Komunikazioa. Euskal komunikazioa eta sare sozialak (XIV). Joxe Rojas. Topaguneko Hedabide Saileko sustatzailea

«Gure edukiak plataforma mugikorretan jarri behar ditugu»

Rojasek uste du euskaldunon sare fisikoaren tamaina abantaila bat dela.

BERRIA.
urtzi urkizu
Andoain
2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Teknopataren txokoa (www.teknopata.net) blogean idazten du Joxe Rojasek (Barakaldo, Bizkaia, 1971). Topagunean lan egiteaz gain, ETB3ko Nickdutnik saioan ere aritzen da, gidoilari.

Zuk eta zu bezalako teknopatek lortzen al duzue noizean behin deskonektatzea?

Bai, tarteka bai. Gorputzak noizean behin eguneroko zurrunbilotik irteteko eskatzen dit eta tartean behin lortzen dut. Baina egia da eguneko ordu gehienak pasatzen ditudala konektatuta.

Sare sozialen bitartez jende asko ezagutu al duzu?

Niretzat sare birtualak oso bide egokia izan dira harreman sare bat edukitzeko. Nire inguru fisikoa oso erdalduna da, eta espazio horrek euskaraz aritzeko aukera ematen dit.

Euskarazko komunikabideak nola ikusten dituzu kokatuak sare sozialen esparruan?

Gauzatxoak egiten ari dira, baina oraindik asko falta da gogoeta propio bat egiteko. Hedabide batzuk sartu dira sartu behar delako. Gure artean duten potentziala ikusi behar da, sare fisikoaren abantaila baitaukagu. Gazteleraz ari bazara, ez dakizu beste erdaldun hori nondik ari den. Hausnarketa propio bat egin beharko litzateke eta ikusi nola txerta daitekeen hedabideen funtzioarekin. Gauzak etorkizunari begira ez daude oso argi.

Informazio serioaz eta unean uneko albisteez gain, entretenimenduari eta sormenari ateak gehiago zabaldu beharko litzaizkieke?

Bai. Mundu anglosaxoian, adibidez, oso modan dago transmedia kontzeptua. Aukera ematen du entretenimendu produktuekin hartzaileei parte hartzeko. Gero eta lausoagoa da sortzaile-hartzaile muga. Eta hortik gauza interesgarriak irits daitezke.

Euskarazko produktuetan azkenaldian arrakasta lortzen ari den bat Argia.com-en Beranduegisaioa da. Lehiaketa bat ere jarri dute martxan.

Jendeari, zure proiektuan parte hartzeko, zeregin bat eman behar diozu. Lan handirik hartu gabe jendea proiektuaren parte egitea lortzen da horrela. Baina, agian, produkzio propioko pilula gehiago egotea falta da. Euskarazko materiala falta zaigu.

Entretenimendua aipatu dugula, nola sortu zenuen #sesisesi inkestaren kontua eta nola zabaldu zen?

Azaroaren 20aren bueltan, Espainian inkesta bat zabaldu zen, ea zein zen politikari sexiena. Gizonezkoen artean Iñigo Urkullu atera zen, eta grazia egin zidan. Iruzkin bat sartu nuen blogean. Eta konturatu nintzen erraza izango zela Interneten ari ziren euskaldunen artean sexienak zein ziren galdetzea. Istripu moduko bat izan zen. Kaixomaitia.com-eko Iñigo Arandiak arratsalde horretan bertan afari bat eskaini zuen irabazleentzat. Eta Josu Lezametak esan zuen polita litzatekeela gala bat antolatzea. Konturatu nintzenerako 200 lagunetik gora eman zuten botoa, eta beste buelta bat egon zen. Jaia ondo joan zen. Sare fisikoaren gertutasunak ematen du horrelakoak gertatzeko aukera.

Zeintzuk dira sareko komunitate baten arrakastaren gakoak?

Ikusi dudanaren arabera, jendearen artean giro ona baldin badago funtzionatzen dute horrelako gauzek. Bestelako esparruetan ere gertatzen da. Umorea eta ondo pasatzea funtsezkoak dira. Sare sozialetan zenbait jenderekin konektatuta zaude, eta babes moduko bat ere sentitzen duzu.

Euskarazko komunikabideetan ari diren kazetarien arteko harremanerako eta laguntzarako aukera onak al dira sare sozialak?

Esango nuke baietz. Gainera, iruditzen zait hedabideek ez luketela arautu behar sare sozialetan egoteko modua. Erredakziotik kanpo, kazetari bakoitzak Interneten duen bere saretxoak egiten dio ekarpena. Eta kazetariaren bidez hedabideari ere bai. Bidea ez da arauak finkatzea. Norberaren jarrerak ekartzen dio berez onura bat erakundeari.

Eta katalan eta galegoekin harremanak sakondu al daitezke?

Internetek leiho bat zabaltzen dizu etxeko gauzak kanpoan errazago erakusteko. Baina ez dakit praktikan gero horrek zer eragin duen. Informazio arloan eta kontzientzian eragin dezake, norberaren egoeraren berri ematea oso erraza delako.

3.500 tuitlari euskaldun inguru daude. Euskaldun gutxi ala asko gaude Twitterren?

Luistxo Fernandezek esaten du euskal inteligentsia eta maila intelektual bateko jendea falta dela Twitterren, eta ados nago. Kopuru aldetik esango nuke kopuru polit bat dagoela, baina aukera dago jende gehiago etortzeko. Ondo pasatzeko gogoarekin eta gauza dibertigarriak egiteko grinaz bagaude, garrantzitsua izango da euskaldun gehiago erakartzea. Gazte asko Tuentin daude, eta askok jauzia egingo dute gero Twitterrera.

Euskarak ezin du huts egin gailu teknologiko berrien trena, ezta?

Ni dagoeneko nabaritzen hasi naiz hutsuneak daudela tableta eta sakelako telefonoetan. Gero eta jende gehiago konektatzen da telefonoen bitartez. Hori horrela bada, gure edukiak plataforma mugikorretan jarri behar ditugu, web mugikor eta aplikazioekin. Kezka bat ere sortzen zait, sakelakoetan edukien kontrola gailu egileen menpe gelditzen delako; esate baterako, Appleren kasuan. Euskarazko edukiak Applerentzat azkenaren hurrengoak izango dira. Kontrola gugandik urrun dago, eta hori globalizazioaren alde txarren artean kokatuko nuke.Alor horretan gogoeta komun bat egin beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.