua baino gehiago, parte hartzaileen jarrera kritikatu dute, antza. Baina hori kritikagileari galdetu beharko genioke.

Gaztediaren erretratu ona da zuen saioa?

Bai, eta errealitatearekiko erretratu leial samarra, gustatu ala ez gustatu. Noski, ez dugu esango Euskal Herriko gaztediaren lagin perfektua denik. Baina bada kalean topatuko dugun edozein gazteren adibide, nahiz eta halako saio batera etortzeko ero puntu bat ere behar den.

Gu ta gutarrak saioaren helburuetako bat izan da gaztetxoak ETB1 ikusten jartzea. Ba al duzu daturik horretan asmatu duela esateko?

Ikusle datu orokorrak ditugu, baina ez dakigu horietako zenbat diren nerabeak. Baina, zenbakiez harago, inguruan entzuten ditugunak daude. Asier Sarasuak Twitterren idatzi zuen: «Baliteke Gu ta gutarrak kaka zaharra izatea, baina lortu du hamaika urteko geure alaba eta haren gela guztia telebista saio bat euskaraz ikusten jartzea». Arrakasta izan du gaztetxo eta oso gaztetxoen artean, zalantzarik gabe. Aurrerapauso bat iruditzen zait horiek euskararen eremura ekartzea. Guraso askok esan digute seme-alabek Doraemon ikusteko adina gainditzen zutenean hutsune bat geratzen zela, eta orain, behintzat, badagoela aukera bat.

Zuzena al da telebista publikoak Tele5ko ereduari jarraitzea?

Harrigarria da zenbat ikusle dituen Tele5k hemen. Hori bada hemen jendeak ikusi nahi duena, euskarak eremu horretara jo beharko du. Telebista publikoan, dena den, ezin da edozein gauza onartu. Uste dut saio zintzoa egiten saiatu garela, Tele5koen aldean. Tarteka irristadaren bat izango dugu, baina ez dugu muturreko egoera edo hizkerarik onartu edo elikatu.

Nolakoa dator finala?

Aurrekoan baino estuago dator finala; gauzak ez daude horren garbi, eta askok ustekabea hartuko dute emaitzarekin. Tentsioa, barreak eta negarrak ziurtatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.