Onintza Enbeita. '48 ordu' saioko aurkezlea

«'Gure doinuak' bezala, saio hau niretzat opari bat izaten ahaleginduko naiz»

Donostiako Zinemaldiari lotuta '48 ordu Zinemaldian' egin eta gero, ostegunetik aurrera saio propioa izango du formatuak ETB1en. Gai jakin baten inguruan, 48 ordu pasatuko ditu Enbeitak.

EITB.
ainara arratibel gascon
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Telebistan aritzeko aukera sortu zitzaionean, Onintza Enbeitak (Muxika, Bizkaia, 1979) ez zuen espero halako ibilbide bat izango zuenik. Oraingo honetan, 48 ordu programa aurkeztuko du. «Eroso aritu nahi dut, eta disfrutatu», dio.

48 ordu programa egiteko erronkari nola heldu diozu?

Oso pozik, erronka polita delako eta berriro ere lantalde on batekin elkartu nautelako. Formatua nahigabe asmatu dugu. Zinemaldirako programa berezi bat egin behar zuen, eta pentsatu genuen: «Zergatik ez dugu 48 ordu Zinemaldian egiten». Hala egin genuen. Izugarri disfrutatu genuen grabatzen, eta aukera eman ditugu 48 ordu horien jokoan gai gehiago lantzeko. Orain formatuari neurria hartzen ari gara: gaiak nola jorratu, tonua. Beste bi atal jada martxan ditugu: 48 ordu Arantzazun eta 48 ordu erretiratuekin. Hortik aurrera, ikusiko dugu zein gai aukeratzen ditugun.

Beraz, esan daiteke ezustean sortu den programa dela?

Horrelako zerbait egiteko gogoa bazegoen. Baina ez genuen espero Zinemaldiko 48 ordu horiek izango zirenik aitzakia edo esperimentua. Ibiliak erakutsi digu aukera bat dagoela hor. Arantzazukoa, adibidez, oso polita geratzen da, eta hortik aurrera oso gai desberdinak eta askotarikoak lantzeko aukera izango dugu.

Formatua lantzen aritu arren, eroso al zaude?

Egia esan, bai. Nik elkarrizketak egiten beti gozatu izan dut asko. Kazetaritzatik ia gehien gustatzen zaidana da jendeari kontatzeko duena entzutea, eta programa honek horretarako aukera ere ematen dit. Bestalde, Gure Doinuak saioan off-eko ahotsarekin egiten nuen guztia: kamera aurrean egin behar dut orain, eta hasieran arraro egiten zitzaidan. Baina hori ere ikasten ari naiz.

Zer eman diezazuke programa honek zure ibilbidean?

Beste behin ere lantalde zoragarri baten parte izatea, eta gai horiek ikus-entzunezko erreportaje monografikoen bidez lantzeko ahalmena izatea.

Kasu honetan denbora gehiago egokituko zaizu platotik kanpo egotea, platoan bertan egotea baino. Erosoago sentitzen zara horrela?

Ez dakit zer esan. Platoa erosoa da, gonbidatuak horra doazelako. Baina kaleak gehiago harritzen zaitu, ezusteko gehiago izateko aukera egoten da, eta hori ere ederra da.

Onintza Enbeitaren alde serioa ikusteko aukera izango da programa honetan?

Gaiak lantzeko orduan lan kontrastatu eta sakon bat egiten ari gara. Alde horretatik, Onintza zorrotzago bat ikusiko da. Baina jasotzen ditugun testigantzen aldetik, programak ez du tonu serioa izango. ETBk baditu erreportaje saio ederrak tonu sendo eta serio batean egiten direnak; adibidez, Ur Handitan.

Gure doinuak aurkezten oso gustura ikusi zitzaizun. Oraingoan ere hala izatea espero duzu?

Beti esan dut eta esango dut Gure doinuak opari bat izan zela niretzat, bai lantaldeagatik, baita elkarrizketatzeko aukera izan nuen jendearengatik ere. Oraingoz, ez dirudi saio hori itzuliko denik, baina denborak esango du. Oraingo saio hau ere niretzat opari bat izatea ahaleginduko naiz, disfrutatzen eta eroso sentitzen.

Telebistan hasi zinenean espero zenuen halako ibilbide bat izatea?

Ez horixe. Nik kazetaritza ikasi nuen, baina telebistan aritzeko aukera izan nuenean, aukera hori nire burutik kanpo zegoen. Politikan ere aritua nintzen, 40 urte nituen. Baina horretan ari gara, etabitartean gozatu egin nahi dut.

Iban Garatek aktore lanak egin eta gero albistegiak aurkezten ditu orain. Ikusten duzu zeure burua halako zerbait egiten?

Albistegiak aurkezteko oso ondo komunikatu behar da, eta neutraltasunez egin. Albistegi aurkezlearena ez, baina pelikularen batean agerraldi txiki bat egingo nuke, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.